Sortu zenez geroztik, ez urtero, baina ahal izan duenetan, Euskal Herriko musika agenda biltzen duen Musika zuzenean atariak formatu txikiko musika proposamenez osaturiko jaialdia antolatu izan du. Gaur egingo du laugarrenez Jaialdi Akustikoa, Urnietako Sarobe arte eszenikoetako gunean, Gipuzkoan (19:00). Elorrion (2011), Andoainen (2012) eta Errenterian (2016) egindako aurreko hiru aldietan bezala, hamabi musikarik osatuko dute egitaraua; bakoitzak bizpahiru kantu joko ditu. «Formatu txikian ari diren musikariak batu ditugu emanaldi berezi honetan, mugimendu txiki baten izozmendiaren punta irudikatuz, adierazi du Koldo Otamendi Musika zuzenean atariaren koordinatzaileak.
Iker Lauroba ibilbide luzeko musikaria da eta Nire gotorlekutik bakarkako bigarren diskoa kaleratu berri du. Iaz kaleratu zuen Tristtan Murgik Dual 1/2: Gordeka lana, folka, popa eta rocka uztartuz; Inun izen artistikoaren atzean Mikel Inunziaga musikaria ezkutatzen da. 2016, urtekoa da Da nola haren azken lana. Euskal poeten hitzak musikatu zituen, hala nola Bernardo Atxaga, Jon Mirande eta Itxaro Bordaren olerkiak.
Miren Narbaiza hainbat proiektutan dabilen musikari oparoa da, eta Mice izenarekin bakarkako bideari ekin zion duela ez asko. Gitarra, loopa eta zenbait efektu erabiltzen ditu. Abuztuan grabatuko du lehen diskoa, Napoka Iria bikoa agurtu ondotik. Olatz Salvador Skakeitan taldeko teklatu jotzailea da, baina bakarlari modura, gitarra akustikoaz eta ahots hutsez taularatzen da, folk giro goxoak bere eginez.
Musikari beteranoak dira Nire (Ivan Zabalegi), Etxe (Iñaki Etxezarraga) eta Libe (Libe Garcia de Kortazar). Folk eta country giroko kantuak ondu zituen Nire-k Hamabost lehen diskoan; Bizi diskoa kaleratu berri du Etxek, hainbat urtez erdi isilean egon ostean. Neubat, Izaki Gardenak eta beste hainbat proiektutan parte hartu du Libek; pianoa izango du lagun bakar gaurko emanaldian.
Hutsa, Siroka eta Kintsukoroi proiektuetako kidea da Maria Rivero. Gitarra akustikoaren laguntzaz ariko da. Gitarra elektrikoarekin eta efektu-pedalen laguntzaz ariko da, aldiz, Nahia Zubeldia (Unama, Lumi...), eta ahots gordinez eta gitarra elektrikoz Unai Pelayo Pelax.
Lear da Jaialdi Akustikoan ariko den hiruko bakarra. Etxean ariko dira, Urnietan. Normalean bertsioak egiten dituzten arren, beraiek sorturiko bi kantu berri emango dituzte gaur.
Molde txikiari bozgorailu ozena
Laugarren Jaialdi Akustikoa egingo du 'Musika zuzenean' atariak, gaur, Urnietan. 11 bakarlari eta Lear hirukoa ariko dira, bina kantu emanez
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu