www.mondragon.edu/huhezi/ekt
Jainkoa hil zuen Nietzschek. Familia hil omen dugu guk. Maitasuna hil omen dugu. Bizi osoko lana hil omen dugu. Sakrifizioa hil omen dugu. Ideologiak hil omen ditugu. Autoritatearekiko errespetua hil omen dugu. Mundua ez zen aldatuko beharbada, baina mundua irakurtzeko daukagun modua bai. Andoni Eizagirre soziologo eta filosofoak azaldu zigunez, hori omen da gure belaunaldiak garai berrien inguruan egiten duen irakurketa. Eta soziologiak, sarritan, gizartearen barruko tentsioak eta ñabardurak azaltzen ez baditu ere, joerak erakusteko balio du.
Aldaketa garaian bizi gara, eta instituzioen eragina desagertzen ari da. Modernitatea atzean uzten ari gara. Etorkizunerako profezia bat erakutsi ziguten; aurrerantz doan mundu baten parte sentiarazi gintuzten. Baina bestelako errealitate batekin egin dugu topo. Gehiago ikasteak ez digu soldata hoberik ekarri. Ongizate gizartean ez gara gure gurasoak baino hobeto biziko. Kontsumo-gizartean sekula erosterik izango ez ditugun bizitzak ikusten ditugu erakusleihoetan. Etorkizunean sinesteari utzi diogu, beraz; orainaldia bizi dugu. Jon Sarasuaren hitzaldiarekin oroitu naiz ni: kultura fluxu bat omen da, belaunaldiz belaunaldi jauzika doan ibai bat. Lehengoei jasotakoa gaurkotu eta gerokoei ematea da gure funtzioa. Etorkizunean sinesten ez duen belaunaldi batek zer gerokotuko du, ordea?
Instituzioek ematen zizkiguten bizitzeko behar genituen balioak. Familiak, lanak eta ideologiak egiten gintuzten, besteak beste, pertsona. Baina elkarrengandik urrundu egin dira denak. Erabakitzera behartuta gaude uneoro; bidegurutzez jositako bide-zidorretan gabiltza. Eta irakurketa bat baino egin daiteke honen inguruan ere. Esan dezakegu autodeterminazioa lortu dugula; erabakitzeko aske garela, askatu garela garai bateko roletatik. Baina, aldi berean, ziurgabetasunen mundu batean bizi garela ere pentsa genezake; merkatua sartu dela gure bizitzetan eta harreman eta ideiak ere «erosi, erabili eta bota» egiten ditugula. Unean uneko kalkuluek gidatzen omen dute gure jokabidea. Kulturak ere hala «kontsumitu» al daitezke, bada?
Euskarak, biziko bada, etorkizunerako bisio konpartituak behar omen ditu. Jon Sarasuaren gizarte-ehuna behar omen du, Julen Arexolaleibaren komunitate artikulatua, Gotzon Barandiaranen kolektiboa, Imanol Lazkano eta Laxaro Azkuneren herria. Baina, instituziorik gabeko mundu batean, batasunik gabeko mundu batean, pertsona erabat autodeterminatu eta ziurgabeen mundu batean, zer da euskal komunitatea?
Arbelari begira. Euskal Kulturaren Transmisioari Buruzko 3. Graduondokoa
Modernitatearen heriotza
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu