Ian McKellen aktore ingeles beteranoak bizitza osoa pasatu du William Shakespeareren testuak taularatzen. Makina bat rol antzeztutakoa da beste horrenbeste produkziotan, eta Shakespeareren testuei eta haren pertsonaiak jokatzeari buruzko mintegi eta ikastaroak eman ditu. Horietan guztietan, ezagun zaio aktorearen begiekin leitzen duela bardoaren literatura; McKellenek dioenez, Shakespeareren bakarrizketa ezagunetako iruditeria poetikoa ez dago obren irakurleentzat (edo ikusleentzat) ondua, aktoreentzat baizik. Antza, poesia hori guztia ulertu eta gogoan atxikitzea funtsezkoa da aktorearen interpretazioa aberasteko, testuan bertan dautzan pistak eta ñabardurak baitira antzezleen lanaren gidari nagusietako bat. Shakespeare bera, azken batean, aktorea omen zen. McKelleni kasu eginez gero, pentsatzekoa da aktorea dela (edo hark beharko lukeela) Shakespeareren irakurlerik finena.
Antzeko zerbait gertatzen da James Joyceren Ulises eleberri monumentaleko pasarterik ezagunenarekin. Euskarazko edizioan ia zortziehun orri (oharrak kenduta) hartzen dituen eleberriaren azkeneko kapitulua, Molly Bloomen bakarrizketa, puntuaziorik gabeko eta paragrafo gutxi batzuetan banatutako 50 bat orrik osatzen dute. Kapitulu horretan, Bloomen kontzientzia jarioan lotzen zaio hitza hitzari eta esaldia esaldiari, eta irakurleak, zerbait konprenituko badu, testua ia ozen irakurri beharrean aurkitzen du bere burua, pertsonaiaren gogoetak errezitatzen bezala —edo antzezten—. Puntuazioaren makulu gutxietsi baina ezinbestekoaren faltan, nork bere sena gidari duela egin beharko du testuan aurrera. Mantsoagoa da irakurketa, zalantzatiagoa, eta testuak anbiguoa ematen du askotan. Irakurketa aktibo bat eskatzen du, aktorearen larrutik leitu beharko balitz bezala. Ez da harritzekoa, hortaz, Molly Bloomen bakarrizketa monologo dramatiko gisa egokitu eta taularatu izana frankotan. Bazka ederra da aktoreentzat.
Oro ez da neke, ordea, Molly Bloomen bakarrizketan. Testuan aurrera egiteko pazientziaren ordainetan, eta ustekabez, pertsonaiak hizkera harrigarriki fresko eta natural bat bueltatzen dio irakurleari, ahozko erregistro kaletarretik oso gertukoa: «a ze lasaitua noranahi joanda ere haizea utzi libre auskalo tearekin jan dudan txerri-txuleta hori ona zegoen beroarekin ez zaidan iruditu batere usandua seguru urdaitegiko begirada bitxiko gizon hori alproja galanta zela».
Bere monologoan, Molly Bloomek iraganeko denborak ekartzen ditu gogora, Leopold Bloom senarra ondoan duela, ohean lo. Elkar ezagutu zutenekoaz eta elkarren harremanaz egiten du gogoeta, baina sarritan aldatzen da norabidez, eta eteten, beste gogoeta-mutur bat hartzen, eta horri segitzen.
Kontzientzia jarioa
James Joyceren Ulises, jeneralean, eta Molly Bloomen monologoa, partikularki, kontzientzia jarioaren teknikaren adibide petotzat jotzen dira. Teknika horrek uko egiten dio pertsonaiaren barne bakarrizketa modu logiko eta ordenatu batean testuratzeari, eta horren ordez kontzientziarenjarioa bere horretan atzitzen saiatzen da, hau da, pentsamenduen benetako erritmoa, kadentzia eta noraeza harrapatzen. Pertsonaiaren pentsakizunak batetik bestera jauzika doaz beti, etenka, denboran eta gaietan atzera-aurrera, eta hari diskurtsibo logikoa hamaika bidetan sardetzen da. Molly Bloomen monologoan, puntuazio faltak sentipen horixe funtsatzea du helburu; irakurleak tormentatzeko apeta ez (ezik), kontzientzia jarioaren teknikaren indargarri gisa funtzionatzen du.
Teknika horrek, erro zaharragoak dituen arren (XIX. mende bukaerako psikologian du jatorria), modernismo literarioaren garaian eman zituen fruiturik oparoenak, duela ehun urte inguru. Virginia Woolfek, modernismoaren ikurra bera ere, kontzientzia jarioa erabili zuen Dalloway andrea nobela bikainean ere —Itziar Diez de Ultzurrunek euskaratuta dago—, zeinak Clarissa Dallowayren egun bat kontatzen baitigu. Protagonistaren pentsamenduak saltoka ibiltzen dira Woolfenean ere; pertsonaiaren unean-uneko pentsamenduak zer norabide hartuko, haraxe garraiatzen ditu irakurleak ere.
James Joyceren Ulises-ek zer kontatzen duen, berriz, ez da aise esplikatzen. Molly Bloomen senar Leopold da protagonista, Joyceren Ulises irlandarra, Dublingo kaleetan hara-hona dabilena 24 orduko tartean. Haren gorabeherak eta pasadizoak, bai eta pertsonaia ugari ere, Odisea-rekiko konparazioan agertzen dira: Stephen Dedalus adiskidea, esaterako, Odisea-ko Telemakoren antzeko figura bat da, eta Molly Bloom emaztea, berriz, Penelope izango litzateke. Hiru pertsonaia horien ahots-begiradak kateatzen dira eleberri osoan, hirurak ere desberdinak eta ederki definituak. Orotariko ahotsak ez ezik, orotariko kontamoldeak, genero literarioak, hizkuntzaren erregistroak eta aldaerak nahasten eta hibridatzen dira eleberrian, bide esperimental bihurri bezain oparo batean. Eguzkiaren abelgorriak kapituluan, liburuko hamalaugarrenean, Joycek hizkuntzaren aldaera historikoen bilakaerari segitzen dio, antzinako ingelesetik hasita slang kaletarreraino. Zirtze kapitulua, hamabosgarrena, antzezlan baten konbentzio guztiekin idatzia dago. Sirenak, hamabigarren kapitulua, musikako fuga edo sonata baten egituran osatu omen zuen Joycek, eta aliterazioz eta hitz jokoz josi, musikaltasuna eta erritmoa lortze aldera. Eta literaturaren festa hori Molly Bloomek finitzen du, bere bakarrizketaren jarioan harrapaturik irakurleak.
Literatura
Mollyren ahotsean
Datorren astean ehun urte beteko ditu James Joyceren 'Ulises' eleberriak. Modernismo literarioaren totemik handiena da akaso, nobela erraldoi eta harrapagaitza. Bertan aurkitzen dugu literaturaren historiako monologorik ezagunenetako bat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu