'Moby Dick' euskaratu du Juan Garziak

Balea Zuria argitaletxeak kaleratu du itzulpena, Hondarribiko Udalaren babesarekin. Euskal balearen arrantzarekin alderatu du eleberria Garziak.

13374881
Juan Garzia, berak euskaratutako 'Moby Dick' eskuan. MAIALEN ANDRES / FOKU
urko iridoy alzelai
Donostia
2023ko azaroaren 25a
05:00
Entzun

Herman Melvillek 1851. urtean argitaratutako Moby Dick eleberria euskaratu du Juan Gartzia itzultzaileak. Balea Zuriak kaleratu du eleberria, hau da, Melvilleren eleberri klasikoaren harira duela sei urte sortutako argitaletxeak. Liburua Hondarribiko Udalaren babesarekin garatu da.

Juan Ramon Makuso editoreak aitortu du betidanik nahi izan duela Balea Zuriak Moby Dick euskaratu: «Askotan irakurri dut eleberria, baina beti gazteleraz. Juanek euskaratzeko prozesua hasi zuela esan zidanean, asko poztu nintzen. Lagunarteko omenaldi bat da, guretzat gauza oso handia». Garziak proiektua argitaletxeari aurkeztean sustapen ekonomiko baten bila jarri zirela esan du Makusok: «Euskal Herriko kostan, asko dira balearekin lotura duten herriak; beraz, hori aprobetxatu nahi genuen, haiei proiektua aurkeztu eta bertan inplikatzeko. Hendaiatik hasi eta Hondarribia, Pasaia, Orio, Bermeo... asko dira ezaugarri hori duten herriak. Hondarribiko Udalean aurkeztu genuen lehenengo, eta baiezkoa eman ziguten; beraz, bilatzeari utzi genion».

Txomin Sagarzazu Hondarribiko Udaleko alkate ohiak adostasuna erakutsi zuen, eta, maiatzean udalbatzan aldaketa egon arren, gobernu berriak aurrera jarraitu du Garziaren lanarekin. «Liburua esku artean ikusita, nik hiru altxor ikusten ditut proiektu honetan. Alde batetik, eleberria bera, Melvillek idatzitako istorioa. Bestetik, euskaratzea, Juanek egindako lana. Eta, azkenik, balea arrantza eta horren harira gure herriak izan duen historia», esan du Ortzi Alonso Hondarribiko Kultura zinegotziak. Garziak harreman estua erakutsi du Hondarribiarekin: «Ni legazpiarra izan arren, Txingudin bizi izan nintzen gaztaroan, Irunen zehazki. Bertan lagun asko egin nituen, baita Hondarribikoak ere. Kuadrillan arrantzale familiako jendea bagenuen, eta arrantzale zahar asko ezagutzeko aukera ere izan nuen. Itsasoko istorioak entzun nituen, eta asko ikasi nuen».

Moby Dick-ek Euskal Herriarekin antzak dituela azaldu du Garziak, euskal balea arrantzarekin zehazki. Melvilleren eleberriko balea ez da euskal eskifaiek harrapatzen zituztenen modukoa; hemengoak euskal baleak ziren, eta Moby Dick zeroi balea zen. «Traineruak eta txalupak dira Moby Dick-en eta euskal arrantzaleen arteko berdintasunik handienak. Denok ikusi ditugu traineruak pelikulan, eta gure arrantzaleek erabiltzen zituzten bezalakoak ziren», azaldu du Garziak. Hemeretzigarren mendearen amaieran, Melvillek Moby Dick idatzi zuen garaian, itsasoa «meategi handia» zen; Garziak esan du baleen arrantza gaur egungo petrolioarekin eta horren merkataritzarekin alderatu ahal dela. 

Arrantzaleek, garai zaharretan, hiru-lau urteko bidaiak egiten zituzten baleak harrapatu eta haiekin merkataritzan aritzeko, baina Garziak «pixka bat gehiago» behar izan du itzulpengintza lana osatzeko. Bost urteko prozesua izan da Moby Dick-en euskaratzea, baina Gartziak azaldu du berak arrantzaleek baino «hobeto» pasatu duela bere ibilbide horretan: «Oso ondo pasatu dut prozesu honetan; Quevedok zioen moduan, begiekin hizketan denbora aparta pasatzen dut nik-eta. Hondarribian eta Bermeon ez ezik, Ameriketako Estatu Batuetan ere ibili naiz, itsasoa ezagutzen ez duen ibai baten haranean, non orduak oso luzeak izaten diren, eta oso gustura egon naiz han, lan egiten nuen bitartean». Ez du iritzi gozoa zuzenketa prozesuaz, «nekagarria, luzea eta aspergarria» izan dela esan baitu. Zuzenketan liburua hainbat aldiz irakurri eta berrikusi behar izan duela esan du Garziak, eta itzulpen bat ez dela bukatzen denean entregatzen, baizik entregatzen denean bukatzen dela.

Garziak eskerrak eman dizkie bere ingurukoei, hark «eskifaia» deitu dienei. Esker bereziak eman dizkio Anjel Lertxundiri: «Nire eskifaiako kapitaina da. Hark bideratu nau literaturan eduki dudan ibilbide osoan. Azkeneko urteetan literatur itzulpengintzaren aldarria bilakatu da Anjel, inork ez bezala famatu gaitu eta». Garziak gehitu du Lertxundik «engainatuta» itzuli zuela lehenengo literatur obra. 

Etorkizuneko lantegiak

Azkeneko bost urteetan, itzulpengintzan, eta zuzenketa prozesuan gehienbat, «nekatuta eta ase» amaitu duela esan du Garziak. Melvilleren eleberriaren ondoren deskantsatzeko, beste lantegi batzuk hartu zituen Garziak, haien artean Shakespeareren itzulpen bat: «Gauetan, ohera joan beharrean, ordenagailua piztu, eta aipu bat hartzen nuen. Azkeneko sei hilabeteetan ez dut ukitu ere egin, baina gutxi falta zait hori bukatzeko. Lagungarria izan da Moby Dick-en zuzenketa prozesua aurrera eramateko». Garziak argi utzi du bera ez dela ibiltzen erronka bila, baizik haiekin topo egiten duela. Aurrera begira ere, orain egindako itzulpena edonork aldatzeko edo hobetzeko aukera eman die Garziak hurrengo itzultzaile belaunaldiei.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.