MOMA museoak bilduma iraunkorrean du BERRIAren azala ageri den argazki bat

Stefen Chowren eta Huiyi Linen 'The Poverty Line' proiektukoa da argazkia. Elikagaien bidez irudikatu asmo dituzte pobreziaren mugak.

'The Poverty Line' proiektuko argazki bat, BERRIAren azalarekin. STEFEN CHOW, HUIYI LIN
Julen Otaegi Leonet.
2023ko abuztuaren 24a
13:07
Entzun

Luzera, metroak; edukiera, litroak; masa, gramoak... Bada modurik edozeri neurria hartzeko. Batera edo bestera, zerekin neurtu jakin behar da. Tomateak, kasurako: hemen dozena erdia dena dozena bat da Kenyan, pare bat Indian, eta ia hiru Nigerian. Horrela hasi ziren pobreziaren tamainari begiratzen Stefen Chow fotokazetaria eta Huiyi Lin ekonomista: elikagaiekin. Tokian tokiko merkatuetan erosketak egin, bertako egunkari orrien gainean jarri, eta argazkia atera. Labur esanda, horrela heldu da BERRIAren azal bat MOMA New Yorkeko Arte Modernoko Museoko hormetara.

2018ko irailaren 6ko azala ageri da tomateen azpian. Euskal Herrian ziren Chow eta Lin egun hartan, Getxon (Bizkaia). 4,74 euroren truke, sei tomate erosi zituzten, ez gehiago, ez gutxiago. Herrialde bakoitzak bere moduak ditu pobrezia kalkulatzeko. Elikagai bakoitzarekin horixe gasta zezaketen gehienera. Beste hainbeste ordainduta, bi barbarin erosi zituzten, urdaiazpiko pixka bat, lau patata-tortilla zati, sei brokoli eta sandia erdia. BERRIA eta beste hainbat egunkari erosi, argazkia ateratzeko makineria atondu, eta klisk.

The Poverty Line du izena bi artisten proiektuak (Pobreziaren Lerroa). Hamar urtez, 2010 eta 2020 bitartean, 37 herrialdetara bidaiatu zuten, hango eta hemengo jakien eta egunkarien argazkiak bilduz. Aurrekontu mugatu batekin aukerak hartzeko zailtasunak islatu nahi zituzten. Proiektua amaitutzat eman eta hiru urtera, MOMA museoak bilduma iraunkorrera gehitu ditu 48 pieza; besteak beste, Getxokoa. «Proiektuarekin hasi berritan, ez genuen uste artea egiten ari ginenik. Uste genuen behatzen eta dokumentatzen ari ginela», kontatu zion Chowek The Strait Times egunkariari, lana bildumatu zutenean.

Txikitik, gertutik hasi ziren lanean Chow eta Linen. Lerroa gero eta luzeagoa egiten hasi zen, urrunago bidaiatu ahala; bost kontinentetan zehar ibili ziren. Australian, Brasilen, Etiopian, Norvegian, Thailandian...

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.