Literatura

Moore, bestiario gizatiar bat ontzen

Marianne Moore XX. mendean AEBetako kultur panorama astindu zuten poeten belaunaldikoa izan zen. Obra oparoa osatu zuen, naturarekiko begirada apartekoz, eta literatur kritika eta itzulpena ere landu zituen. 50 urte bete dira zendu zenetik.

1887an jaio zen Marianne Moore poeta, eta 1972an zendu, aurten duela 50 urte. BERRIA.
itziar ugarte irizar
2022ko otsailaren 13a
00:00
Entzun
John M. Slatinek idatzi zuen: «Kritika 60 urte doa T. S. Eliot eta Ezra Pound nola irakurri aztertzen, 30 urte William Carlos Williams irakurtzen, 20 urte Wallace Stevens irakurtzen. Orain, Marianne Mooren txanda da». 1968ko The Savage's Romance: The Poetry of M. Moor lanean jaso zuen hala Slatinek, eta aise esan liteke Marianne Mooren izenak ez duela gaur oraindik garaikide izan zituen beste horien pareko oihartzunik sortzen letren esparru zabalean. Izan zen, baina, XX. mendeko lehen hamarraldietan AEBetako literatura berriztu zuen figura nabarmenetako bat. Ordura arte literatur idazketan mugatzat ulertuak zirenak askatzen, harago eramaten jardun zuen, eta bizi ere hala bizi izan zela nabarmentzen dute biografoek, konbentzioetatik aparte mugitzen jakin zuela.

1887ko azaroan jaio zen Marianne Craig Moore, Kirkwooden (Missouri). Ez zuen aita ezagutu, eta eragina izan zuen horrek amarekiko garatu zuen atxikimendu estuan —hura hil arte bizi izan ziren elkarrekin, eta maiz erakusten zizkion olerkiak, beste inori baino lehen—. Harekin eta haren aldeko aitonarekin hazi zen, eta Biologian eta Histologian —animalien zein landare ehunen azterketaz arduratzen den zientzia— graduatu zen gero. Alor horiek eragin zuzena izango zuten haren poetikan, ikasketak egin bitartean hasi baitzen bi alorrak uztartzen; animali eta naturarekiko pasioa eta poesia zein idazketarekikoa ahal beste urtzen. Haren poema aupatuenetako batzuk unibertsitatean zegoen bitartean idatzi zituen —A Jelly-fish (Marmota) esaterako—.

Gaztaroan, arrasto esanguratsua utziko zioten bidaiak egin zituen Europatik, amarekin; Frantziako eta Ingalaterrako giroak ezagutu zituen, eta New Yorken zen bizitzen 1919rako. Literaturaren aldeko apustua egitea erabaki zuen, eta AEBetako zein Erresuma Batuko agerkarietara igortzen zituen poemak, kritikak zein artikuluak, haren izena gero eta ezagunagoa egiten hasi zen arte, batik bat, AEBetako literatur zirkuluetan.

Lehen liburua 1921ean argitaratu zuen, 34 urterekin, eta Poems (Poemak) izenburu soilaren pean. Londresen editatu zuen Hilda Doolittle poetak, ordura arte Moorek Others, Egoist, Broom, Poetry eta beste agerkari batzuetan ateratako zenbait testuren hautaketa bat eginda. Unibertsitateko garaietatik, Mooren adiskidea zen Doolittle —ezagunagoa H. D. gisa—, batera ikasi baitzuten Bryn Mawr Collegen —han ezagutu zuten William Carlos Williams ere—.

Hiru urte geroago argitaratu zuen, AEBetan, hurrengo lana, izenburu soilekoa hura ere: Observations (Oharrak). Jauzi bat izan zen haren bidean, eta bertan aurkitu daitezke poetaren ale aipagarri ugari; tartean, Poetry: «Nik ere ez dut gogoko: badira zera garrantzitsuak biolin kontuoz harago./ Halere, zenbat eta desgogo handiagoz irakurri, orduan jabetzen da bat/ horixe dela, azkenean, sorleku benetakoa».

Haren ondotik, obra oparoa ondu zuen, apenas etenik gabe: Selected Poems (1935), T. S. Elioten hitzaurrearekin; The Pangolin and Other Verse (1936), What Are Years (1941), Nevertheless (1944), A Face (1949); Pulitzer saria ekarri zion Collected Poems (1952), Tell Me, Tell Me: Granite, Steel and Other Topics (1966), The Magician's Retreat (1970)...

Aldaketa erradikalen isla

Modernismo ipar amerikarraren parte izan zen Moore, poesia gaurkotzea gogotik bilatu zuen mugimenduko kide, erromantizismotik eta sentimentalkeriatik urrun, baita errealismo puruenetik ere. Estetika berritzaile bat taxutu nahi izan zuten —«to make it new» esango zukeen Ezra Poundek—, eta hor sartu zen, besteak beste, aurrez idazketa poetikoan ikusi gabeko elementuen agerpena: beste autore batzuen aipuak, kazetaritza piezetako puskak, lengoaia komertzialeko esamoldeak eta beste.

Eremu zabal horren barruan, ordea, Moorek aparteko originaltasuna erakutsi zuela esan izan da. Jakin zuela bere ahots propioa lantzen. Zehaztasun handiak eta kondentsatzeko gaitasunak ezaugarritu zuen ahots hori, baita erritmoarekin zein azentuarekin egin zituen esperimentazioak eta korronte imaginaristarekin izan zuen loturak ere; maiz, animaliei begiratuz gizakia ulertzeko.

Elaine Showalter kritikariaren esanetan, halaber, Moorrek aurre egin zien Gertrude Steinek «poesia patriarkala» izendatu zuenaren «konbentzionalismo linguistiko, sintaktiko eta tematikoei». Izan ere, kritika feministak nabarmendu izan du Moorek eta modernismoaren aldi historikoan bat egin zuten beste zenbait emakumezko idazlek elkarren arteko ehuntze esanguratsua izan zutela —Norre, Bishop, H. D eta Bryherren arteko gutunak dira horren erakusle—, bakoitzaren bide literarioetan sakon eragin zuena. Modernismoak ekarri zituen berrikuntzetan haien ekarpena nabaria izan zen, eta euren bizitzetan egin zituzten egiturazko aldaketak adina saiatu ziren literatura ere eraldatzen. Hala azaltzen du Mooren obran aditu Eulalia Cecilia Piño irakasleak: «Idazle hauek taxutzen ari ziren abangoardiako une hori ez zen propaganda feminista modura zertu, euren bizipenetan esperimentatzen ari ziren aldaketa erradikalen isla literario bezala baizik». Zaletasunen artetik, naturaz harago, boxeoa zein beisbola maite zituen Moorek, baita hiru adardun kapelarekin ibiltzea ere.

Poesia ez ezik, literatur kritika —Predilections: Literary Essays (1955), Idiosyncracy and Technique (1959), Poetry and Criticism (1965)— eta itzulpena ere landu zituen, eta literaturaz eta arteaz ziharduen The Dial aldizkaria ere zuzendu zuen 1925etik 1929ra bitartean, sasoiko pentsamendu aurrerakoienetakoa eta oihartzun handiko autoreak publikatu zituena; Thomas Mann, Pablo Picasso eta Jose Ortega y Gasset, tartean.

Buruko isuri baten ondotik, 1972ko otsailean hil zen Moore, Brooklyngo bere apartamentuan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.