Mozambiken ikusiak oinarri

Miren Amurizak 'Kapulana bat zintzilik' estreinatuko du urrian Berrizen.Testuak, bertsoak eta irudiak batzen dira ikuskizunean

Josu Urrutia (Mundukide), Amuriza eta Marta Agirrezabala (Lanku). JON URBE / ARP.
Juan Luis Zabala
Donostia
2015eko irailaren 27a
00:00
Entzun
Mozambikera egindako bidaia batean oinarritutako testuak eta bertsoak idatzi ditu Miren Amuriza bertsolariak, Mundukide gobernuz kanpoko erakundearen enkarguz sortu duen eta urritik aurrera herriz herri eramango duen ikuskizunerako oinarri nagusi gisa: Kapulana bat zintzilik. Ikuskizun horretan, berak idatzitako testuak irakurri eta bertsoak kantatuko ditu, atzean Eider Eibarrek beren-beregi ikuskizunerako sortutako irudiak proiektatzen diren bitartean. Mundukidek bere sorreraren hamabosgarren urteurrena ospatzeko eratu duen argazki erakusketa dagoen lekuan egingo du beti emanaldia Amurizak. Lehen saioa, estreinaldia, Berrizko (Bizkaia) kultur etxean izango da, urriaren 8an, 20:00etan; erakusketa hiru egun lehenago irekiko dute leku berean, urriaren 5ean, eta urriaren 11 arte izango da zabalik. Aurrerago, Oñatin eta Aretxabaletan (Gipuzkoa) izango dira hala erakusketa nola ikuskizuna.

«Erakusketan argazkiak daude, datuak daude, baina esan zidaten horretaz gain jendearengana beste modu batean iritsiko zen beste zerbait nahi zutela», azaldu du Miren Amurizak Kapulana bat zintzilik aurkeztean. «Mozambikera joateko proposamena egin zidaten, eta hortik aurrera libre nintzen nahi nuena egiteko».

Mozambikera joan aurretik, hango jende zaharrarekin elkartu eta haien hitzak grabatzeko asmoa zuen Amurizak. Hango antzinako kondairak eta kontakizunak jaso eta haietan «hitz egiten zuten elefanteak, baobabak, euriari dei egiteko dantzak» eta gisakoak aurkituko zituela uste zuen. «Beste alde batetik, gai potoloak aukeratzeko asmoa nuen: postkolonialismoa, feminismo afrikarra, giza eskubideak... Hirugarrenik, bertsoa zegoen. Askotan esaten didate oso sentikorra naizela, eta pentsatu nuen egingo nituela bertso batzuk nire hain ohikoa den sentiberatasun horrekin. Ekuazioa perfektua zen: mistika apur bat, politika apur bat eta sentimendu batzuk, eta horrekin aterako zitzaidan emanaldia».

Ikuspegi aldaketa

Baina bi egun Mozambiken asko izan zituen konturatzeko aurretik pentsatua zuenak ez zuela ez hanka eta ez buru. «Orduan, berriz zerotik hasi nintzen, bertan eraikitzen zer egin gura nuen».

Horraino iritsita, oinarrizko hiru irizpide ezarri zizkion bere buruari, eta «iraganari buruz ez hitz egitea» izan zen lehena. «Oso arrazoi sinple bategatik: hango jendeak ez dauka guk daukagun denboraren ikuspegi hori. Bizi dira gaur eta hemen. Zer moduz dagoen galdetuz gero, hango bizilagun batek erantzungo dizu aste horretan zer eguraldi egin duen, edo, gehienez, urte horretako uzta nolakoa izango den. Hortik atzeragokorik ez daukate euren bizibide pertsonaletan. Beraz, ezin nintzen iritsi euren antzinako sineskeretara; eta aurrera begira beste horrenbeste, ez baitaude gu hainbeste itotzen gaituen gurpil horretan. Orainean bizi dira, eta nire emanaldiaren lehenengo ardatz horretan oinarrituko nuela erabaki nuen».

«Afrikari buruz ez hitz egitea» izan zen bigarren irizpidea. «Hori da askotan egiten dugun beste gauza bat. Herrialde bat ezagutu dugunean, edo are herrialde bateko eskualde bat, lizentzia ematen diogu geure buruari kontinente oso bati buruz hitz egiteko: kontinente zaharra, handia, idilikoa... gure hutsune guztiak bertan betetzen ditugu. Nire bigarren premisa, beraz, izango zen ez nuela Afrikari buruz hitz egingo, oso arrazoi sinpleagatik: ni Mozambiken egon naizelako, eta Mozambike ere ez dudalako osorik ezagutu; soilik eskualde bat. Emanaldian, beraz, Mozambikeri buruz hitz egingo dut, ez Afrikari buruz».

Hirugarren eta azken oinarria izan zen testuetan eta bertsoetan argumenturik ez ematea: «Erabaki nuen ez nuela argumenturik eman nahi; ni ez naizela joango herriz herri argumentuak ematera inor ezertaz konbentzitzeko eta inori ezer azaltzeko. Horregatik, aukeratu nuen testu generoa izan zen deskribapena. Ahalik eta modu zehatzenean saiatuko naiz deskribatzen ikusi dudana eta bizi izan dudana, eta gero hortik bakoitzak aterako ditu bere ondorioak eta iritziak. Baina nik ez diot argumenturik emango».

Ikuskizunari izenburua jartzea ez zen lan erraza izan Amurizarentzat. «Zalantza izan nuen hitz ezezaguna delako kapulana», azaldu du. «Kapulanak Mozambikeko emakumeek erabiltzen dituzten oihal batzuk dira, handiak, koloretsuak, eta erabilera anitzekoak: gona moduan, zapi moduan, manta modan, umea batzeko, janariak eramateko, gortina moduan, mantel moduan... Nik ere gai desberdinak hartu ditut: hizkuntza, haurtzaroa, emakumea, lurra, nekazaritza, kooperazioa, aurreiritziak... Nire lana oihal hori zintzilik jartzea izango da, libre, jendeari erakustea, eta gero bakoitzak ikusiko du zer hartu eta zer ez».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.