Motoak eta gurutzeak

'Moto- Membra Jesu Nostri' kontzertu eszenifikatua estreinatuko du bihar Bilboko Arriaga antzokiak, Bieteritx Buxtehuderen musikarekin eta Eneko Sagardoik sortutako testuarekin

Moto- Membra Jesu Nostri obrako lan taldea: Pau Auli, Eneko Sagardoi, Lucia Astigarraga eta Andoni Sierra. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU.
Inigo Astiz
Bilbo
2022ko urriaren 6a
00:00
Entzun
Bilboko Arriaga antzokian Erresuma/ Kingdom/ Reino antzezlanaren emanaldia zeukaten igande batez, lagun baten heriotzaren berri izan zuen Eneko Sagardoi aktoreak. Motoa gidatzen ari zela istripua izan, eta hil egin zen, 30 urte ingururekin. Emanaldia egin, birarekin jarraitu, aurrera segi, hilabeteak joan, eta lagun haren heriotza hartu du orain hilaren 14an Bilboko Arriaga antzokian estreinatuko duten Moto- Membra Jesu Nostri piezarako idatzitako testuaren abiapunturako. Erdi kontzertu eta erdi antzerki bat izango da emanaldia. Deiteritx Buxtehuderen Jesusen gorputzari buruzko kontzertu barrokoa eta Sagardoiren antzezlana uztartuko ditu saioak. Lucia Astigarragak zuzendu du lana, eta, Sagardoirekin batera, oholtzan izango dira Conductus Ensemble taldeko musikariak ere, Andoni Sierraren gidaritzapean. Latinez joango dira kantuak, eta testuak, berriz, erdiak euskaraz eta erdiak gazteleraz, euskarazko azpidatziekin.

Abiapuntua lagunaren heriotza da, ordea. Sagardoik azaldu duenez, taularatuko duena ez baita zehazki hari eskainitako testu bat izango, hari gertatutakoak piztutako bestelako lan bat baizik. Galderak izango ditu ardatz, eta bi gizonen arteko maitasun istorioa kontatuko du: ustez motoan zihoala hil da bata, eta hura gogoratuko du besteak eszenan. «Zenbateraino hitz egiten dute gure gorputzek gutaz? Pertsonaren zerbait geratzen al da haren gorpuan? Zer gertatzen da gutaz elkar maite izan dugun leku horietan? Inork ez du zure berri izango, inork ez du nire berri izango, inork ez du gure berri izango. Forentseak etzanda zauden errepideari galdetuko balio, badakit nire izena xuxurlatuko lukeela».

Nobela baten egokitzapena egitea zuten burutan hasieran, baina ezetz esan zion Calixto Bieito Arriaga antzokiko zuzendariak: «Ez al duzu, bada, idazten, ba idatzi zuk». Sagardoik onartu, eta Astigarragak proposatuta jo zuen gero hildako lagun haren memoria eta bizipenetara. Gero, hortik, «distantzia hartu», eta gaur taularatuko duen testua sortzeko.

Sagardoik bere izen-abizenez bakarrik sinatutako lehen testua izango da hau, eta aitortu du «ardura» puntu bat horregatik, baina lana ez zaio erabat arrotza egin. «Aktore ez ezik, sortzaileak ere bagara, eta beti egoten da berridatzi beharreko testu zatiren bat, edo eszenarako materiala sortzeko egin beharreko inprobisazio saioren bat, eta, beraz, ez zait antinaturala egin».

Emaitzez harago

Arriaga antzokiak ekoitzi du ikuskizuna, eta haren ausardia laudatu du Sagardoik. «Ikaragarrizko zortea da guretzat, noski, baina baita ikusleentzat ere, horrelako toki handi eta dotore batek sorkuntzari eta esperimentazioari halako lekua uztea, eta ez emaitzei bakarrik begira egotea».

Dieteritx Buxtehude germaniar-daniarrak 1680. urtean konposatu zuen Membra Jesu Nostri kontzertua, eta Jesusen gorputza du ardatz, zazpi mugimendutan: oinetatik hasi, eta belaunetara, eskuetara, saihetsetara, bularrera, bihotzera eta, azkenik, burura. Musika germaniarrak XVII. mendean izan zuen garapena ulertzeko «funtsezko» obra da Buxtehuderena, adituen hitzetan, baina, musika zuzendariak onartu duenez, ez da oso ezaguna publiko zabalarentzat. Haren edertasuna nabarmendu du, halere.

Sierrak berak zuzenduta, Conductus Ensemble taldeak CD formatuan kaleratu berri du Buxtehuderen obra biltzen duen zuzenekoa, IBS Classical zigiluarentzat, eta lan hori dago gaur taularatuko duten proiektuaren muinean. Musika izan baita oinarria, eta musika hori publikoaren aurrean jartzeko asmatu baitute gaurko formatua. «Berez, Buxtehuderen musika ez dago eszenan jotzeko idatzia», onartu du Sierrak, «baina, proposamena ikustean, iruditu zitzaidan ikuspegi berri bat eman ahal geniola lan eder honi».

Sierraren hitzetan,«testuingururik gabe» geratu izana da gaur egun antzinako musikak eta musika klasikoak duten «arazoetako bat». «Musikak zentzu batean puntu bat galtzen du jendearen eguneroko bizitzatik apartatzen denean». Eta, kasu honetan, Sagardoiren testuak beteko du lan hori. «Bi elementuen arteko elkarrizketa hori aberasgarria da baita musikarentzat ere».

Guztira, hamabost ahots eta 11 instrumentista izango dira hilaren 14an Arriagako agertokian, eta bost bakarlari haien artean: Jone Martinez eta Lucia Gomez sopranoak, Leandro Marziotte altua, Aitor Garitano tenorra eta Jesus Garcia Arejula baritonoa.

Astigarragak eta Sagardoik aspaldi ezagutzen dute elkar, eta elkarrekin aritu ziren Erresuma/ Kingdom/ Reino antzezlanean. Aktore izateaz gain, Astigarraga maiz aritu da Bieitoren zuzendari laguntzaile lanetan, eta iaz, esaterako, Teater Aachen-en Carmen operaren muntaketa zuzendu zuen. Eta, Astigarragak esan duenez, aspaldi zebilen Sagardoirekin batera zerbait egin nahian, eta pozik azaldu da, azkenik horretarako aukera izan dutelako.

Arriaga, «bere gordinean»

Soila izango da taularatzea, Astigarragak azaldu duenez. «Arriaga ikusiko da bere gordinean». Moto bat baino ez da egongo eszenan, eta, hain justu, protagonismo guztia musikari emateko hartu dute erabaki hori. Formalki, gainera, goitik ikusita, motoak ere gurutze bat irudika dezakeela gogorarazi du zuzendariak.

Bihar zortzikoa izango du emanaldi bakarra. Oraingoz behintzat. Lan taldeak azaldu duenez, pozik egingo lituzkete saio gehiago, aukera suertatuko balitz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.