Zinema estreinaldiak

Moraltasunaren eremu grisak

Sandhya Suri zinemagilearen fikziozko lehen film luzeak 'Santosh' du izena. Alargun gelditu ondoren polizia agente gisa lan egin beharko duen emakume indiar bati buruzko istorioa da.

Sandhya Suriren 'Santosh' filmeko irudi bat. BERRIA
Sandhya Suriren 'Santosh' filmeko irudi bat. BERRIA
Uxue Arzelus Lasa.
2025eko martxoaren 12a
04:50
Entzun 00:00:0000:00:00

Santoshen senarra hil egin da. Polizia zen, eta lanean ari zela erail dute. 30 urte inguruko emakume indiar alarguna da, hortaz, Santosh, eta ez dauka nora joan. Haren gurasoek ez dute etxera bueltatzerik nahi, eta senarraren familiak ez dio lagunduko. Baina irtenbide bat topatuko du Santoshek: lege baten arabera, lanean ari zirela hildako polizien alargunek haien lanpostua har dezakete, eta, beraz, Santosh, uniformea jantzita, ezagutzen ez duen ingurune batean murgilduko da.

15 urteko neska bat desagertuko da orduan: Devika. Dalit komunitatekoa da, maila apalekoa kasta sisteman, eta haren aitak ez du lortu bertako Poliziak kasu egiterik. Neskaren gorpua azaltzen denean, ikusiko dute zigarro erredurak eta bortxatua izan delako zantzuak dituela; komunitateak protestak antolatuko ditu, eta prentsa bertan azaltzearekin bat, orduan bai, Poliziak esku hartzera behartuta ikusiko du bere burua. Kasua Sharmari emango diote; eskarmentu handiko emakumea da bera, eta Santosh izango du bikotekide zeregin horretarako.

Sandhya Suri zinemagile ingeles-indiarraren fikziozko lehen film luzea da Santosh. Surik dokumentalgintzan du eskarmentua, eta horixe izan zen filmaren abiapuntua: emakumeen aurkako biolentzia eta Poliziaren ustelkeria erretratatuko zituen dokumental bat izan behar zuen hasieran. Surik, ordea, ez zuen aurkitzen berak azaldu nahi zuena kontatzeko bidea, eta, aldi berean, iruditzen zitzaion egoera izugarriegia zela dokumental eran aditzera emateko.

2012an gertatu zen kasu batekin oroitu zen orduan: Delhiko autobus batean zihoan 23 urteko neska bat bortxatu zuten autobus gidariak eta beste bost gizonek. Komunitateak protestak antolatu zituen, eta Surik argazki bat zuen buruan: aurrean emakume polizia bat zuelarik protestan ari zen emakume talde batena. Zinemagileari interesgarria iruditu zitzaion irudi horretan poliziak zuen espresioa, eta hainbat galdera otu zitzaizkion: «Zein da haren iritzia? Zeinen alde egingo du?». Une horretan boterea zuen norbait zen, baina aldi berean, emakume zenez gero, ezintasun egoera batean zegoen. Filma prisma horretatik kontatuko zuela erabaki zuen orduan Surik.

Santosh-ek askotariko biolentzia geruzak erretratatzen ditu. Batetik, emakumeen aurkako biolentzia azaltzen du, Santoshek bere larruan bizi behar duena. Bestetik, kasta sistemaren eta beste erlijioekiko dagoen biolentzia azaleratzen da, ikertzen ari diren kasuan ikusten dena. Eta, azkenik, filmak Poliziaren biolentzian arakatuko du Sharma agentearen eskutik, hark prozedurak nahieran moldatzen baititu, eta helburuak bitarteko oro justifikatzen duela uste baitu.

Suriren helburua ez da intrigaz beteriko thriller bat kontatzea. Kasua argituz doan heinean, apenas dagoen ezustekorik, eta, orokorrean, ikusleak protagonistak baino lehen deskubrituko ditu gauzak. Aldiz, sistema ustel baten ohikotasuna erakutsiko du zinemagile indiarrak, eta sistema gaizto batean dagoen pertsona zintzo baten istorio ezaguna kontatu ordez, agerian geldituko da pertsonen moraltasunarekin eta eremu grisekin jokatu nahi izana.

'Santosh'

Beste estreinaldi batzuk:

'The Last Showgirl' filmeko irudi bat. BERRIA
The Last Showgirl filmeko irudi bat. BERRIA

'The Last Showgirl'

Eskarmentu handiko dantzari batek bere etorkizunean pentsatu beharko du 30 urteko ibilbide baten ondoren bere ikuskizuna bertan behera uzten dutenean. 50 urteko dantzari gisa, ez daki zer egin ondoren, eta alabarekin duen harreman korapilatsua konpontzen ahaleginduko da; ordura arte sarritan bere bizitzan bigarren mailan utzi izan duen harreman hori, hain zuzen.

'Wolfgang (Extraordinario)'

Wolfgang hamar urteko mutiko bat da; 152ko adimen kozientea eta autismoaren espektroaren nahasmendua ditu. Ama bat-batean hil ondoren, Carles aitarekin bizi beharko du, zeina ez baitu inoiz ikusi. Wolfgangek amets bat du: Parisko Grimald musika akademian sartu eta munduko piano jotzailerik onena bilakatzea. Carlesek aktore gisa duen aukera handiaren eto Wolfgang bezalako ume batek behar duen aita izatearen artean erabaki beharko du.

'Morlaix'

Gwen bigarren hezkuntzako ikaslea da, eta, amaren heriotza dela eta, bere lagun taldearekin pasatzen du denbora. Baita bere maitale Thomasekin ere; okin izateko ikasten ari da bera. Egun batean, bere bizitzan inspiratuta dagoela dirudien film bat ikusiko du zineman.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.