Musika

Mitsuko Uchida piano jotzaileak eta Xabier Anduaga tenorrak errezital bana egingo dute Donostiako Musika Hamabostaldian

Abuztuaren 1etik 29ra, 70 ekitaldi inguru proposatuko ditu Donostiako Musika Hamabostaldiak. Bi urteurrenek ardaztuko dute Hamabostaldia: Ravelen jaiotzaren 150.ak, eta Xostakovitxen heriotzaren 50.ak.

Leipzigeko Gewandhaus orkestra. MUSIKA HAMABOSTALDIA
Leipzigeko Gewandhaus orkestra. MUSIKA HAMABOSTALDIA
garbine ubeda goikoetxea
2025eko martxoaren 28a
13:06
Entzun 00:00:0000:00:00

Donostiako Musika Hamabostaldiak katalogo zabal eta askotarikoa osatu du 86. aldirako. Abuztuaren 1ean hasi eta 29ra bitarte, Leipzigeko orkestra sinfonikoa, Xabier Anduaga tenorra, Preljocaj balleta eta Mitsuko Uchida piano jotzailea arituko dira, besteak beste. Programa osoa datozen asteetan azalduko duten arren, Kursaalean eta Viktoria Eugenia antzokian izango diren kontzertuak aurreratu dituzte antolatzaileek.

Salbuespen gisa, dantza ikuskizun batek zabalduko du Kursaaleko auditoriumeko kontzertu handien zikloa: Angelin Preljocajen balletak Requiem(s) estreinatu berria dantzatuko du abuztuaren 1ean —Parisko Philharmonien egin zuen lehen aldiz, 2024an—. Mozart, Ligeti, Bach, Messiaen, Haas eta Johannsson musikarien konposizioak eta Erdi Aroko kantuak oinarri hartuta, galerari lotutako emozio konplexu eta intimoak aztertzen dira dantzan. Koreografoak lagun minen eta senideen heriotza izan du bere lanaren abiapuntua.

Valentziako orkestra sinfonikoak lehen aldia izango du Donostiako Musika Hamabostaldian. Abuztuaren 3an, Txaikovskiren Piano eta orkestrarako 1. kontzertua interpretatuko du Nelson Goerner piano jotzaile argentinarrarekin, baita Xostakovitxen 5. sinfonia ere. Eta biharamunean Xabier Anduaga tenorrarekin eta Federica Lombardi sopranoarekin arituko da Valentziako orkestra; Rossiniren Stabat Mater emango dute.

Abuztuaren 9an, Jesus Guridiren Amaia opera orkestra bertsioan interpretatuko dute, besteak beste Euskadiko Orkestrak eta Easo abesbatzak. Abuztuaren 20an ere beste horrenbeste egingo dute West Side Story musikalarekin. Abuztuaren 22an, Espainiako Orkestra Nazionalak Hitzik gabeko eraztuna aurkeztuko du; Lorin Maazelek Wagnerren Nibelungoaren eraztuna tetralogiaren gainean egindako moldaketa da.

Jordi Savall izango da artista nagusia abuztuaren 24an; Le Concert des Nations talde instrumentalarekin eta La Capella Nacional de Catalunyarekin batera ariko da, eta, besteak beste, Walpurgisen lehen gaua interpretatuko dute.

Parisko Opera Nazionaleko Orkestrak Maurice Ravelen hiru obra interpretatuko ditu, Thomas Ades zuzendari eta konpositorearen gidaritzapean: Baltsa, Ezker eskurako kontzertua eta Couperinen hilobia suitea. Ziburuko konpositorearen jaiotzaren 150. urteurrena izango dute gogoan.

Leipzigeko (Alemania) Gewandhauus orkestrak lehen aldiz joko du Donostiako Musika Hamabostaldian. Abuztuaren 28an Hillary Hahn biolin jotzailearekin arituko da, eta Dvoraken Biolin eta orkestrarako kontzertua la minorrean interpretatuko dute elkarrekin. Munduko orkestra zibilen artean zaharrena den horrek, bestalde, jaialdiaren amaierako kontzertua joko du. Emanaldi horretan, Donostiako Orfeoiarekin arituko da, eta bi bakarlari izango dituzte lagun: Julia Kleiter eta Christian Gerhahe.

Lau ikuskizun Viktoria Eugenian

Rafaela Carrasco koreografoak Gautiarra. Insomnioaren arkitektura flamenko ikuskizuna eskainiko du abuztuaren 5ean. Hitzen eta gorputzen bidez, poesian oinarritutako esplorazio bat da Carrascorena. Gongora, Lope de Vega, Joana Ines Gurutzekoa eta Espainiaren Urrezko Mendeko beste zenbait idazle izan ditu inspirazio iturri.

Abuztuaren 12an bigarren saioa egingo du Xabier Anduagak. Macij Pikulski piano jotzaileak lagunduta, Verdi, Donizetti, Massenet eta Gounod konpositoreen ariak interpretatuko ditu, baita Tosti, Bellini, Liszt eta Hahnen abestiak ere.

Mishuko Uchida piano jotzaileak abuztuaren 18an hartuko du protagonismoa; Beethovenen 30., 31. eta 32. sonatak interpretatuko ditu.

Bestalde, Haurren Hamabostaldiak estreinaldi berezi bat izango du: Nizugu opera. Musika Iñaki Carcavillarena da, eta libretoa Marta Garcia musikologo eta BERRIAko musika kritikariak idatzia da. Argumentuak ikastetxea, lagunak, familia eta norbanakoa lotzen ditu.

Hamabostaldiaren Lagunek apirilaren 8ra arte izango dute sarrerak eta abonuak lehentasunez eskuratzeko epea. Sarrera solteen salmena orokorra, berriz, maiatzaren 21ean zabalduko dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.