Literatura

Moralkeriarik gabe azalera

‘White Teeth’ estreinako nobela kaleratzearekin batera egin zen munduan ezagun Zadie Smith, urtarrilean 25 urte atzera. Askotariko lanak eman ditu ordutik, klase gatazkari buruzkoak asko. Bakarra irakur dakioke euskaraz: ‘Kanbodiako enbaxada’.

Zadie Smith idazle ingelesa, 2021ean Erromako Zinema Jaialdian. ETTORE FERRARI / EFE
Zadie Smith idazle ingelesa, 2021ean Erromako Zinema Jaialdian. ETTORE FERRARI / EFE
Uxue Rey Gorraiz.
2024ko abenduaren 8a
05:15
Entzun

Samad Iqbal eta Archie Jones. Sortzez Bangladeshkoa bata, Ingalaterrakoa bestea. Bigarren Mundu Gerran elkarren ondoan soldadu zirenetik adiskide, eta lagun minak oraindik ere: 1975eko Urteberri egunez, Londresko iparraldeko auzo batean. Bi pertsonaia horien arteko harremana eta urtarrileko egun horixe bera ditu iturburu Zadie Smith (Londres, 1975) idazlearen lanik arrakastatsuenak, White Teeth (2000) nobelak. Bi pertsonaia horietatik abiatuta, eta bakoitzaren harreman sareari ere so eginez —emazteak, maitaleak eta seme-alabak, batez ere—, erradiografia sozial sakona egin zuen Smithek eleberri horretan. Eta, orobat, kartografia baten tankera ere badu lanak. Idazleak ez baitzuen zoriz erabaki istorioaren ardatza kultura anitzeko langile auzo batean kokatzea. Orduan eta oraindik ere, arrazakeria eta klase gatazka dira haren obran gehien lantzen diren gaietako bi. Eta akaso ez da kasualitatea Smithek aitortu izana «frustraziotik eratorriak» direla idazten dituenetako asko. Edonola ere, esana du ez duela «arduragatik» egiten. «Ez diet zuriei zertan irakatsi besteon bizitzak interesgarriak direla».

Bere estreinako nobela girotu zuen auzoaren tankerako batean jaioa da Smith, Londresko ipar-mendebaldeko Brent langile auzoan. Jatorri jamaikarrekoa du ama —1969an migratu zuen Ingalaterrara—, eta ingelesa, aldiz, aita.

Txiki-txikitatik da literaturazalea, «irakurzale amorratua», baina, gainera, artearen beste adierazpide batzuk ere maite ditu Smithek gaztetatik: dantzan eta kantuan ikasi zuen txikitan, eta, esaterako, Cambridgeko Unibertsitatean Literatura Ingelesa ikasten ari zelarik jazz emanaldietan abesten zuen diru truke. Garai bertsuan ekin zion argitaratzeko asmoz literatur piezak idazteari ere, eta unibertsitateko The Mays Literary Anthology bilduman plazaratu zizkioten aurreneko aleak.

Time aldizkariaren arabera, 1923tik 2005era ingelesez idatzitako ehun libururik hoberenen artean dago Smithen 'White Teeth' nobela

Pixkanaka, jakin-mina piztu zuen Smithen idazketa jardunak; baita lehenbiziko eleberria eman aurretik ere. Izan ere, 2000. urtean White Teeth liburua plazaratu zenerako ezagun ziren eleberriko zenbait pasarte: 1997an zabaldu ziren horietako zenbait, lan osoa artean bukatu gabe zela, eta haiek piztutako interesaren eraginez, azkenerako enkantean jarri ziren eleberriaren eskubideak.

Hamish Hamilton argitaletxeak plazaratu zuen. Eta ziztuan bihurtu zen bestseller, aise erdietsi zuen kritikaren eta herritarren babesa —Time aldizkariaren arabera, 1923tik 2005era ingelesez idatzitako ehun libururik hoberenen artean dago—, eta 2002an pantailetara eraman zuten, izen bereko telesail bat sortuta. 2018an, antzezlan bat muntatu zuten eleberrian oinarrituta.

Nobela horri buruz, esana da gutxiengoa diren talde etnikoekiko tolerantzia dela lanean pisurik handiena duten gaietako bat, baina Smithen estiloari aitortu zaio ikuspuntu sozialetik lantzen duela arrazakeriaren gaia, eta ez, preseski, moralari so. Hain zuzen, hainbat elkarrizketetan nabarmendu du ez dela sentitzen «gutxiengoaren ordezkari»; are, ez duela sentitzen, eta ez lukeela sentitu nahi, «gutxiengoak bizi dituenak gehiengoari esplikatu beharra daukan idazle».

Kontakizuna zertan gogortu

Bigarren eleberria argitaratu ondoan —The Autograph Man (2002)—, ordura arte nobelagintzari buruz ikasitakoak ordenatzeari eta biltzeari ekin zion buru-belarri Smithek. Eleberrietan moralak zer rol jokatzen zuen interesatzen zitzaion bereziki, eta XX. mendeko autorerik entzutetsuenek hari zegokionez eginikoak ikertzen hasi zen, aztertutakoa gerora saiakera batean jasotzeko asmotan. The Morality of the Novel (Eleberriaren moralitatea) jarri zion izena, nahiz eta Fail Better (Hobeki okertu) izenez den ezagunagoa. Ordea, hogei urte baino gehiago paseak direla, lana plazaratu gabea da oraindik —ez dute argitu zergatik—.

