Mohammad Rasulofen 'There Is No Evil' filma izan da garaile Berlinalen

Hong Sangsook irabazi du zuzendari onenaren Zilarrezko Hartza, 'The Woman Who Ran'-ekin

Baran Rasulof aktoreak jaso zuen Urrezko Hartza Mohammad Rasulofen partez, atzo. RONALD WITTEK / EFE.
itziar ugarte irizar
2020ko martxoaren 1a
00:00
Entzun
Dozenatik gora laneko filmografia ondua, eta parte handiena Irango gobernuak zentsuratua. Alderdi hori nabarmendu izan dute Mohammad Rasulof zinemagile irandarraren gaineko idatzi gehienek, eta badute azpimarratzen segitzeko arrazoi berri bat: 70. Berlinale jaialdiko garaile nagusia izan da Rasulof, There Is No Evil filmarekin, baina ez zuen atzo Berlinen egindako sari banaketan izaterik egon, Teheranek debekatuta. Heriotza zigorrari buruzkoa da film saritua; are, «haren kontrako manifestutzat» hartu dute askok. Faboritoen artean zegoen lana, eta Urrezko Hartza hari ematea erabaki zuen azkenean Jeremy Irons aktoreak gidatutako epaimahaiak.

Lau istorioren bidez eraiki du pelikula Rasulofek, lau gizon hartuta protagonistatzat, guztiak, aldez edo moldez, galdera batek zeharkatuak: Zein puntura arte da gizakia bere erabakiak hartzeko askea, mehatxuz eta arriskuz betetako erregimen batean? Giro estu horretan, euren burua beste batzuk hiltzera kondenatuta ikusiko dutenen begirada jaso du zinemagileak.

Lehenago jakinarazi zuten Sari Nagusia-Zilarrezko Hartza: Eliza Hittman Never Rarely Sometimes Always filmak irabazi zuen. Abortuaren gaia dago kontakizunaren muinean, eta AEBetako zinema independenteari emandako saritzat hartu dute askok Hittmani banatutako garaikurra.

Zuzendari onenaren Zilarrezko Hartza, ostera, Hong Sangsoo korearrak eraman zuen, The Woman Who Ran filmarekin. Zinemagilearen hogeita laugarren pelikula da jada, eta soilik emakumezkoak jarri ditu oraingoan kameraren aurrean. Senarra laneko bidaia batean dela baliatuta, andre gazte batek (Kim Minhee) hiru lagunekin dituen enkontruek josten dute narrazioa.

Interpretazioari gordetako sarietan, Paula Beerek eraman zuen emakume aktore onenaren Zilarrezko Hartza, Undine filmean egindako lanagatik. Gizonezko antzezle onenaren Zilarrezko Hartza, berriz, Elio Germanorentzat izan zen, Volevo nascondermi pelikulari esker.

Bigarren planoan sarituak

Sari entzutetsuenen aurretik banatu zituzten oihartzun txikiagokotzat har daitezkeen sariak. Horien artean, film labur onenaren Urrezko Hartza Keisha Rae Witherspoonen T lanari eman zioten; eta zilarrezkoa, berriz, Rafael Manuelen Filipiñana-ri.

Dokumental onenaren saria Rithy Panhn kanbodiarraren Irradiés-ek eraman zuen; genozidioen osteko oinazea du mintzagai lanak, eta Sail Ofizialeko lehian eman zuten, zerrendan zegoen dokumental bakarra izanik.

Gidoi onenaren Urrezko Hartza, berriz, D'Innocenzo Brothersen Favolacce filmarentzatizan zen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.