Wolfgang Amadeus Mozartek bizirik zela ezagutu zuen arrakastarik handienetako bat izan zen Die Entführung aus dem Serail (Bahiketa serrailoan), eta konpositorearen gustu erromantikoen eta gaitasun adierazkorren erakusgarri da opera, adituen hitzetan. OLBE Operaren Lagunen Bilboko Elkarteak asteburuan taularatuko du, Bilboko Euskaldunan. Elkarteak ekoitzi du lana, eta Jessica Pratt sopranoa, Moises Marin tenorra, Leonor Bonilla sopranoa eta Mikeldi Atxalandabaso tenorra arituko dira operako pertsonaia nagusien rolean, Wojtek Gierlach eta Wolfgang Vater baxuekin batera. Lucia Marin zuzendariak zuzenduko du Euskadiko Orkestra, eta Mariano Bauduin izan da ekoizpenaren arduraduna. Larunbatean jokatuko dute lehenengoz, eta emanaldi bat egingo dute 23an, 26an eta 29an.
1782ko udan estreinatu zuten lana aurrenekoz, Vienako Burgtheater antzokian, eta harrera ezin beroagoa egin zioten hala publikoak nola kritikak. Sasoi hartan ekialdeko kulturekin zegoen liluraren lekukotza ematen du lanak. Belmonte izeneko espainiar noble bat da protagonista, eta Turkiara egiten duen bidaia kontatzen du obrak: Bassa Selimen eskuetan preso geratu diren Konstanze emaztegaia, Blonde izeneko zerbitzaria eta Pedrillo izeneko laguna erreskatatu nahi ditu. Eta, hain zuzen ere, drama, erromantze eta abentura uztartze hori da publikoari hain erakargarri egin zitzaizkion elementuetako bat.
Arintasuna eta drama
Singspiel izeneko opera azpigenero germaniarraren barruan kokatzen dute adituek Mozarten lan hau. Eta uztartzea du ezaugarri nagusi. Opera estilo horretan, tartekatuta joaten dira zati kantatuak eta zati errezitatuak, eta, bestalde, uztartu egiten dira opera bufoaren eta opera serioaren elementuak ere.
Erlojupean sortu zuen opera Wolfgang Amadeus Mozartek Bahiketa serrailoan. Josef II.a austriar enperadoreak enkargua egin, eta lana burutzeko bi hilabeteko epea baino ez zuela izango pentsatuz hasi zen konposatzen. Motibo bat edo bestea zela izandako atzerapenek arnasa pixka bat gehiago eman zioten gero, eta, horri esker, aukera izan zuen Gottlieb Stephanie libretoaren idazleari hainbat aldaketa proposatzeko. Testua musikaren mesedetan jartzea baitzen Mozarten asmoa.
Opera sortzen ari zen bitartean idatzitako eskutitzetan biltzen dira konpositorearen hitzak. «Opera batean, poesia, orokorrean, musikaren meneko alaba izan behar duela esango nuke. Zergatik dira italiar opera komikoak ezagunak toki guztietan, haien libretoak hain miserableak diren arren?... Musika delako erregina nagusia, eta batek entzuten duenean, gainontzeko guztia ahaztu egiten da. Opera batek arrakasta ziurra izango du istorioa ondo egina dagoenean, hitzak soilik musikarako idatziak, eta ez hemen eta han sartuak erritmo kaskar batera egokitzeko».
OLBEk maiz taularatu ditu Mozarten lanak, eta aurrez ere emana zuen Bahiketa serrailoan obra. Duela 29 urte egin zuten azkenekoz, 1995ean. Oraingoan, Nicola Rubertellik egin ditu eszenografia lanak, Luigi della Monicak argi diseinua, eta Odette Nicolettirenak dira arropak. Eta Bilboko Opera Koruak ere hartuko du parte, Boris Dujinek zuzendurik.