'Ilepilak, baita aginak ere'
Artista: Nerea de Diego. Non: Iruñean, Apaindu galerian. Noiz arte: 2024ko urriaren 25era arte.
Apaindu galerian sartu aurretik, erakusleihotik ikus daitezkeen kristalezko burbuila hauskorrak lasaitasunez aztertzen ditut. Lurrean barreiatuta daude, eta tamaina txikia izan arren, haien arteko interkonexioak egitura oso bat osatzen dutela ondorioztatzen dut. Espazioak Nerea de Diego artistaren Ilepilak, baita aginak ere izeneko erakusketa biltzen du. Izenburuak erakusketa barruan ikusiko dugunaren pistak ematen dizkit, eta erakusleihotik aztertzen ari naizen instalazio honek sartzera gonbidatzen nau, nolabait.
Figura bakoitza bestearengan islatzen da, bai alboetan, bai azpian. Pentsatzen saiatzen naiz egitura bakoitzak, gardenak izan arren, sekretu bat gordetzen duela barnean. Hala, burbuilak, hauskorrak bezain gogorrak direnez, galtzeko arriskuan dagoena babesteko aukera ematen dutela irudikatzen dut. Horien artean besteak baino handiagoak diren artefaktuen forma organikoak interkonexio horien elkarrizketekin talka egiten dute, materialen arteko kontrastea sortzen baita.
Argizarizko gorputz borobil horiek Lourdeseko Ama Birjinaren omenezko kandelen tanta urtuetatik sortu dira. Artistak norbaitek jarritako kandelen hondarrak birsortu ditu, eta erritualtasun botiboaren arrastoak agerian utzi ditu. Sekretuak ez dira objektuen barnean soilik mantentzen; beren materialtasunean ere aurkitzen dira. Objektuek memoria propioa dute, eta haien bidez momentu edo pertsona zehatzak gogora ekartzeko bideak irekitzen dituzte, eta hau da kasua. Hain zuzen, erakusketak gurtza isilaren inguruan gogoeta egiteko aukera eskaintzen du, zentzuaren eta materialtasunaren arteko tentsio delikatua nabarmenduz.
Figura bakoitza bestearengan islatzen da, bai alboetan, bai azpian. Pentsatzen saiatzen naiz egitura bakoitzak, gardenak izan arren, sekretu bat gordetzen duela barnean
Mostra biltzen duen espazioak artistaren piezen arteko elkarrizketak ahalbidetzen ditu, eta gorputzaren mugimendua eskatzen duten instalazioek erritmo propioak sortzen dituzte. Gorputzak momentu oro piezen inguruan ibiltzea eskatzen dute, haien xehetasunek mezu ezberdinak igortzen baitituzte. Baina gorputzen presentzia ez da gurera mugatzen, piezek gorputz bihurtzeko joera baitute, baina ez modu figuratiboan, baizik eta ebokatiboan.
Lurretik begirada altxatzen dugunean, adreiluzko horman zintzilikatutako argazki-serie bat sartzen da ikusmiran. Ilez egindako loreak dira, XIX. mendeko gurtza-ohituretatik hartutako irudiak, non norbaiten gorputzetik banandutako zati zehatz bat gordeta geratzen zen. Norbaitek afektuz ehundutako memoriaren artefaktuak dira, eta haien materialtasunak berak oroitzapenak kristaltzen ditu. De Diegok ikuspegi horretatik tiraka, objektu hauek kristalezko aldare moduko egituretan kokatzen ditu, haien dimentsio afektiboa indartuz.
Aldare horietan aurkitzen diren piezen artean, hortzak eta ileak nabarmentzen dira, biak artistaren memoriaren eta bere amonaren oroitzapenen parte direlarik. Hortaz, objektu afektiboen dimentsioa zabaltzen doa. De Diegok bere historia pertsonala erakusgai jartzen duen heinean, jatorri ezezaguneko beste objektu batzuen istorioak ere aktibatzen dituelako. Sentiarazten dit keinu txikiak ikusgarri bihurtzen direla orain, norbaitek, arrazoi jakin batzuengatik, hortz bat edo ile zati bat eman baitzion norbaiti, edo kandela bat piztu baitzuen noizbait.
Keinu txikien gurtza lehenesten duen atmosfera horretan, gaur egun galdu diren errituen hutsuneaz ohartzen gara nolabait. Bada, artistak prozesu hari ekiteko bideak ahalbidetzen ditu, erritualtasunaren dimentsio afektiboa duintzen baitu. Hala, azkenengo espazioan proiektatzen den bideoak nolabait, hortaz ohartarazten gaitu. Objektuok lotura dute gorputzarekin, eta gorputzik ez dagoen momentuan objektua bera da laztantzen gaituena eta memoria betetzen diguna.