Ari naiz bihartik aurrera zuek galdu ezingo duzuen Flow ikusten. Bertan, gizakirik gabeko mundu batean, katu baten abenturak, menturak eta desbenturak kontatzen dira, guk, gizakiok, bideetan zehar utzitako aztarnek, paisaian lagatako arrastoek beste narrazio mota bat bideratzen dutelarik. Arrakasta izugarria izan zuen film animatuak Cannesen eta Annecyn; ziur naiz sorginduko/zoratuko/zorabiatuko zaituztela zeharo.
Ari naiz Itoiz udako sesioak ikusten/entzuten. Eta luze honen hasierako lelo batek nauka txundituta, «Eremuko dunen atzetik dabil», taldearen kantuetako baten esaldi horri zerbait ukiezina dario. Atxagarekin Juan Carlos Perezek duen solasaldian esaten den bezala, eternoa da, ez du amairik.
Bai, baditut bi film sekulako nire etxe barruko pantailetan. Ez al ditu jende frankok bizpahiru liburu mesanotxean, aldartearen arabera bata edo bestea aukeratzeko? Berdin jokatzen dugu zinejaleok, apeta zein eta nolakoa, hau edo hori, hura ere, hautatuz.
Ez dut nahi, ordea, nire mesanotxe zeluloidekoaz gehiegi edo luze aritu. Nahiago, mila demonio nahiago, Emilia Perez txit maitatuak Mexikon eta LGTBIQ+ mugimenduan sortu duen eskandalua (escandalera esango lukete Oaxacan) ika-mika, liskar, gaizki ulertu, haserre eta amorrazio memeloen kontra egin. Airos eta animo handiz egin aurka, Guillermo del Toro estimatua alde dudala jakitun. Guillermok ederki asko entenditu du Jacques Audiarden artelana horixe dela, mugarik ezagutzen ez duen maisulan totala, nahasmendu filmiko ikaragarria, non debekurik ez den, non burua, belarriak, begiak eta orain arte zinemaz zenekien guztia lehertu egiten zaizkizun.
Alta, horretaz jabetzeko umorea izan behar. Ez umore ona, ez. Umore ozpindua, garratza, mingotsa. Zure segurantza guztiak zapuztuko dituen filmen bat noiz agertuko amorratzen zaudela sumatzen duzun umore, talante klase hori.
Mexikon ez da oraindik estreinatu, baina dagoeneko ez diote ezer barkatzen, dena leporatzen baizik. Esan, esaten dute ez dela errealitatean oinarritutako filma eta ez duela Mexikoko egia osoa pantailaratzen.
Min eman die pelikulak lur horietan egunero desagertzen diren horiei buruz mintzatzeak. Min eman emakumezkoen kontrako biolentzia agertzeak. Baina, nahitaez, horixe da Mexikoko alderik ilunena. Bada planetako herrialderik krudelenetarikoa. Galaxiako beste inon ez dago horrenbeste suzko armek (matxeteek ere bai) eraginiko hildakorik. Ezin ahaztu feminizidio hitza Juarezen zein Tijuanan eraildako emakumeen desagerpenak salatzeko sortu zela. Mexiko beste mila istorio da, bai, baina biolentzia darama zainetan eta pistolak poltsikoan.
Mexikon ez da oraindik estreinatu, baina dagoeneko ez diote ezer barkatzen, dena leporatzen baizik
Min ematen du, bai, hori guztia pantailan ikusteak, are min handiagoa arrotz batek kontatzen badu. Baina ez da baztertzekoa bertakoek kontu beraz aritzea horren ospetsuak eta herriak horren maitatuak dituen narcocorrido kantuetan.
Hala eta guztiz ere, auzia ez da pelikulak errealitatea islatzen duen ala ez erabakitzea, epaitzea. Emilia Perez fartsa bat, narko-opera bat dugu, eta nik dakidanez, operetan ez da inoiz errealitatea kontuan hartzen. Operetan, kilo batzuk sobera dituzten sopranoek Joan Bataialariaren ahoa musukatzen dute haren burua zilarrezko plater batean dagoela. Operetan, labanaz zauriturik hiltzear den neskato batek izugarrizko aria ederra kantatzen du zaku baten barruan dagoelarik. Operetan elefanteak agertzen dira eszenatokian eta denok pentsatzen dugu Don Giovanniren bila datorren mamua Mozarten aitaren errepresentazioa dela… Ezin zara operara joan egiazkotasun bila edo desioz. Operan zaudela onartu beharko duzu hemengo mundutik at izango zarela orduak eta orduak. Onartzen ez baduzu, akabo.
Narko-opera-queer bat da Emilia Perez. Baina Mexikok ez du errekonozitu nahi. Min egiten baitu zeure burua pantailaren ispiluan ikusteak.
Esaten dute ere atzerritarrek eginiko, dantzatutako, mintzatutako filma dela. Ados. Madama Butterfly Japonian kokatzen da eta italieraz egiten dute kantu. Ameto eman behar ere, nahiz eta mingarria izan: interesgarriak izan ohi dira gure errealitatearen gainean kanpotik botatako begiradak.
Eta gero gerokoa, LGTBIQ+ mugimenduko pentsalari aspergarrienek salatu dute genero-trantsizioaren tratamendua pelikulan. Nahiz eta Sofia Karla Gascon aktoreak berak trantsizio hori egina izana. Berdin zaie; haien uste petraletan, ez dago onartzeko modurik. Haiek modu hantustean esanda, pertsonaiak trantsizioa egiten du bere damu eta bekatu guztietatik libre gelditzeko. Filosofo sasiko horientzat, filmaren bukaerak nahi du adierazi pertsona transek sekula ez dutela bakea, zoriona edo ongizatea lortuko.
Benetan diotsuet, nire onetik ateratzen naute zinemaz, fantasiaz, zeluloidezko kontakizunen arauekin gozatzen ez dakiten horiek guztiek. Emilia Perez ez da ez Mexikoz ez genero trantsizioaz eginiko saiakera zientifiko-filosofiko-psikologikoa. Emilia Perez zinema puska bikaina, aparta, errebeldea dugu.
Sortutako kalapita, baina, zinemaren onurakoa da. Zera erakusten duelako: badu, oraindik ere, Zazpigarren Arteak jendea, herrialdeak, gobernuak eta genero ortodoxoak asaldatzeko ahalmen zoragarria.