Literatura

Moliere, ohiturak barrez aldaraztea

Moliere idazle eta antzerkigile frantziarra jaio zenetik laurehun urte bete dira. Gizakiaren argi-ilunak umorearen eta ironiaren bitartez deskribatu zituen, maisuki. Lau menderen ondoren, haren fartsa eta komediak askotan interpretatzen dira.

Moliere, Nicolas Mignard margolariak egindako erretratu batean, 1658n. BERRIA.
Ane Eslava.
2022ko urtarrilaren 16a
00:00
Entzun
Castigat ridendo mores, ohiturak barrez aldaraztea. Latinezko esamolde hori zuten goiburu XVII. mendearen hasieran Frantzian barrena aritzen ziren antzoki ibiltari italiarrek, eta Molierek bere egin zuen esaldia. Idazle eta antzerkigileak «jende zintzoari barrea eragin» nahi zion, orduko gizartearen kritika garratzaren bidez. Haren komediak asko interpretatu dira, asmatu baitzuen gizartearen makurkeriak deskribatzen, salaketaren eta satiraren erdibidean. Haren lanak jazarriak eta debekatuak izan ziren, baina idazle frantziar onenetakotzat jotzen da. Atzo laurehun urte bete ziren hura jaio zenetik.

Parisen sortu zen, 1622ko urtarrilaren 15ean, eta haren benetako izena Jean-Baptiste Poquelin zen. Erregetzarekin lotutako familia batean jaio zen, haren aita, Jean Poquelin, erregetzaren tapizatzailea zelako. Moliereren ama, Marie Cresse, hark 10 urte zituenean hil zen. Uste denez, haren osaba-izebek antzokietara eramaten zuten Moliere, eta txikitatik erakarri zuen antzerkiak. Clermonteko jesuiten ikastetxean ikasi zuen, eta 1642an Zuzenbidean lizentziatu zen Orleanseko Unibertsitatean.

Hasieran aitaren urratsak segitu zituen: Luis XIII.aren tapizatzaile postua lortu zuen, lizentziatu eta urte berean. Baina gutxi iraun zuen hor: Bejart komedianteen familia ezagutu zuen, eta erosotasunak uztea eta bokazioari jarraitzea erabaki zuen. 1643an, L'Illustre Theatre taldea sortu zuen, Bejartekin batera, eta, hurrengo urtean, konpainia zuzentzen hasi zen. Hastapenak zailak izan ziren Moliere eta haren kideentzat; porrot asko pilatu zituzten. Orduan hartu zuen artistak Moliere ezizena, ustez haren familiari kalterik ez egiteko. Hainbat estropezuko bolada batean, konpainiak zorrak pilatu zituen, ezen Moliere zenbait egunez kartzelatu baitzuten, 1645ean.

Aske irten zenean, Paris utzi eta herrialde osoan zehar ibili zen zenbait urtez, Charles Dufresne aktorearen konpainiarekin batera. 1650ean L'Illustre Theatreren zuzendaritza hartu zuen berriro, eta hurrengo urteetan bere lehen fartsa eta komediak idatzi zituen: L'Étourdi ou les Contretemps eta Le Dépit Amoureux. Ikusleen estimua lortzen hasi zen, eta haren ospea erregearen anaiarengana iritsi zen: Philippe I.a Orleansekoa. Haren mezenasgoari esker, Molierek beste aktore batzuek baino bizimodu erosoagoa zuen.

1659ko Les Précieuses ridicules komedia arrakastatsuak berretsi zuen haren sona, bai eta Luis XIV.a erregearen babesa ere: haren aurrean tragedia eta fartsa bana antzeztu zituen, eta Errege Jauregian kokatu zen, 1660an. Madeleine Bejarten maitalea izan zen hainbat urtez, baina 1662an haren arrebarekin ezkondu zen, Armande Bejartekin, eta horrek eragin zuen gizarte tradizionalak Moliere lizuntzat jotzea. Mesfidantza, baina, inspirazio iturri gisa erabili zuen, eta kritikatzen zutenak barregarri uzten hasi zen, satirarekin.

1664an, erregeak gorteko dibertimenduen arduradun izendatu zuen. Urte berean, Elizaren hipokrisia salatzen zuen Tartufo idatzi zuen, eta eskandalua piztu zuen: antzezlana bost urtez zentsuratu zuten, eta emanaldi pribatu batzuetan baino ez zuten interpretatu. Urtebete geroago, Tirso de Molinaren El burlador de Sevilla lanean oinarritutako Dom Juan idatzi zuen, Tartufo-rekin batera Moliereren komediarik jazarriena. 1683. urtera arte ez zen testu osoa argitaratu, eta zenbait hitz aldatu zituzten: jainkoa beharrean zerua jarri zuten, eta Eliza beharrean, tenplua, esaterako. Aitzitik, ordurako Moliereren konpainia Errege Konpainia bihurtua zen. Baina dramaturgoaren arrakasta gero eta handiagoa zenean, haren osasuna ahultzen hasi zen, tuberkulosiaren ondorioz. Gaitzak aldizka jardutera behartu zuen, baina ez zion idazteari utzi.

Moliereren azken lana Le Malade imaginaire izan zen. Obra horretan, medikuaren lanbidea satirizatzen zuen: Argan izeneko protagonista saiatzen zen alaba konbentzitzen bere medikuaren semearekin ezkon zedin, osasun gastuetan aurrezteko. Molierek berak gorpuzten zuen Argan oholtzan, eta, paradoxikoki, obraren laugarren emanaldian, ondoezik sentitzen hasi zen; etxera eraman zuten, eta handik egun batzuetara hil egin zen, 1673an. Harengandik dator oholtza gainean horiz ez janzteko sineskeria, emanaldi hartan zeraman arroparen kolorea hori zela uste baita.

Moliere hil ondoren ez ziren itzali hari lotutako eztabaidak: Elizak ez zuen onartu haren gorpua hilerri batean lurperatzea, iritzita aktore lanbidea ez zela duina, eta erlijioari kritikak egin zizkiola. Moliereren alargunak erregeari eskatu zion hileta bat izan zezala, gauez, eta hark baiezkoa eman zuen. Hilerrian lurperatu zuten, baina ez edozein tokitan: jaio berritan bataiatu gabe zendutako haurrei gordetakoan.

Comedie-Françaisen «aita»

Hil eta zazpi urtera, Comedie-Français antzokia inauguratu zuten. Molierek ezin izan zuen ikusi, baina erakunde horren bultzatzaile nagusitzat jotzen da.

Gaur arteko oihartzuna du Moliereren ondareak: haren lanak mundu osoan antzezten dituzte eta hizkuntza ugaritan daude irakurgai. Euskarara ere itzuli izan da: 2008an, Alberdania eta Elkarrek Tartufo eta Zekena antzezlanak eman zituzten Literatura Unibertsala sailean, Juan Martin Elexpuruk itzuliak. Halaber, antzezlan batzuk ere moldatu dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.