Mozart mende honetan

Opus Lirica konpainiak 'Requiem' obraren egokitzapena estreinatuko du gaur eta bihar Kursaalean. 'Krump' dantzak egingo dituzte oholtzan

Mozarten Requiem obraren egokitzapenaren entsegua, atzo, Donostiako Kursaalen. GORKA RUBIO / FOKU.
Gorka Arrese.
Donostia
2021eko maiatzaren 1a
00:00
Entzun
Opera denboraldiaren barnean, Opus Lirica Donostiako konpainiak Wolfgang Amadeus Mozarten Requiem obraren eszenarako bertsioa estreinatuko du gaur eta bihar, 19:30ean, Kursaaleko auditoriumean. XXI. mendeko ikus-entzuleentzat egokitutako proposamen bat da, Militia Raw Iruñeko dantza taldearen parte hartzearekin. «Proiektu berritzailea da eszenografia diseinuz Requiem taularatzea», adierazi dute antolatzaileek.

Pablo Ramos eta Carlos Crooke dira eszena arduradunak. Militia Raw taldeak krump dantza urbanoak egingo ditu. Iker Sanchez Silva da orkestra zuzendaria, eta Alain Aierdi da abesbatzaren zuzendaria. Borja Rubin?osek joko du pianoa. Kantariak dira: Ainhoa Garmendia (sopranoa), Lucia Goomez (mezzosopranoa), Ben?at Egiarte (tenorra) eta Cesar San Marti?n (baritonoa).

Opus Lirica konpainiaren egokitzapenak Apokalipsiaren lau zaldunen irudiak dakartza: gosea, izurritea, gerra eta heriotza, nahiz eta kaosa eta suntsipena eragiten duten zaldun horien aipamen zehatzik ez duen egiten Mozarten jatorrizko lanak.

«Bizi dugun pandemiak eragin duen katarsiak zalantzan jartzen ditu gizateriaren ekintzak», Opus Lirica konpainiaren ustez, «eta gizakia eta bere ekintzak aurrez aurre jartzearen beharrari erantzuten dio Requiem-ak». Diotenez, «Mozartek duela bi mende baino gehiago konposatutako jatorrizko mezak bezala, bakea eta barkamena aurkitzeko balio behar luke, balio etiko eta moralen aldaketa eta berrikuspena egiteko».

Eliza katolikoaren zerbitzu erlijioso nagusiari dagozkion atalak eta egitura mantenduko ditu obra musikalak, eta eszenan izango dira egokitzapenak, sinboloz eta metaforez beteak. Itxarongela baten modukoa da oholtzako espazioa. «Purgatorioa ez da leku abegikorra eta atsegina. Plataforma batek, eskuinetik ezkerrera zeharkatuz, bitan banatzen du eszena; zailtasuna sinbolizatzen du, oztopoak eta arazoak. Kateek loturak eta askatasun falta iradokitzen dituzte. Eta aulkiek, berriz, aurrera ez egiteko tentazioa, geldirik egotera gonbidatzen duten arrazoiak». Krump dantza moldeak irudikatuko ditu gizakiak aldatzeko dituen tresnak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.