Mitoa eta historia, bat

XVI. mendeko mito historikoak egokitu eta kontatu ditu Julen Arriolabengoak 'Jaun Zuriaren askazia' lanean

Julen Arriolabengoa, Jaun Zuriaren askazia liburuaren egilea, atzo, Donostian. ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS.
gorka erostarbe leunda
Donostia
2011ko martxoaren 23a
00:00
Entzun
Badute kronikatik, historian oinarriturik dauden heinean. Eta badute literaturatik, asmakuntzatik ere baduten neurrian. Historia eta mitoa, kronika eta literatura bidegurutze berean elkartzen dira Julen Arriolabengoak (Aramaio, Araba, 1960) Alberdaniarekin argitaraturiko Jaun Zuriaren askazia liburuan. XVI. mendeko kronika historikoak bildu ditu Arriolabengoak. Ibarguen-Cachopin kronika moduko eskuizkributik bildu ditu liburuan ageri diren istorioak, eta gaztelaniatik euskarara itzulita eman ditu, ia ipuin bihurturik.

XVI. mendean kronika historikoak izan ziren historia eta mitoa nahasten ibili zirenak. Horietako asko kronikoi faltsu izenez dira ezagunak, euren egileak historia aztertu eta ezagutzera ematean oso sinesbera izan zirelako etimologista eta genealogista askoren ahotan zebiltzan ipuinekiko. Liburuari izena ematen dion Juan Zuriaren kasua da horietako bat. Bizkaiko lehen jauna izan omen zen, zenbaiten irudiko. baina gehienek pertsonaia mitikotzat dute, eta iritzirik zabalduena da bere inguruan ehundutako kondairak kronisten asmakizunak direla.

Liburuan bildutakoak, kronika horietatik jasotako ipuinak edo narrazio mitikoak dira, «euskal imajinario historikoa», egilearen hitzetan. «Kronista hauek bizkaitarren edo euskaldunen edo kantabroen historia kontatu nahi izan ziguten, eta arreta berezia jarri zioten leinuen historiari. Gaztelaniaz idatzi zuten, baina batek edo bestek euskarazko testuak ere tartekatu zituen bere narrazioan: kantu zaharrak, esaerak, prosazko testu laburrak edo hitz solteak».

Juan Arriolabengoa Euskal Filologiako lizentziaduna da, EHUn ikasia. Haren lehen liburua ipuin liburu bat izan zen: Julia dinotsut (1985). Aurretik kandela literatur taldean aritu zen eta Euskal Letren Dantza argitaratu zuen talde lanean (1984). Ibarguen-Cachopin koniken eskuizkribua gaitzat hartuta aurkeztu zuen doktore-tesia (2006). Euskaltzaindiak ere saiakera saria eman zion Euskara Ibarguen-Cachopin Kronikan izeneko lanarengatik (2008).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.