Dena dela, urteotan hainbatetan hartu du gai horri buruzko hitzaldietan, eta han-hemenka utzi ditu bere tesiari buruzko azalpen ugari. Kasurako, 2003an hitzaldia eman zuen Radcliffe Institutuan, eta irakurleek nobelatik espero dutenaz mintzatu zen, besteak beste; irakurleek «eleberriak eragitea nahi duten emozioez» eta horrek moralarekin txirikordatzeko daukan maneraz. Irakurle izateko bere moduari so ere egin zuen azterketa, adibidez. «Nire belaunaldikoen artean ohikoa zen irakurri ahala mina sentitu nahia. Bazirudien zera zela kontua: zenbat eta gogorragoa izan, orduan eta gehiago eginen digu on».

Eztabaidagai denean literatura zer den, Smithen ahotik frankotan atera da honelako edo antzeko definiziorik: «Idazketa hitzekin egiten den manipulazio klase bat da niretzat, apenas duen deus erromantikoa»

Smithek, dioenez, ez du dagoeneko halakorik bilatzen; ez irakurle gisara, ez idazle gisara ere. Are, «grisen» aldeko aldarria egin izan du inoiz idazleak, esplizituki, eta era askotara islatu du hori paperean; hainbatetan, kontrasteen bitartez. Esaterako, nobeletan, migranteekiko gorrotoaren eta mespretxu keinuen kontakizuna egitearekin batera txertatu ditu, frankotan, satira ukituak; baita bestelako pasarte umoretsuak ere. Halaxe egin zuen estreinako eleberrian bertan, eta, joera horri eutsi diolako froga du bere azken lana ere: 2023an argitara emandako The Frau eleberri historikoa.

Batik bat nobela horri buruz mintzatu zen, hain justu ere, aurtengo urriaren 11n Bilbon. Ja Bilboko Umorezko Literaturaren eta Artearen Nazioarteko Jaialdiak gonbidatuta izan zen, eta solasaldia eskaini zuen, Aloma Rodriguez kazetariarekin batera, BBK aretoan. Hau esan zuen The Frau-n txertatutako umore izpiez: «Irudi dezake gustu txarrekoa: orrialde batean idatzita dagoenak irria eragitea eta ifrentzuan irakurtzea esklabotza zona bati buruzkoak. Umorea batean eta mina bestean; baina, neurri batean, horrelakoa da bizitza».

Irakurketa abiapuntu

Nobelaren barrenak arakatzeko ez ezik, idazketa nola bizi duen esplikatzeko ere baliatu zuen Bilboko hitzordua idazleak. Eta orduan aipatu zuen, esaterako, «frustrazioak bultzatuta» idaztearen sentipenari buruzkoa. Edonola ere, idazketaren erromantizaziorik eza ere aldarrikatu zuen Smithek. Esate baterako, iradoki zuen idazketa inoiz gutxi dela «zirraragarria» berez. Urte batzuk lehenago esandako batzuekin egiten du bat ideia horrek, nolabait: «Nire kasuan, hau da: liburutegira joan, eseri, idatzi, gauzak jaso, eta buelta etxera. Hori egiten dut behin eta berriz eta urteetan. Tira, ahal dudanean: astia dudanean idazten dut». Bestalde, eztabaidagai denean literatura zer den, haren ahotik frankotan atera da honelako edo antzeko definiziorik: «Idazketa hitzekin egiten den manipulazio klase bat da niretzat, apenas duen deus erromantikoa».

Bilbon azaldu zuenez, irakurketa eta idazketa bereizi ezinezko bi ariketa dira harentzat. Baina, hori bai: ordena berean jokatzen du beti. «Nahiko modu inkontzientean idatzi ohi dut, aurrez gehiegi planifikatu gabe. Egiten dudana da irakurri; asko-asko irakurri, eta irakurtzen bukatutakoan, orduan hasten naiz idazten».

Garazi Ugaldek itzuli du euskaraz irakur daitekeen Smithen lan bakarra: Kanbodiako enbaxada.
Garazi Ugaldek itzuli du Smithen 'Kanbodiako enbaxada' euskarara. J. M. / FOKU

2000. urtetik hona, sei eleberri luze eman ditu Smithek, eta batez ere bestelako genero eta formetan izan du emari oparoa: saiakera ugari eta dozenatik gora narrazio labur, kasurako. Hain zuzen,Kanbodiako enbaxada eleberri laburra da euskarara ekarri dioten bakarra. Igela argitaletxeak plazaratu zuen aurtengo udaberrian, Garazi Ugaldek itzulita. Haren aurkezpenean, editore Inazio Mujikak nabarmendu zuen lanak ederki funtzionatzen duela «Smithen obran barneratzeko atariko modura», batik bat irakurleak aise atzemanen dituelako bertan idazlearen idaztankeraren berezko ezaugarriak: zorroztasuna eta trinkotasuna, besteak beste.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.