Mixel Aire Etxebarren 'Xalbador II.a' hil da, 81 urtetan

Bertso sariketa askotan lehiatu zen, bereziki Nafarroako Bertsolari Txapelketetan, 80ko eta 90eko hamarraldietan. Xalbador, Mattin, Jon Lopategi eta Txomin Ezpondarekin egin zuen bere lehen plaza, 1967an. Ehorzketa larunbatean eginen dute, Urepelen.

Mixel Aire, 'Xalbador II.a', artxiboko irudi batean. BOB EDME
Mixel Aire, 'Xalbador II.a', artxiboko irudi batean. BOB EDME
Garbine Ubeda-Iñaki Etxeleku
2025eko urtarrilaren 14a
09:50
Entzun

Urepeleko artzaina eta bertsolaria zen, aita bezala. Xalbadorrenean sortu zen, 1944an, Urepelen (Nafarroa Beherea), eta hiru alaba ukan zituen Marie-Michele Bethartekin: Amaia, Paxkalin eta Miren. Hain zuzen, Aire Ahizpak taldea osatzen dute hirurek.

Mixel Aire Etxebarren Xalbador II.ak bat-bateko sariketa askotan parte hartu zuen, batik bat Nafarroako txapelketetan: 1980tik 1996ra bitartean hamazazpi aldiz lehiatu zen, eta finalera iritsi zen gehienetan, baita hiru txapel jantzi ere (1980an, 1985ean eta 1988an). Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoa batzen dituen Xilaba txapelketan, berriz, bi aldiz aritu zen: 2008an eta 2010ean. Txapel horiez gain, Artxanberri saria jaso zuen 1978an, eta Osinalde saria 1981ean.

Bertso jarriak ere baditu ezagunak: esate baterako, Ameriketan bakarrik (1969); Argia ta Ama; Agur Jaun Bikario Jenerala; Herri Urrats Senperen; Urepeletik doakigun jaun erretorrari; Euskaldunak Ameriketan; eta Manuel Alzugarai.

Hazparnen (Lapurdi) egin zuen lehen plaza, 1967an: Xalbador, Mattin, Jon Lopategi eta Txomin Ezpondarekin aritu zen bertsotan.

Nafarroan txapeldun

Manolo Arozena Nafarroako bertsolariak ongi ezagutu du Mixel Aire, Ipar Euskal Herriko bertsolariek Nafarroako Bertsolari Txapelketan parte hartzen zutelarik. Pena handiz hartu du heriotzaren berri. Aire jada aritua zen Nafarroako Txapelketan Arozena hasi aitzin. «Nahiko harreman pollita» ukan eta atxiki zuten ordutik, oroitu du Arozenak. Bata bestearen etxeetan ibiliak dira txapelketez kanpo ere. Berako (Nafarroa) gasna lehiaketan ere ibili ziren elkarrekin, Arozena bera epaimahaian zela. «Denek ezagutu dugun Mixel, beti izan da gizon apala, goxoa; zirikatzailea, baina beti zentzu onean», adierazi du Arozenak. Pertsona zintzoa gogoratzen du, «egia beti garbi erraten zuena». Jende ona besteekin ere: «Babeslea, bultzatzailea».

Estitxu Fernandez bertsolari nafarrak ere ezagutu zuen Xalbador II.a, Nafarroako txapelketaren karietara. «Nik txapelketan parte hartu aitzinetik, bera entzuna nuen txapelketan». Gero, Fernandez saioetara sartu zenean, elkar ezagutu zuten. «Beti sentitu dut haren partetik zaintza handi bat», adierazi du Fernandezek. Gaur egungo begiradatik, aitzina, argiki gogoratu zaio hori. Fernandezek ikusten baitu oraingo kantari emakumeen artean den «ahizpatasuna», «elkar zaintzeko sare hori», orduan ukan ez zutena. Txapelketako giro hartan, «lehiaren formatuan, esposizio handiarekin», batzuetan «bakarrik sentitu» izan zen Fernandez, eta Aire gogoratzen du babesle gisa hark ere: «Nola begiratzen zidan, nola agurtzen», tokia eginez. Adin tartea izanagatik, Fernandezek ez zuen sekula paternalismorik-edo sentitu harengandik: «Ez zen batere ttikiagotzen ninduen zerbait, aldrebes». Bere tokia ematen ziola eta zaintzen zuela gogoan du, «umiltasun handiz». «Harekin aritzen nintzelarik, eroso sentitzen nintzen, lasai».

