«Mitologia entzutean, jendeak pentsatzen du Tartaloren begi bakarrean, Mariren istorioan eta ilea urrezko orraziz orrazten duen laminan. Halako ipuinetan. Eta ez da hori». Juan Ignazio Hartsuagaren (Tolosa, Gipuzkoa, 1957) gogoetak dira, irudi distortsionatu batez mintzo. Berak luzaroan pairatu du egoera, «etiketek indar handia» dutenez gero. Eta, halere, eutsi dio ikerketa bideari, aurreiritzitik harago mitologiaren balioa mahai gainean jarriz, liburuz liburu. Halaxe osatu du azken saiakera ere: Ideia eta balioen bestelako historia laburra eta horren irakasgaien aplikazioa gaurko gizartean (Pamiela). Atzo aurkeztu zuen lana, Donostiako Liburutegi Nagusian.
Unean uneko —eta gaur eguneko— gizarte bakoitzaren zantzuak eman ditzakeelakoda interesgarria mitologia, informazio iturri gisara. Hain justu, diziplina horren atzean dauden «balio eta irakaspenak» bilatu ditu Hartsuagak, azaltzeko «neurri batean nola gure gaurko sena horren oinordeko den, eta nola dauden ezkutuan hainbat gauza, eta, interpretazio lana eginez, zeinen argi ageri diren». Hala, gizakiaren historiaren erretratua egin du ikerlariak, ideologia nagusi eta hegemonikoak taxutuz, eta, aldi berean, egungo eta etorkizuneko erronkentzako irtenbideak proposatuz.
Ikuspuntu aldaketa bat da, finean. Historiak jazotakoa azaltzeko erabili dituen tresnetatik harago, mitologian eta antropologian aurkitu ditu Hartsuagak heldulekuak, gizakiaren ibilera kontatzeko. Besteak beste, senidetasun harremanak eta garaiangaraiko ezkontza arauak baliatu ditu, ikerketa lanerako. «Paleolitoraino eramaten gaituzten hainbat gauza, oso ezezagunak». Eta ikuspuntua aldatuta aldatzen da ikusten dena ere: «Gauzei beste modu batean begiratu, eta lehen ikusten ez genituen gauza batzuk ikusten dira».
Azterketa lana behin eginda, sendo mintzo da antropologoa: «Gure gizartea taxutu duten ideologia nagusiak historia hasi aurretik, idazten hasi aurretik, bertan ziren». Eta ondoren, banan -banan, lau iraultza ideologiko edo «olde» nagusi azaltzen ditu.
Lehenengoa, trantsitibitateesaten zaiona, Paleolito garaian, Eurasian sorturiko ideologia da, «gizartearen orokortasunaz kezka» azaldu, eta «zintzotasuna gizartegintzaren ardatz» gisa jartzen duena. Hartsuagak dioenez, zintzo izatea, pertsona hainbaten ezaugarriaz harago, gizartea antolatzeko euskarria da pentsamolde horretan.
Bigarrena Neeolito garaian gertatu zen aldaketa handia da, nekazaritzaren sorrera. Horren ondorioz, «gizakiak bere burua naturatik kanpo» kokatzen du lehen aldiz, harekiko partaide baino gehiago, hura kontrolatuz. «Gizakiaren historian aldaketa ideologikorik handiena» da hori, antropologoaren hitzetan. Dolmenismoa da hirugarrena, orain 6.000 urte inguru sortua. Lankontzeptua asmatu zuen joera horrek, «eta gizakiak lanean jarri». Azkenik, indoeuropar zibilizazioak —besteak beste, germaniarrek edo erromatarren gisako herriek osatua, «inperioak, konkistak, erregetzak, gerrak, eta antzeko ekarpenak» egin zituen.
Hartsuagak dioenez, «gure gizarte guztiak lau horien koktel bat» dira. Horregatik, «horiek ondo ezagutzeak munduaren beste ulerbide bat ematen digu».
Atzokoa eta gaurkoa azaldu
Hain zuzen ere, lau ideologia nagusi horien azterketa jaso du Hartsuagak liburuaren lehen partean, eta gaurko gizarteetan horietaz geratzen diren arrastoak gorde ditu bigarrenerako. Hirugarren zatian, berriz, euskal mitologiaren eta haren testuinguru paleoeuroparrari buruzko hainbat artikulu motz paratu ditu. «Euskal berezitasunik ez dago», ordea, liburuan, baina bai, konparazio metodoa erabili denez gero, euskal kulturak beste batzuekin izan ditzakeen «kidetzak».
Saiakera «zintzoa» da Hartsuagaren liburua, Pamielako editore den Jose Angel Irigarairen ustez, «historia iristen ez den behialako parametroetara eta eremuetara» iristen dena, «arkeologia eta mitologiaren bidez, fosil eta zantzuen bidez». Baina atzerako bideaz gain, aurrerakoa ere bada. Eta horri ematen dio garrantzia Irigaraik: «Mitologian islatzen da gizarteak nolakoak ziren, eta gakoak ematen ditu gaurkorako».
Mitologiaren arrasto eta irakaspenak
Antropologia eta mitologiari helduz, historiako ideologia nagusiak aztertu ditu Juan Ignazio Hartsuagak. Liburu batean jaso ditu ondorioak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu