Musika industriaren bi muturrak bata bestearen kontra. Gitarra lehenengoz hartu duen gaztetxoaren ilusioa dario Angel Unzuri(Iruñea, 1961). Hasiberriarena dirudien gogo horrek, baina, musika sektorearen sekretu oro dakien gizasemea du atezuan. Ia 30 urteko ibilbidea eginik, Orain diskoa kaleratu du aurten, eta han-hemen aurkezten dihardu; bihar, Errenterian (Gipuzkoan) joko du, 19:00etan, Niessen aretoan.
Duos diskoko hirukotea laukote bilakatu da Orain lanean. Zeri erantzuten dio aldaketa horrek?
Aurreko albumean bikoteka funtzionatzea bilatu nuen; instrumentu desberdinak ageri ziren, eta, ondorioz, instrumentista desberdinak ere bai. Disko berrirako lantalde finko bat elkartu gara, berezitasun batekin: promozioa ia-ia hirukote gisa egin dugu,Andrzej Olejniczakerekin. Nolanahi ere, proiektua laukote gisa sentitu dugu hasieratik.
Sortzen dituzun diskoetan berritasunen bila ibili ohi zara. Zer duberritzailetik Orain-ek?
Egun sortzen denarekin alderatuta, nire lanak ez du deus berritzailetik. Baina nire ibilbide musikalari helduta, badira berrikuntzak. Beti pentsatu dut disko bakoitzean zerbait berria egin behar dudala, baina ez nabil une oro berritasunaren atzetik. Kontua da monotonia musikalaren asperdurak ito egiten nauela. Berrikuntzak, beraz, aspertze artistiko horri ihes egiteko beharretik datoz. Adibidez, Tiempo de búsqueda-ren aldean, Orain bestelako musika da. Sekretua da nik ez dudala sekula jazz laukotearen sonoritatera egokitutako diskorik egin, eta jazz elektrikoaren soinu horretan murgildu nahi nuela. Egia da jazzaren lengoaia nire lehen diskotik oso presente egon dela, baina ez orain bezain argi eta agerian.
Zure hiru kideak aspaldiko ezagunak dituzu. Zalantzarik izan al zenuen musikariak hautatzerakoan?
Laukotea sortzerakoan, gertaera bi jazo ziren: batetik, Jon Etxezarragak Lugaritzeko (Donostia) kultur etxean jotzea proposatu eta, ni ezagutu gabe, «nahi nuena egiteko» esan zidan; baldintza bezala, «niretzat oso berezia zen zerbait» izan zedila eskatu zidan, eta horrelaxe bururatu zitzaidan jazz laukotearena. Bestetik, ordurako, Juan Manuelek, Gonzalok eta hirurok jazz kontzertu bat emana genuen Andrzejen musikari gisa, Polonian. Hortaz, konturatu nintzen lantalde hura berriz batzea eta nire musika jotzea oso berezia izango litzatekeela. Poloniako eta Lugaritzeko kontzertu haietatik abiatuta eratu zen laukotea.
Zer ematen die Olejniczakek, Urrizak eta Tejadak diskoari?
Tejada energiaren eta lasaitasunaren haragitzea da: egundoko jazz interpretatzailea. Ideia argidun pertsona da, eta bat gatoz esparru musikal ugaritan. Urriza oraintsuagotik ezagutzen dut, baina nire aurreko diskoan ere parte hartu zuen: bateria jotzaile bikaina da. Andrzejengandik bere musika azpimarratuko nuke: aurkezpenik behar ez duen musikaria da. Aski du partitura ematea, momentu batean pieza osoa ateratzeko.
Orain bere aurrekari Duos-en jarraipen musikala al da?
Orain arte ez dut horrela planteatu, baina izan liteke; 13 solos nire lehen albumak jadanik bazuen jazzaren kutsurik. Ordutik, beti mugitu izan naiz jazzaren arloan, baina estiloan guztiz sartu gabe: jazza, folka eta parekoak landu ditut, askotan nahastuta. Duos, aldiz, jazzaren kanonetan bete-betean sartu zitzaidan, beste ñabardura batzuk ere bazituen arren. Azken albumak ere bide jazzistiko hori jarraitu du: bai estilo eta inprobisazio aldetik, bai musikarien distira aldetik.
Abestiak disko honetarako ex profeso sortu dituzu, ala urteen zakutik ateratakoak dira?
Bietatik du: lana zabaltzen duen pieza berariaz laukote formaturako sortu nuen; Lisboa bertan egon nintzenean jaio zen; Geroa abesti seriea Bilboko Loraldia jaialdirako enkargatu zidaten; Carla & Steve eta Basej berriak dira... Oro har, ideia zaharrak eta diskorako egindakoak nahasian daude.
Grabazioaren eta masterizazioaren ardura Victor Sanchezena izan da, baina ekoizpena zuk zeuk egin duzu. Nolakoa da autoekoizlearen papera?
Neure burua ez dut ekoizle gisa ikusten. Ekoizlearena ogibide bat da, eta ni musikaria naiz. Neurri batean, musikari oro da bere musikaren ekoizle. Bestalde, Orain ez da lan korapilatsua ekoizpen aldetik: ez du konplexutasun handirik baliabide teknikoen eta elektronikaren esparrutik. Hala ere, Victor Sanchezek lan bikaina egin du: musika tresnei soinu paregabea atera die, eta horrek ere badu ekoizlearen lanetik.
Zer-nolakoa izan da orain arte eskaini dituzuen kontzertuetan disko berriak jasotako harrera?
Oso ona. Lortutako soinuak harritu egin gaitu. Bestalde, entzuleek beste musikari profil batean ikusi naute, eta badirudi horrek ere harritu egin dituela: gitarra jole akustiko gisa hartu naute maiz, kantagintza tradizionaletik hurbil; hortaz, badago jendea gitarra elektriko batekin ikusi nauenean harritu dena. Talde bezala, ikusleak atsegin ditu hala musikariak, nola eskaintzen duten musika bera. Ez dute horrelako emanaldirik espero, eta horrek harridura handia sortzen du.
Zarauzko III. Gitarra Jaialdian debutatu zenuen, 1994an. Zer esango lekioke egungo musikariak, agertokira igotzeko puntuan, urduri zegoen orduko hasiberriari?
Musikarena sektore oso zaila denez, ikasteko esango nioke: etengabe ikasteko. Orain diskora urte dezente lehenago heldu dadin, gehiago eta etengabe ikasteko.
Angel Unzu. Musikaria
«Monotonia musikalaren asperdurak ito egiten nau»
Urte hasieran kaleratutako 'Orain' diskoa aurkezten ari da Unzu. Jazz elektrikoan murgildu da lan berrian, eta bihar du hurrengo emanaldia: Errenterian, Musikaste jaialdian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu