Montehermoso ixteko bideari ekin dio Gasteizko Udalak

Kulturguneko zenbait lanez arduratzen diren enpresekin kontratuak etetea erabaki du Marotoren taldeak

Gasteizko Montehermoso kulturgunea. JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Irune Berro Urrizelki.
2012ko azaroaren 15a
00:00
Entzun
Xabier Arakistain Arakis barik hasi zuten 2012a Gasteizko Montehermoso kulturgunean. Eta 2013a badirudi ez dutela hasi ere egingo. Alegia, itxi egingo dutela. Gasteizko Udalak erabaki du kulturguneko zenbait lanez arduratzen diren enpresekin zeukan harremana etetea. Urtea amaitu, eta eten egingo ditu aretoen zaintza, eraikinaren segurtasuna eta mediatekaren jarduera kudeatzen duten enpresen kontratuak.

Udalak Montehermosorekiko duen interes falta ez da berria. Gasteizko alde zaharreko muinoan kokaturiko kulturgunera bideratutako aurrekontua %80 murriztu zuen urtea hasieran.

Hala, azken berriek zalantzarako tarte txikia uzten dute: langileen artean aspalditik hedatua zegoen pronostikorik ilunena egia bihurtuko dela dirudi. Montehermosoko ateak itxi egingo dituztela. Araceli de la Horra Montehermosoko egungo zuzendariarekin hitz egiten saiatu da BERRIA, baina ez du adierazpenik egin nahi izan.

Badirudi Javier Marotok gidatzen duen taldeak Gasteiz Antzokia izeneko kafe antzoki bat ireki nahi duela eraikin horretan, baina, gaur-gaurkoz, oposizioko taldeek ez dute inolako proiekturen inguruko berririk. Eta egoera ekonomikoa zein den kontuan harturik, nekez irudika dezakete tankera horretako asmo batek aurrera egingo duenik.

Zernahi irekitzen dutelarik ere, Montehermoso itxiko badute, erreferentziazko toki bat galduko du Euskal Herriko artearen esparruak. Berez, Arakisen aroaren amaierarekin, hein handi batean, hala gertatu den arren. Eta Arakis Montehermosotik aldentzeko erabakia ez da soilik PPrena izan, Marotok agintea hartzean gauzatu bazen ere.

EAJko hainbat agintari gogor mintzatu dira Arakisen proiektuaren aurka. Xabier Agirreren agintaldian, Kultura diputatu izandako Malentxo Arruabarrenak esan zuen Arakisek «emakumeei kalte» egiten diela. Eta Iñaki Prusilla Gasteizko EAJko zinegotziak Arakisi egotzi zion Montehermoso «herritarren bizkar» kudeatzea.

2006ko abenduan hartu zuen Arakisek Montehermosoren gidaritza, udalak deituriko lehiaketa publikoan puntu gehien lortu zuen proiektua aurkeztu ondotik. Une hartan, PP zegoen agintean. Nolanahi ere, proiektuaren gehiena PSE-EEren agintaldian garatu zuen, 2007ko maiatzean iritsi baitzen agintera alderdi sozialista.

Arakisek eta haren zuzendaritzapean jardun duen lantalde osoak artearen sektorerik aurrerakoiena gogobete duen proiektua abiarazi zuten, 2006an. Sexuen arteko parekidetasuna bultzatu dute urte hauetan guztietan, erakusketa, hitzaldi ziklo, mintegi eta bestelako ekinbideetan pentsabide feminista ausarki txertatuz. Feminismoa ildo kontzeptualen ardatz gisa landuz. Eta, bidenabar, Euskal Herriko artearen historiara pasatuko diren erakusketak antolatuz; besteak beste, Haserrearen begirada —Maura Reillyrekin batera ekoitzia—eta Kick in the Eye, zortzi estrategia feminista gizonezkoen begirada oztopatzeko —Arakisek inauguraturiko azkena—.

Arakisek bultzatu dituen genero politikek ezbaian jartzen dituzte artearen historia ofizialak mendeetan ezarritako kanonak eta praktikak, erakusten baitute emakumeak ez direla zertan objektu artistiko huts, subjektu ere badirela, artearen munduan sortzaile eta eragile aktibo. Eta agerian uzten dute egungo ustezko berdintasun egoera itxurazkoa dela. Kristalezko sabaia noranahi iristen dela, baita artearen esparrura ere.

Ikuspegi feminista

Horrenbestez, Arakisen Montehermosok lan egin du, irizpide baztertzailez eraikitako artearen historiak ikusezintasunera zigortutako emakumezko artisten ibilbideak ezagutarazteko. Era berean, beren ibilbidearen hastapenean diren artistei kulturguneko ateak ireki dizkie Arakisen taldeak, EHUrekin antolaturiko Next deialdiaren bidez. Eta dagoeneko bide bat egina duten artista arabar kontsakratuek bakarkako erakusketak egiteko aukera izan dute.

Artea eta ikerketa sustatzeko beken egitasmo bat ere jarri dute martxan. Orobat, emetasunari buruzko irudikapen berriak aurkeztu ditu, Pasahitzak erakusketa zikloaren bidez, besteak beste.

Alabaina, proiektuak artearen mundutik harrera bero eta paregabea izan duen arren, nonbait deseroso sentiarazi ditu politikariak; Arakisen proiektuari etengabe egin baitiote eraso. Marotoren taldeak erabaki zuen 2012an lehiaketarik ez antolatzea eta kulturgunearen kudeaketa udalak bere gain hartzea. Hartara, Arakisek ez zuen proiekturik aurkezteko aukerarik izan, eta 2011 amaitzearekin batera utzi behar izan zuen Montehermoso. Araceli de la Horra izendatu zuten kulturguneko zuzendari.

Arakisen taldeak nola edo hala eutsi dio proiektuari, urteak aurrera egin ahala eta lan kontratuak amaitu ahala taldea deseginez joan den arren. Komunikazio arduradunak, hezkuntza saileko hezitzaileek, mediatekako beharginek... Gogotik egin dute lan guztiek, Arakisen politiken pean abiarazitako aro batek nolabaiteko segida izan zezan, eta onartu dute ezer ez dela berdin izango.

Ordea, urtearekin batera amaituko da Arakisen taldearen aroa eta Montehermoson tankerakorik bizitzeko parada. Kargutik egotzi aurretik BERRIAri emaniko elkarrizketa batean Arakisekesan zuenez, «berdintasun legeak garatzeko bide orria idatzi du Montehermosok. Kultura ezagutza sortzailetzat jotzen duten zentroen ideien iturburuan ikuspuntu feministak egon behar du. Hori da utzi duguna».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.