Momentuaren eta tokiaren isla

Euskal Herrian konposatzen hasi eta Kuban azkendu du Audience musika taldeak kaleratu berri duen 'Isla' diskoa. Musikari kubatarren kolaborazioekin osatu dute lana

Ezkerretik hasita, Ruben Garate, Ager Insunza eta Gaizka Insunza Audience musika taldeko kideak Isla diskoaren aurkezpenean. MONIKA DEL VALLE / ARGAZKI PRESS.
Ainhoa Larrabe Arnaiz.
Bilbo
2017ko azaroaren 3a
00:00
Entzun
Joan-etorriko bidaia da Audience musika taldearen Isla (Bidehuts). Euskal Herrian pentsatu eta Kuban ekoitzi dute aurkeztu berri duten diskoa, eta bidaia irudikatu dute 11 kanturekin osatutako lanean: Audience taldearen ohiko doinuekin abiatu, soinu latino eta erritmo kubatarrekin nahasi eta sustraietara itzuli gero. Hala azaldu du Ager Insunza taldekideak. «Momentuaren eta lekuaren erakusgarri da; izan ere, ezinezkoa litzateke Euskal Herrian halako lan bat grabatzea, eta taldeak aurretik izan dituen esperientziak eduki gabe ere ezinezkoa zatekeen halakorik sortzea. Gure disko guztien artean, unea eta tokia hoberen islatzen duen lana da». Taldearen osaketa aldatu egin da azken urtean, eta konposizioetan zein doinuetan eragina izan du,horrek Insunzaren esanetan. Horregatik Isla: Oraingo Audienceren ispilua da taldearen zortzigarren lana.

Kaki Arkarazorekin grabatu dute diskoa. Insunzak azaldu duenez, duela zazpi urte egin zien Kuban diskoa grabatzera joateko proposamena. «Kakik eginak zituen halakoak Amparanoiarekin eta Calexicorekin eta A Shake in Calm Water [Bidehuts, 2009] lanaren grabazioan geundela esan zigun talde aproposa ginela halako disko bat grabatzeko». Buruan izan dute proposamena ordutik, eta Jai Alai Blues dokumentalaren musika banda sortzean, doinu latinoekin harreman zuzena izan ondoren irentsi zuten zazpi urte lehenago Arkarazok jaurtitako amua. «Jai Alai Blues biraren bukaeran erabaki genuen egitasmo berri honetan murgiltzea».

Instrumetuak hartu eta Habanara bidea hartu zuten. Angel Azkarraga Matxitxa egitasmoaren giltzetako bat izan dela nabarmendu du Gaizka Insunza gitarristak. Euskal Herriko talde esanguratsuen managerra izandakoa da Matxitxa: Itoiz, Errobi, Ruper Ordorika, Hertzainak, Joseba Tapia eta Negu Gorriak taldeekin aritu da, besteak beste. «Hamabost urte daramatza Kuban, eta oso ondo ezagutzen ditu hango musika eta doinuak». Haren bitartez iritsi ziren Habanako Abdala estudioetara.

Han egin dituzte Isla diskoaren grabazioak, eta bidelagun izan dituzte Osanay Martinez abeslaria, Alejandro Delgado tronpetista eta Yaroldy Abreu perkusionista kubatarrak. Denek kolaboratu dute diskoan, baita Gladys Helena, Keren Eduardo, Elizabeth Igarza eta Freddy Lafontek osatutako soka laukoteak ere.

Estilo anitzekoak

Uda hasi baino lehen egin zuen Audiencek diskoaren aurrerapena, El tres el quinto y el tumbao abestia eta bideoa kaleratu baitzituen orduan. Musikari kubatarren kolaborazioak nabarmenak dira kantan. «Abesti horretan,badirudi kubatarrak gailendu direla eta haien kolaboratzaileak izan garela gu, alderantziz izan beharrean». Gaizka Insunzaren arabera, diferentzia nabaria dago abesti batetik bestera, eta erronka bat izan da ordena zehatz batean biltzea. «Estiloaren aldetik soilik ez, hizkuntzan ere nabaria da aldea. Hiru abesti egin ditugu euskaraz, bakarra gaztelaniaz eta bost ingelesez. Instrumentala den beste batekin osatu dugu diskoa».

Bidaia proposamena egin dute horregatik: «Audienceren ohiko ezaugarriekin abiatzen da diskoa, eta ondorengo abestiek kubatar musikariek kolaboratzen duten arren, gure estilora egokitzen dira. Egun da Bayamon bosgarren abestia gakoa da, doinu amerrikarra du guztiz. Hortik aurrera datozenetan hasten gara doinu latinoak sartzen, eta, diskoaren bukaera aldera, gure ohiko izaerara buelatzen gara». Gernika ta New York kantak ematen dio amaiera sorkuntzari: taldekideen sorterria da Gernika, eta Musika estiloarena New York.

Taldekide berriak

Diskoa ez ezik, taldekide berriak ere izango ditu oholtza gainean Audiencek: Ruben Garatea gehitu zaie azken egitasmoan eta Ander Marino Elorza arituko da aurrerantzean perkusioekin. Hannot Mintegiak eta Mikel Sagarnak iaz utzi zuten taldea. «Lurrikara izan da taldearentzat, baina indartuta atera gara, bai musikalki eta bai talde gisa ere». Soinuan ere nabari dira aldaketak Ager Insunzaren arabera. «Musikarien batura da musika talde bat, eta horregatik diot taldekideak ezin direla ordezkatu. Audiencen piezak aldatu dira, ez ordezkatu».

Euskarak inoiz baino presentzia handiagoa duela azaldu du gitarristak: euskaraz sortutako hiru abesti bildu dituzte diskoan eta ingelesezko bi abestitan ere euskara txertatu dute. «Ahalegina egin dugu hizkuntzarekin, eta arriskatu ere egin gara, ingelesez abesteak babestu egiten zaituelako hemen. Ez hori bakarrik: guk ingelesez egiten den musika entzuten dugu, eta horixe ateratzen zaigu. Berdin agertokiaren gainean: niri errazago aterako zait come on! ohiua aizu! baino».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.