Bertsolari gisa, Arozenak «oso maila oneko» bertsolari gisa zeukan Mixel Xalbador. «Bere aitaren famak eta dohainak... pisu hori beti eraman du, baina Mixel maila oso politeko bertsolaria zen». Laketu ziren elkarrekin bertsotan aritzean. Arozenak hala laburbildu du Airez atxikitzen duena: «Gizon ona, bertsolari ona eta lagun ona. Mixel beti goxo, eta beti alai zegoen».

Bertsolari gisa ere «eskuzabala eta zaintzailea» sentitu du beti Fernandezek. Nafarroako Txapelketan eta hortik kanpoko saioetan ere aritu ziren elkarrekin, hamar urtez. «Hamar urtez plazetan topatzen duzunean norbait horrela zaintzen zaituena, eta harekin etxe eta eroso sentitzen zarena kantuan, emozio handiarekin oroitzen dut», gehitu du Fernandezek, hunkiturik. Mixel Aireren bertsokeran «Xalbador aitaren esentzia» bazegoela uste du Fernandezek, eta «ziria sartzeko grazia hori». Kantuan gozo eta umil ari zela umore joko hori bat-batean agertzen ahal zuela gogoan du. «Ofiziotan, zortziko txiki batean adibidez, sartzen zizun bere eztentxoa irri murrikatxo batekin. Umore hori bazuen espero ez zenuenean». Hiru alde horiek ikusi zizkion Aireri Fernandezek: sakontasuna emozioetan, umore jokoa eta bertsokidearekin eskuzabal, zaintzaile.

Bertsulariaren Lagunak

Bertsularien Lagunak elkarteko arduradun gisa, Aireren aspaldiko ezagutza zuen Kepa Muruak. Ondoko urteetan ere usaia hartu zuten urte guziz lagunarteko bazkari bat egiteko. Hark ere onezia azpimarratu du hari buruz mintzatzerakoan: «Oso irekia zen, argia; pertsona arrunt umila eta zintzoa».

Bertsolari eta Bertsularien Lagunak elkarteko lehendakari ohi Kexux Arzallusek adiskidea zuen Xalbador II.a. Hunkiturik deskribatu du lagun zendu berria: «Gizon argia, garbia, txintxoa, hitzekoa. Holako gizonak gutxi pasatzen dira mundu honetatik». Euskarari biziki atxikia zen euskalduna zela gehitu du Arzallusek: «Euskararekin bizi izan da; artzaintzan eta mendian. Jende aurrean bertsolari fina eta zintzoa».

Mixel Xalbador-en belaunaldian Ernest Alkhat, Txomin Ezponda, Xanpun eta Jean-Pierre Mendiburu bezalakoak aritu dira bertsotan Ipar Euskal Herrian. Xalbador aitaren eta Mattin Trekuren ondotik heldu ziren. Bi «mito» horien itzala bizi izan bazuten ere, Arzallusek uste du Mixel Airek bertsotan «xuxen eta ongi» egiten zuela. Bertsoa pentsatzen zuela eta «jende aurrean bustitzen» zela. «Sentsiblea eta minbera» gerta bazitekeen, harekin bizi izandako bazkari eta momentu orotan umore fineko pertsona atxikitzen du Arzallusek. «Umorea oso ongi gordeta eramaten zuen. Bere istorioak, txisteak... umorea oso berea zuen». Memoria handia ere bazeukan.

Arzallusek Aireren kantaera ere aipatu du. «Belarri ona zuen. Kantatzen zuen xuxen, goi-goitik, eta mugaraino eramaten zuen». Eta euskara zainduz. «Euskarari inongo tranparik egin gabe kantatzen zuen. Hark kantatutako bertsoa idazteko maneran gelditzen zen».

Mixel Aireren ehorzketak larunbatean iraganen dira, Urepelen, 11:00etan. Bisitak, berriz, Baigorriko beila etxean eginen dira, asteazken arratsalde honetatik goiti.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.