«Iritsi da», esan du Nafarroako Bertsozale Elkarteko lehendakari Nerea Bruñok. «Hemen bertan, Anaitasuna kiroldegian jokatuko da 2023ko Nafarroako Bertsolari Txapelketako finala», elkarteko koordinatzaile Ander Perezek. Ez batak ez besteak esandakoek ez dute eman aurrez jakina ez zen pistarik, baina gauza bat bistaratu dute: eguna hurbil da. Abenduaren 2an jokatuko da finala, 17:00etan hasita, eta bertsolari hauek izanen dira kantuan: Eneko Lazkoz (Etxarri Aranatz, 1983), Joanes Illarregi (Leitza, 1999), Josu Sanjurjo (Lesaka, 1993), Julio Soto (Iruñea, 1987), Saats Karasatorre (Etxarri Aranatz, 1992), Saioa Alkaiza (Iruñea, 1991), Sarai Robles (Barañain, 1996) eta Xabat Illarregi (Leitza, 2001). Alaitz Rekondo Ferrerok jantziko dio txapela irabazleari. Elkarteko lehendakaria izan da 2011tik 2023ko otsailera arte, eta gai jartzaile da.
Ikusi gehiago
Iragan urriaren 7an txapelketa abiatu zenez geroztik saioz saio bistaratu den ondorio bat azpimarratu du Bruñok: «Nafarroako bertsolaritza sendo eta osasuntsu dago». Orain arteko saioetan 1.700 entzule baino gehiago bildu ditu txapelketak, eta 2.000 lagunetik gora espero dituzte finalean. Gainera, aurtengo finalistek osatzen duten argazki «plurala» nabarmendu du lehendakariak.
Askotariko izenak eta izanak
«Interesgarria da nola aldatu den argazkia», berretsi du Eneko Lazkozek, finalari begira daukan aldarteari buruz galdetuta, eta iradoki du, gainera, mailan ere izan dela aldaketarik: «Hobera egin du». Bestalde, ilusioz aitortu du «bereziki pozik» dela herrikide bat ere izanen duelako oholtza berean: Karasatorre. Zortzigarren finala du Lazkozek aurten, eta anbizioz da kantatzekoa. «Gogotsu nago, orain arte behetik gora egiten ari naizela iruditzen zaidan bide batean pixka bat gorago ailegatzeko gogoz», azaldu du. Gorago hitza ahoskatu, eta susmo bat ez ote zaien piztu ingurukoei: gorago egitea txapela irabaztea ez ote den Lazkozentzat. Iragan hiru finaletan, azkeneraino lehiatu da, buruz burukoetara sailkatuta, baina garaipenak hiruretan egin dio eskapu.
Joanes Illarregi hirugarrenez ariko da finalean, eta hiru hitzekin laburbildu ditu aurtengo saioari begira barrenean piztu zaizkionak: «Poza, ilusioa eta gogoa». Anbizioz arituko dela iragarri du berak ere. «Ahalik eta saiorik hoberena egin nahi dut». Gainera, sinetsia omen dago bertsoaldi ederrak uzteko moduko zortzikotea osatzen dutela finalistek. «Talde bikaina da». Bestalde, txapelketako aurreko saioei begira, azpimarratu du azken asteotan bertsolaritzaren sasoi «osasuntsua» islatu dela, garbi. «Adierazgarria da ze ikusle kopuru handia izan den aurreko saioetan. Poza ematen dit horren guztiaren parte izateak». Azaroaren 19an Lesakan eginiko finalaurrekoa irabazita ailegatu da finalera Illarregi. Saio hori herriko kultur etxean egitekoa zen, baina, sarrerak hain laster bukatu zirenez, lekuz aldatu, eta pilotalekuan egin zuten azkenik.
Lesakako saio hartan kantatutakoei esker sailkatu zen Josu Sanjurjo ere, sorterrian. Abenduaren 2koari nola begiratzen dion galdetuta, umorez erantzun dio arestian Lazkozek esaniko kontu bati. «Etxarriko bi zaretela aipatu duzu. Aurten ni naiz Lesakako bakarra finalean, eta erran beharra dago presio puntu bat sentitu nuela finalerdietan». Aitortu du oso pozik dela berriz ere finalera iritsita –bigarren finala du; 2021ean sailkatu zen aurrenekoz–. Halaber, azpimarratu du «hautagai ugari» daudela txapela lortzeko. «Uste dut horrek ematen diola halako morbo bat finalari».
Zortzien artetik, Julio Soto da finaletan arituena: hamaikagarrena izanen du aurten, eta bost alditan izan da txapelduna. Memoria freskatu, eta estreinako aldiz sailkatu zenekoa ekarri du gogora: 2006an izan zen, Elizondoko Lur dantzalekuan. «Nafarroako bertsozaletasunean salto handia izan da ordutik, eta aldaketa hori oholtzatik ikusteko zortea izan dut», azaldu du. Gainera, nabarmendu du oholtzaren gaina ere nabarmen aldatu dela, «izenez eta izanez», eta sinetsia dago datorren asteko finala «inoizko maila altuenekoa» izan daitekeela.
Finalisten «izenak eta izanak» aldatzeari loturik, Saioa Alkaizak bi alderdi nabarmendu ditu batik bat. Batetik, finalisten jatorria: «Adibidez, Iruñerriko hiru bertsolari gaude finalean, eta horrek erakusten du bertsolariaren profila hegoaldetzen ari dela. Bertsolaritza sortzen eta errotzen ari da gurean, horren euskalduntzat hartu ez diren zonetan, gaizki deituriko eremu mistoan». Bestalde, generoari heldu dio. Azken hamazazpi urteetan estreinakoz, bi emakume dira finalean, baina datu horri zorrotzago begiratu beharra nabarmendu du: «Zortzitik bi gara, ez da pozteko moduko zerbait». Hala eta guztiz ere, adierazi du «gogotsu» dela finalerako. «Zorrotz eta argi» aritu nahi du, batez ere. Bigarren finala du; 2021ean txapeldun izan zen.
Atzera ere, Xabat Illarregi izanen da finalean taularatuko direnen arteko gazteena. 22 urte ditu, eta hirugarrenez lehiatuko da txapela eskuratzeko. Dena dela, aitortu du «zaila» dela finaletara ohitzea. «Denek edukiko dugu tentsio puntu bat, eta, gainera, oso irekita ikusten dut finala. Ez dut faborito argirik ikusten», adierazi du. Bestalde, nabarmendu du zortzi bertsolariak «talde bezala» aritu beharko dutela, baldin eta final on bat egin nahi badute.
Estreinako aldiak
Saats Karasatorre eta Sarai Robles lehenbiziko aldiz ariko dira final batean. Edonola ere, gaur-gaurkoz, aldarte aski diferentez egiten diote so egunari. «Urduri samar nago», aitortu du Karasatorrek. «Baina uste dut ilusioa ere badudala hor nonbait gordeta, eta atera nahiko nuke, ahal dela, finala baino lehen». Esaldi hori ahoskatu eta segituan aditu da herrikide Lazkozen xuxurla, babesa adieraziz: «Aterazak ba!».
Oso bestelako sentipena du Sarai Roblesek. «Oso pozik nago; oraindik ez naiz urduritasun fasean sartu», kontatu du, alai. «Oraingoz, ilusioa dut. Nire helburua da finalak gain ez hartzea eta gozatzea». Bestalde, orain arteko ibilbidean hurbil izan dituenak ekarri ditu gogora. Besteak beste, Barañaingo bertso eskolari eskaini dizkio esker hitzak. «Bidea ez dut bakarrik egin».