«Modernitatearen narrazio guztiak krisian dauden neurrian,euskalduntasuna eta abertzaletasuna ere birpentsatu egin behar dira, eta, horretarako, euskaltzaleok batu egin behar dugu, eta adostu zer-nolako mamua gorpuztu nahi dugun, nahi baldin badugu zer edo zer gorpuztu». Horixe du tesi nagusietako bat Mitxelko Urangaren (Berango, Bizkaia, 1978) Espektroak. Gutuna euskalduntasunari buruz liburuak (Utriusque Vasconiae), egilearen Espektroak trilogiako bigarrenak. Birpentsatze horretan, Urangak oso argi dauka euskarak derrigor egon behar duela, eta ez bigarren maila batera baztertuta.
Euskal kultura dute gai nagusi eta ardatztrilogiako hiru liburuek, eta «puzzle bat» osatzen dute, egilearen esanetan. «Ez dira bata bestearen jarraian egindako hiru ale. Liburu batek ez du bukatzen jorratzen duen gaia, eta besteek bestelako ikuspegi bat ematen diote gai horri. Edozein ordenatan irakur daitezke, baina elkarrekin lotuta daude». Trilogiako aurreneko liburuan —Espektroak. Euskal 'terroristak'—, ikuspegi soziologikoa nagusitu zen; bigarrenean, berriz, ikuspegi filosofikoa nagusitzen da, egileak dioenez. Hirugarrenak Espektroak. Euskaldunak Europan izango du izenburu, eta historiari eta antropologiari erreparatuko die bereziki. Trilogiako liburu bakoitzak bere hitzaurregilea ere badu: Joxe Azurmendi, Edu Apodaka eta Imanol Galfarsoro, hurrenez hurren.
«Lehen liburuan adierazi nuen euskal kultura modernoa hilda dagoela, baina haren mamua bizirik dagoela eta oraindik aukera daukagula gorputz berriak emateko», adierazi du Urangak. Bigarren liburuan, berriz, planteatzen du euskalduntasuna krisian dagoela, birpentsatzeko garaian, eta zer mamu gorpuztu nahi den adosteko unea dela. «Kritika bat egiten diet Nabarraldekoei, eta oro har historizistei, historia baino ez dutelako nabarmentzen, eta beste gauza asko ahaztu; baita lurraldetasuna soilik kontuan hartzen dutenei ere, ez zaidalako nahikoa iruditzen euskalduna izateko muga batzuen barruan bizitzea; Koldo Izagirreren Autopsiarako frogak liburuko aipu bat egiten dut hor: Izagirrek dio nahi duela Euskal Herri bat non margolariek euskaraz margotzen duten, eta ni bat nator horrekin».
Mamu bat gorputz bila
«Ondorioa da zerbait berria asmatu behar badugu ere euskarak hor egon behar duela derrigor, eta euskarak baldintzatzen duela gure mamua», dio Urangak. «Mamua euskara da, eta euskararik ez balego, ez legoke ez mamurik eta ez gorpuzterik. Euskara da abiapuntua, eta gero adostu beharko dugu zer gehiago izan beharko duen kontuan abertzaletasunak, euskalduntasunak edo dena delakoak, hari gorputz jakin bat emateko».
Argitaratu berri duena «eztabaida pizteko liburu bat» dela dio egileak. «Batzuetan iraganarekin apurtu beharko dugu eta beste batzuetan ez. Baina euskarak izan behar du abiapuntua».
Mitxelko Uranga: «Zer mamu gorpuztu nahi dugun adostu behar dugu»
Euskal kultura ikuspegi filosofikotik aztertu du 'Espektroak. Gutuna euskalduntasunari buruz' saiakeran
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu