Hau egia da: 1936ko gerra piztu ondoan, Espainiako Gobernua beldur zen altxatuen bonbardaketek ez ote zuten Madril txikituko, eta, ondorioz, ez ote zituzten Prado museoko artelanak xehatuko. Haiek babesteko, obrak Valentziara (Herrialde Katalanak) eramatea erabaki zuten; baita egin ere, kamioiz, hain zuzen. Historia liburuek ere jasoa dute pasarte hori, eta antzera egin du orain Agustin Ferrer Casas komikigileak (Iruñea, 1971) Ihes plana bere lan berrian; ez, ordea, egiari hain loturik. Edo ez behintzat hartara mugatuta. Autoreak fikzio dosia erantsi dio ekuazioari: lapurreta bat. Haren kontakizunaren arabera, Pradotik Valentziarako bidean, margolanetako bat lapurtzea bururatuko zaio miliziano talde bati. Mona Lisa ebatsiko dute; Leonardo da Vinciren Gioconda obraren bertsioetako bat.
Ferrer Casasek 120 orrialde pasatxoan garatu du errealitatea eta fikzioa txirikordatzen dituen istorioa, eta Harriet argitaletxeak plazaratu du euskaraz, Miel A. Elustondok itzulita —aldi berean eman dituzte euskarazkoa eta gaztelaniazkoa, baina testua gaztelaniazkoa da jatorrian—. Edonola ere, autoreak gogora ekarri duenez, enkarguz eginiko lana da Ihes plana. Are, dioenez, Josep Busquet gidoilariak piztu zuen txinparta. Hari okurritu baitzitzaion pasarte historiko horretan lapurreta txertatzearen ideia, nahiz eta azkenerako Ferrer Casasek eman dion forma komikiari, hasi eta buka: marrazkiak eta testuak bereak dira osoki.
Lotsagorritu antzean, baina pozik gogoratu du komikigileak argitaletxekoek proposamena egin ziotenekoa. «Akaso, aurrez egin ditudan komikiak ikusi dituztelako etorriko zitzaien burura neure izena...», kontatu du. Izan ere, komikigintzan, Ferrer Casasek ohikoa du egiazko gertakari historikoetatik abiatuta sortzea: «Ia-ia beti halakoak ditut inspirazio iturri». Horrela sortu zituen, esaterako, Frank Isaac Spellmanargazkilariak Kubara eginiko bidaian oinarritutako Arde Cuba (Grafito, 2017) eta Ludwig Mies van der Rohe arkitekto alemaniarrak XX. mendeko urte nahasienetan bizitakoa errepasatzen duen MIES (Grafito, 2019). «Arraina uretan nola, horrela sentitzen naiz ni historia dudanean helduleku. Gustatzen zait istorioetan pedagogia puntu hori txertatzea. Adibidez, testuinguru historikoak esplikatzea, gauzak orduan eta horrela zergatik gertatu ziren azaltzeko».
«Testuinguru historikoak balio behar dizu eszenatoki bezala, baina zuri dagokizu obra egitea. Kontua da bermatu behar duzula batak eta besteak bat egin behar dutela, ez dadin izan kontraesanik»
AGUSTIN FERRER CASASKomikigilea
Edonola ere, komikian fikzioa da nagusi. «Esanen nuke %20 dela egia, eta, %80, fikzioa», zehaztu du; gutxi asko, portzentaje horiekin arituta aurkitu du oreka. «Nire ustez, horrelako lan bat egiteko, testuinguru historikoak balio behar dizu eszenatoki bezala, baina zuri dagokizu obra egitea. Kontua da bermatu behar duzula batak eta besteak bat egin behar dutela, ez dadin izan kontraesanik». Egileak dioenez, hain zuzen ere, libururako asmatutako lapurreta behar bezala kontatzeko adina informazio baizik ez du txertatu komikian. Gainerako datuak, jakingarriak iruditu zaizkionez, aparteko gehigarri batean erantsi ditu liburuaren hondarrean.
Bata lehenik, bestea ondoren
Istorioa bi planotan dago kontatua, txandaka: bata 1936. urtean dago kokatua, gerran, Mona Lisa-ren delako lapurreta gertatzen den garaian; bestea, berriz, 2010eko hamarkadaren bukaerakoa da —hori iradokitzen dute binetetako eszenetako elementuek—, eta, horretan, 1936ko lapurreta hura ikertzen ari diren bi pertsonaia dira protagonistak: Jose Maria Ledesma izen handiko arte historialaria eta Borja Tramontana altxor bilatzailea. Ohartzerako, ordura arte elkarren arrastorik apenas zuten biak elkarrekin ariko dira ikerketan, eta batera biziko dituzte hainbat ustekabe.Biak dira prest arriskuak hartzeko; benetan desio dute auzi hori argitzeagatik jasoko luketen aitortza. Ferrer Casas: «Deitu desesperazio, deitu behingoagatik irabazi nahia».
Hain zuzen ere, Ledesma eta Tramontana dira komikian gehien bistaratzen diren pertsonaiak. Eta akaso horregatik gerta daiteke paradoxikoa Ferrer Casasek haiei buruz esandako hau: «Nire ustez, horiek dira garrantzi gutxieneko pertsonaiak». Jakina, egileak badu argudiorik ere: «Eramaten zaituzte batetik bestera, eta haiek ikerketan egiten dituzten urratsen aitzakian azaltzen zaizkigu iraganeko gertakariak irudietan». Komikigilearen esanetan, salto horietan dago, besteak beste, lanaren xarma.

Baina salto horiek egoki diseinatzea izan du erronketako bat, hain justu; trantsizioek ongi funtzionatzea. Zenbaitetan, adibidez, orainaldiko eszena batean telefonoa joka ari delarik bukatzen da orrialde bateko bineta sorta, eta, hara non, hurrengo orrialdean, 1936an etxe batean dagoen gizon bat da telefonoa eskuetan duena.
«Egin ahala joan zaizkit halakoak okurritzen», aitortu du komikigileak. «Atzera-aurrera egin behar nuen, eta, gainera, nik beti egiten dut lan eszenak orrialde bikoitietan hasita». Honelaxe egin du aldiro, hain zuzen ere: berdin da liburua non ireki, beti azalduko da eszena bana —lokalizazio eta une jakin bateko pasarte bat— zabaldutako bi orrialdeetan, eta orria pasatzean baizik ez da aldatuko eszena. «Azken batean, telebistarako gidoi bat idaztea bezala da».
Errealismo handiko irudiak dira nagusi binetetan. Bai irudien sakonera eta baita detaileen zehaztapena ere franko nabarmentzen dira lanean. Teknikari dagokionez, komikia eskuz dago egina osoki; eskuz, tableta elektronikorik gabe tartean. Ferrer Casasek zehaztu duenez, lapitza da lehenbiziko urratsa, akuarelak gero, eta errotuladorea baliatu du, baina soilik ertzetarako. «Bereziki pozik» da emaitzarekin.