'Motomami' batek mundua astindu du

Rosaliak 'Motomami' diskoa argitaratu du, bere ibilbideko hirugarrena eta AEBetan egin duen lehenengoa. Ospeari, sexuari, jainkoari eta flamenkoari buruz abestu du, besteak beste, eta pieza bakoitzarekin zabaldu du bere musikaren eitea.

Rosalia, Motomami diskoa argitaratu berritan. JAVIER LIZON / EFE.
Andoni Imaz
2022ko martxoaren 27a
00:00
Entzun

Bihar beteko dira hiru urte Rosaliak Con altura kanta argitaratu zuenetik J Balvinekin. Urte erdi ere ez zen igaro El mal querer diskoa kalean zenetik, eta lehen urratsa egin zuen bere ibilbideko abentura berrian, beti koska bat gorago. Horren ondoren, bakarkako abesti batzuk eman zituen —Aute cuture, Fucking Money Man single bikoitza, A palé, Juro que, Dolerme—, eta zenbait kolaborazio entzutetsu: Yo x ti, tú x mí Ozunarekin, TKN Travis Scottekin, Lo vas a olvidar Billie Eilishekin, La noche de anoche Bad Bunnyrekin... Nagusiki reggaetona, Ameriketara begira; Atlantikoa zeharkatu zuen gailurrera igotzeko. Anbizioa ikur hartuta, Rosaliak (Bartzelona, 1993) Motomami argitaratu du orain, bere hirugarren diskoa.

Asteon, abeslariaren intuizioa Beyonce eta Kanye Westenaren pare jarri dute The New Yorker aldizkarian; izan ere, erakutsi du gai dela pop musikaren arauak nahierara bihurritzeko, eta lortu du nahikoa eragin izatea munduaren arreta bereganatzeko eta entzuleak harritzeko. Artista oso gutxiren lanei egiten zaie gaur egun Rosaliaren kantei eta bideoei adina kasu.

Motomami hamasei kantako disko bat da, Sonyren Columbia zigiluak atera duena; eta motomami jarrera bat da, energia bat, artistaren hitzetan —melodia itsaskorrak ez ezik, asmatutako hitzak ere aise hedatzeko gai dela erakutsi du berriro—. Sare sozialetan eman zuen definizio sorta bat: «Motomami batek atsegin handiz txikitzen ditu bere aurreko lanak hurrengoei bide emateko»; «motomami bati ez zaio axola eskuak zikintzea motorra doitzeko»; «motomami batek beste motomamiak zaintzen ditu».

Azken finean, Motomami Rosaliaren etengabeko itxuraldatzearen beste fase bat da, orain arteko arrakastatsuena, diskoak harrera beroa izan baitu. Eta, oraingoan, tximeleta aukeratu du aldaketa irudikatzeko: «Una mariposa/ yo me transformo» (Tximeleta bat/ eraldatu egiten naiz), kantatu du Saoko-n, diskoa abiatzen duen abestian. Benetan, gainera: urrezko tximeleta bat ipini du ebakortzen artean.

Rosaliaren musika aldatu egin da aurreko lanetatik, baita azken trantsizio boladako reggaeton horretatik ere; Los Ángeles eta El mal querer diskoen biribiltasun kontzeptualarekin kontrastean, non elementu guztiak kontakizun baten arabera ezarri baitzituen, Motomami soinu berrien bila hedatzen da kanta bakoitzean.

Hain zuzen, horregatik da abiapuntu adierazgarria Saoko, reggaetonaren aldarrikapen bat delako —Wisen eta Daddy Yankeeren Saoco-ri keinua (2004)—, baina «fuck el estilo» (pikutara estiloa) abesten duelako, erritmo indartsu horiek jazz eta techno kolpeekin etenez. Candy da diskoko bigarren kanta, reggaeton leunagoa —beste keinu bat: Plan Bren Candy (2013)—, Burialen Archangel kantaren melodia moldatuta. Jatorrira itzultzeko bi bide.

Flamenkoa ere badago Motomami-n, Bulerías kantan; Lola Floresen La niña de fuego izengoitia ere aipatu du. Garbi adierazi du bere izaera nolakoa den: «Soy igual de cantaora/ con un chándal de Versace/ que vestiíta de bailaora» (Flamenko kantaria naiz txandalarekin/ flamenko jantziarekin bezainbat). Berriro ageri dira abeslariaren jatorria, erroak.

Motoak eta amak

Etxekoak gogoan zituela idatzitako G3 N15 abestia diskoko berezienetako bat da. Genis iloba gazteari eskaini dio, AEBetan igaro dituen bi urteetan ez duelako harekin egoterik izan. Amonak bidalitako ahots mezu bat sartu du, gainera.

La fama, diskoko lehen singlea, bachata arin bat da. The Weeknd kanadarrak abestu du, gaztelaniaz, Rosaliak pasarte flamenkoak egiten dituen bitartean. Nolanahi ere, berak AEBetako Saturday Night Live telesaioan erakutsi zuen ez duela inoren beharrik kanta zuzenean emateko.

Diskoaren aurretik atera zituen Chicken Teriyaki eta Hentai ere. Batak motoei egiten die erreferentzia, diskoko elementu nagusietako bati, izenetik hasita; eta bestea elektronika zaratatsuan lehertzen den kanta ezti bat da. Interneten zalaparta eragin zuten sexuaz idatzitako hitz bitxiek. «Emakume bat sexualitateaz aritzeak ezinegona sortzen du; uste nuen Madonnak eta Bjorkek egin zutela bidea», erantzun zuen.

Abesti batek baino gehiagok dute emakumeen ahalduntzearen aldeko mezuren bat, amaren irudiaren inguruan eratua, izenburura itzulita.

Sakura balada da diskoko azken kanta. Udaberriaren sinbolo bat aukeratu du, Japoniako gereziondoaren lorea, bizitzaren iragankortasunaren irudi gisa, bere artista lana ere aldarrikatzeko. «Inoiz ez dit inork agindu; beti erabaki dut dena sortzen dudan musikaz», esan zuen Rosaliak La Vanguardia-n egindako elkarrizketa batean.

Musikariak momentuko gogoetak jaso ditu diskoan, eta eguneroko bizimoduaren eta forma jasoen arteko elkarrizketa bat sortu du, ospearen alde makurrak erakutsiz, beti fribolitatearen mugan. Hala, itxuraz kontraesana dirudien zerbait egitea lortu du Motomami-rekin: erroetara itzulita, bere lanik globalena egitea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.