Gogotsu etorri dira Baionara Monzon pastoralaren aurkeztera larraindarrak, bergarakoak hor dituztela ondoan, sostengatzaile sutsuenak, hasieratik. Izan ere, Bergarako udalerria eta Olaso Dorrea Fundazioa partaide dituzte proiektuan larraindarrek, «ohore», «poz» eta «ilusio handiz», Bergarako Jesus Elorza auzapeza eta fundazioko kide den Ramon Mendibilen hitzetan. Larraindarrak eurak joan ziren Bergarara Telesforo Monzonen herria ezagutzera, eta orduan ezagutu zituzten fundaziokoak. Horiek horrela, pastorala bera Larrainen emateaz gain agorrilean, irailean Bergarara eramanen dute.
Elorzak nabarmendu zuenez, maila horretako ikuskizun bat eurengana ekartzea garrantzitsua zaio: «Bergararrok hainbeste maite dugun Telesforo Monzonen bizitza, askorentzat erreferente izan denarena, gogorarazteko eta, gaztetxo askoren kasuan, ezagutarazteko». 97 aktore, hamazazpi dantzari, hamalau musikari, hamabi jantzi egile eta beste ehun bat laguntzaile, dela ostatu, aparkaleku eta beste kontuez arduratzeko, orotara 200 bat larraindar dira elkartuko pastorala zutik atxikitzeko.
Gogotsu, gainera, jakinez hogei urte betetzen dituela herriak azken pastorala eman zutenetik, Jean-Pierra Akozeberri Monzon Pastorala elkarteko presidenteak gogorarazi duenez. Xalbador izan zen hura, Roger Idiart zenak idatzia. Hogei urte hauetan ez dira alfer gelditu, haatik, larraindarrak. Bi maskaradez gain, herriko dinamika ez dute ttipia; alderantziz: hamahiru elkarte ditu herriak egungo egunean. Eta, preseski, hori oinarri, pastorala aurten Larrainen egitea ez dela kasualitate bat argi dute: «Ontsa agitzen da. Urte orotan gauza anitz egiten dugu. Denak, gazte eta besteak, egiazki atxikiak gara gure herriari», presidentearen hitzetan. Elkarte horien artean, dantza talde sendoa dute, gainera. Horiek oro errateko, beti presidentearen ahotik, «kulturari atxikiak garela, baina gure herriari loturik». Azken maskaradak iaz egin zituzten, eta hortik zitzaien sortu ideia zerbait egitearena, baina herritar guztiekin. Orduan zen joan Akozeberri Jean Bordaxarren ikustera, hark zerbait idatzia zuela baitzekien. Agirre pastoralean Monzonen kargua zuen Bordaxarrek. Eta haren bizitzaz interesatzen hastearekin ikusi zuen «zinez bizitza aberatsa zuela eta merezi zuela pastoral bat», hau da, omenaldi gisa, «gauza handienetarik bat izan daitekeena». Aurten, gainera, Telesforo Monzonen heriotzaren urteurrena da (1904-1981). «Eskoletan ikasten dugu Historia, baina ez Euskal Herrikoa. Eta Monzon sartzen da Euskal Herrikoan». Pastoralak eskas hori betetzea espero du Bordaxarrek. Kultur eta politika gizona gogoraraziko dute: «Ezarri ditut haren denboran iragan diren gauza gehienak. Hor diren gauzak denak historikoak dira». Autoreak berak bere pentsamoldea «gutxi baizik ez du ezartzen ahal. Historian egon naiz, eta azken predikuan ezarri dut mezu txiki zenbait. Gehienik, bake mezu bat». Bere lehen pastorala du idatzi duena Bordaxarrek. Beste izenen artean, dantzen koreografien moldatzaile Johañe Etxebest izan da, errejenta Jean-Pierra Rekalt, eta kantuentzat Jean-Louis Aranburu. Bordaxarrek berak, aparte kantaria dela, bost kantu moldatu ditu, Monzonen Batasuna-k ere ukanen duelarik bere lekua.
Bi defendatzaile elkarturik
Monzon Larrainera ekartzea ere ez dela kasualitate bat zehaztu dute: «Larrainek beti defendatu du bere burua, Monzonek defendatu duen bezala Euskal Herria», Bordaxarrek erranik. Larraineko auzapez Sebastian Uthurriagak ere azpimarratu duen lotura da. Monzon «abertzale handi eta borrokalari handi baten» gisa ikusten du auzapezak: «Beti erauntsi dio, urrentze arte, bere ideien ahal bezain aitzina joanaraziz. Egin du ahal duen oro Euskal Herri baten egiteko, bat eta dena libre. Bere bizia eman du horretarako. Borrokalari handi bat zen, eta Larrainen ere borroka gure egun orotako afera da».
Lur jabetza du gogoan bereziki horren aipatzean auzapezak. «Zuberoako Sindikatu Batzordeak bildu zituen gure lurrak». Eta hori ez dutela behin ere onartu eta ez dutela onartuko dio. «Ez da normala gu, urte orotan bizi garenak gure bortuan, ez gaitezen errespetatuak izan. Besteek erabakiak hartu ditzaten, eta erran nola behar dugun ari lanean. Lur hori gure bizia da; beti defendatuko dugu». Pastoralaren azken mezua bere eginez bururatu zuen esplikazioa Uthurriagak: «Beti atxik makila eskuan eta entelegua bihotzean».
Monzonen tenorea, hurbiltzen
Azken prestaketekin dabiltzala, 'Monzon' pastorala Larrainen eta Bergaran emateko gogotsu daude larraindarrakJean Bordaxar kantariak idatzi du pastorala, eta abuztuaren 7an estreinatuko dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu