1968a urte bat da, baina baita utopiaren esanahiaren adierazlerik argienetako bat ere. Parisko adokinen artean piztu eta mundu erdira zabaldutako eztandak mundua aldatzea posible zela sentiarazi zion askori, inoiz baino argiago. Ilusio horrek borrokara eraman zuen belaunaldi oso bat, iraultza hatz puntekin ukitu zitekeela sinistuz. Garaipena, azkenean, ez zen posible izan, baina olatuak eragin sakonak ekarri zizkien orduko eta ondorengo belaunaldiei, baita Euskal Herrian ere. Gaur egun, oraindik, sinbolismoz blai ageri da urtea, bere lau zifrekin. Ordukoa ondorengoei nola kontatu izaten da, ordea, halakoen arazoa, Ur Apalategi Utriusque Vasconiae argitaletxeko kideak dioenez: «Nola transmititu belaunaldi baten bizipena hurrengoei?». Eta hark erantzuna: «Gehienez ere oroimenean gordetako adabaki batzuk nola edo hala elkarri josiz narrazio moduko bat osatzen saia gaitezke. Narrazioa da giltza». Iñaki Aldekoak bete-betean jarraitu dio Apalategik proposatutako bideari. Narrazio bat ondu du, 1968a ardatz duen sasoiko gertakari eta erreferente nagusiak elkarren artean lotuz. Atzo aurkeztu zuen 68ko belaunaldia saiakera, Donostian, Apalategi ondoan zuela. Eta autorearen beste lan batzuk bezalaxe, «ideien historiaren generoan» kokatu zuen editoreak Aldekoaren lana.
Zabala da 1968ko gertakarien ideia eta ikur isuria, baina, zehazte aldera, Euskal Herriko testuingurura ekarri nahi izan du Aldekoak orduan bizitakoa: «Nik nireaz, gureaz hitz egin nahi nuen, gure munduaz». Horretarako, edonola, mendebaldeko garaiko testuinguru orokorra fin aztertu du, «hemengo 1968 partikularra» ezin baita ulertu mundua aztoratu zuen giroa bere osotasunean ulertu gabe. Ulertu gabe, azken batean, orduko eferbeszentzia eta «talka ideologikoak».
Euskal Herriko 1968a, halere, 1968a baino dezente geroago jazo zen, Aldekoaren arabera. 1968an nolabaiteko «leherketa» izan zen gurean, Txabi Etxebarrieta eta Meliton Manzanesen heriotzekin, besteak beste, «baina oraindik urruti zegoen Parisko mugimendu horiek utziko zuten arrastoa. Arrasto hori trantsizioan iritsi zen gurera». Akaso horregatik idatzi du Aldekoak 1968ko belaunaldiari buruz, urte hartan «mutikoa» izanagatik, zuzenean bizi izan zuelako trantsizio sasoia, eta bizi izan zuelako, era berean, EHUko Zorroagako fakultateko giroa: «Zorroagan gutxienekoa zen klasea jarraitzea, baizik eta eztabaidatzea. Bete-betean zegoen Parisko espirituarekin lotua».
Hiru ataletan banatu du lana Aldekoak, hiru sasoi historikokontuan hartuta. 1960ko hamarkadako gertakariak eta aldaketak aztertu ditu lehenengoan, 1975ean bukatuz, «Aresti eta Francoren» heriotzekin batera. Trantsizioari eskaini dio liburuko bigarren zatia, eta aski modu esanguratsuan abiatu du atala, historia liburuetan kontatu eta irakatsitakoari aurre eginez: «Espainiako trantsizioa ez zen eredugarria izan». Hirugarren atalean, 90eko hamarkadatik aurrera jazotakoak bildu ditu, «postmodernitatearen izenean» izandako aldaketa kulturalak aztertuz, eta horiek Bilboko Guggenheim museoaren irekierarekin lotuz.
Kalentura eta desengainua
Aldaketa garaia izan zen, zalantzarik gabe, 1960ko hamarkada. Bata, Aldekoaren arabera, politikoa, «ETAk erabat markatua». Bigarrena, erlijioarekin lotua, «seminarioa utzi eta ETAren borrokan lerrotu» ziren gazteek gorpuztua. Eta hirugarrena, «kulturaren inguruan gertatutako eztanda». Azken horretan, Oteizaren Quosquetandem obrari jarri dio arreta autoreak, eta lan horrek «eragile gisa izandako garrantzia» aztertu du, Ez Dok Amairu eta halako mugimenduen aurrekotzat hartuz.
Gizarte ohituretan ere izan ziren aldaketak sasoi hartan. Aldekoak azaldu zuenez, «gaztetasuna 60ko hamarkadan asmatutako kontzeptu soziologiko berria» da, gazteak gurasoen autoritarismoaren aurrean errebelatu eta haien bizi ohiturak abian jartzen dituztenean sortua. Giro horren bila, Ramon Saizarbitoriaren Hamaika pauso eleberrira jo du Aldekoak, «trantsizioari buruz idatzi den nobelarik sendoena».
Trantsizioaz mintzo, hain zuzen ere, «Franco ohean hil» zela gogorarazi zuen Aldekoak atzeko aurkezpenean, eta borrokaren ezintasunarekin lotu zuen hura: «Pentsatzen dugu borrokak ezegonkortu zuela erregimena, baina Franco lasai hil zen, eta ez zen ezer gertatu ez hil aurretik, ez hil zenean, ez gerora».
Alde horretatik, 1968ko eta trantsizio garaiko giroaren «kalenturaz» mintzatu zen autorea, dena lor zitekeen uste zabalduaz, utopiaz eta errealitatearekiko talkaz. «Trantsizioko mozkorraldi hartan, hitz egiten zen gauzak eskura baleude bezala. Hori Parisen ere gertatu zen. Alegia, mundua aldatzen ari zen, eta horren zipriztin eta uhinak bizi genituen, mundu berri baten atarian bageunde bezala. Gero etorri zen desengainua, dena eskura egotearena amaitu zelako».
Hala, mozkorraldiaz gain, haren ajeaz ere idatzi du Aldekoak. Alegia, lortu nahi zenaren eta lortu zenaren arteko arrakalaz, iraultzaren eta erreformaren arteko talkaz. Olof Palme Suediako lehen ministroak esandakoak ekarri zituen atzo gogora: «Iraultzaren hurrengo egunean iraultzaileak erreformista bihurtzen dira». Eta halere, «ilusioa eta utopiaren» beharra nabarmendu zuen Aldekoak, «sikiera gauzak alda daitezkeela pentsatzeko. Tentsio horretan bizi gara».
Atzera begiratu eta 1968a bistaratzean, galdera bat planteatu ohi da: Benetako iraultza izan al zen, edota festa bat? Askotarikoak izan daitezke erantzunak, askotarikoak direnez bizipenak ere. Aldekoak, edonola, badu berea: «Ez nuke esango festa bat izan zenik, inondik inora».
Mozkorraldi bat, eta haren ajea
1968ko belaunaldiaren azterketa egin du Iñaki Aldekoak, Utriusque Vasconiaek argitaratutako saiakera liburuan.Parisen piztutako olatu hark Euskal Herrian zabaldutako uhinak azaldu ditu lanean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu