Ahotik atera eta belarrira heltzen da ipuina. «Badauka zuhurtzia bat, filosofia bat», esan du Koldo Ameztoik (Arrueta, Nafarroa Beherea, 1952). Badu «misterio bat». Ipuin kontalariek proposatzen dutena hiruki baten modukoa dela iruditzen zaio. Batetik dago ipuina bera, bestetik hori kontatzen duena eta azkenik ikus-entzulea. Irudi geometrikoaren hiru erpinak lotuz ariman emozio bat sortzea, gogoan irudiak marrazteko bazka ematea, eta iruditeria horretan bidaiatzeko aukera eskaintzea izaten du helburu Ameztoik. «Ikuslea zirikatzea eta haiei gogoetarako aukera bat ematea, finean».
Hori lortzeko intentzioarekin joan da Lazkaora, Maizpide euskaltegira, Biribilketa, luma beltza ikuskizunarekin. Ordubete inguruko emanaldia izango da. «Luzeagoa izatea ez da komeni. Badakizu, pertsona bakarra agertokian, ahots bera... Jendea aspertu egin daiteke». Oholtzara ia biluzik igotzen baita; bi fokuk besterik ez dute argitzen artistaren, kontalariaren, jendaurreko bakardadea. «Jendeak askotan ezin du ulertu zer egiten duen pertsona batek bakar-bakarrik agertokian». Beste misterio bat, kontatutako ipuina bezalakoa. Baina azkeneko 30 urte pasatxotan egin duen horrekin ikuslearengan «aztarna batzuk» utzi dituela uste du Ameztoik. «Kalean-eta ikusten nautenean, agurtzen naute, eta horrek esan nahi du ezagutzen nautela, hartzen nautela adiskide bat bezala. Adierazten du momentu on bat partekatu dugula elkarrekin, eta horrek urrea balio du». Dar-dar egin dio ahotsak hori adieraztean, esaldi bakanarekin bere ofizioaren muinera iritsi dela konturatu balitz bezala.
Dar-dar, agian, minez. Pentsatzen duelako ipuin kontagintzak ez duela bere tokia egin gizartean, beste arteek egin duten bezala. «Baina norena da errua? Gurea, beharbada, baina ikusleak, oro har, umeekin lotzen ditu ipuinak». Ez dauka, ordea, inori ezer leporatzeko. Pozik dago ikusleek izaten duten jarrerarekin. Baina ipuina bera misterio bat den bezala, misterio bat da jakitea zergatik Maizpiden bildutako 40 bat euskara ikasleek ez duten Biribilketa, luma beltza ipuinarekin bete-betean gozatu. Sentipen hori dauka, behintzat, Ameztoik berak, behin emanaldia bukatutakoan. «Nekatuta nabaritzen zitzaien. Igual arreta handia eskatzen duten istorioak direlako, igual kontakizuna fresko antzean daukadalako oraindik...». Misterioa ipuina, eta misterioa ikusleen gogoan dagoena aretotik atera direnean.
Jendearen txaloak entzun baino lau bat ordu lehenago heldu da kontalaria Lazkaora. Gogoko izaten du saioa izango duen herrian buelta bat egitea, xehetasunen bati erreparatzea, gero agian kontatuko duen horretan baliagarria izango zaiolako. Emanaldi egunak, berriz, ez dira asko aldatzen besteekin alderatuta. «Irrika eta kazka nahasten ditut barrenean. Ez dakizulako zein harrera egingo dizuten, nolakoak izango diren ikusleak...». Egunean bertan ez du entseatzen, eta isilik igarotzen du goiza, «energia-eta» ez xahutzeko. Hazparnen (Lapurdi) bizi da, eta han badauka baratze bat; saio bat duen egunetan, baina, ez da bertara joaten. Gaur ere ez.
Esnatu da 08:00etan, «bulegoko lana» egin du etxean, bazkaria prestatu du emaztea eta semeentzat, bazkaldu du... «Siestatxoa» egin ondoren abiatu da Lazkaorantz. «Badira 18-20 urte abuzturo gonbidatzen nautela. Garai batean, uztailean ere etortzen nintzen. Erritu baten modukoa da, eta gustura etortzen naiz».
19:00ak pasatxo dira, eta euskara ikaslerik ez dabil Maizpideren eraikinaren kanpoaldean. Ikastaro trinkoak dauzkate, eta aisialdirako denbora ematen diete irakasleek afaldu aurreko bi orduetan. Ondoren kontatuko die Ameztoik Biribilketa, luma beltza ipuina. Adituko dituzte haren ahotik Euskal Herriko zein kanpoko herri istorioak zein kondairak. Badaki kontatzen dituen istorioak ez dituela propioak, baina egiten duena «sorkuntza lana» dela irizten dio. «Kontua da nola lotu istorioak, nola kontatu, nola gaurkotu... Horrek pizten du sorkuntza».
Hari bat dauka kontakizunak, baina istorio batetik besterako bidea leuntzea iruditzen zaio bere ofizioko zereginik zailena. Badaki, ordea, trantsizio horiek nola erraztu. «Zerbait abesten dut, urrats batzuk dantzatzen ditut... Kontakizunari arnasa apur bat ematen diozu, eta ikusleak ere atseden hartzen du». Umorez aitortu du noizbait ahaztu izan duela trantsizioaren ondoren zetorrena. «Baina jendea, oro har, behintzat, ez da konturatzen».
Izan ere, hamalau orritan idatzitakoa ahoratzen du, gero ikuskizunean. Ordubete pasatxo irauten dute. «Halere, lasai banago eta kontatu beharrekoa menperatzen baldin badut, luza naiteke». Lazkaon aurkeztuko duena berria da bere errepertorioan, eta bizpahiru aldiz baino ez du egin. «Orain hiru bat urte abiatu nuen biribilketaren ideia. Gustatzen zait sartzea eta ateratzea, printzipio hori; interes gunea aldatzea, beti zerbaiten bila joatea...».Emaitzarekin gustura geratu ez, eta behin baino gehiagotan moldatu behar izan du ipuina. Hamar ipuin dauzka errepertorioan, eta gehienak bai frantsesez eta bai euskaraz kontatzen ditu; dena den, sarritan erabiltzen dituenak hiruzpalau dira.
Kontalarien egitekoa «berezia» dela uste du. «Ez da antzerkia, ez da bertsoa, eta ipuinak ez du lortzen, beharbada guk ez diogulako behar adina ematen oholtza gainean...». Ez du esaldia amaitu eta beste hari bati heldu dio. «Ipuina Euskal Herrian beti erabiltzen da euskararen laguntzaile gisa: euskaltegietan-eta, eskoletan... Ikasleek beste zerbait entzuteko-edo. Tarteka baino ez dugu edukitzen agertoki bat artista gisa...».
Joxemari Carrere ipuin kontalariak Errenterian (Gipuzkoa) joan den ekainean jaialdi bat abiarazi zuela azaldu du, adibidez. «Bizkaian, Elorrion eta Bermeon, esaterako, antolatzen dute jaialdi bat, baina gaztelaniaz da gehiena». Gustatuko litzaioke ipuin kontalariak «artista estatusa» edukitzea. «Baina ez nabil esaten star gisa, e?», argitu nahi izan du. Umeen kontua plazaratu du hori aipatu eta gero, haien heziketarekin lotzen dituztela kontalariak. «Frantziako toki batzuetan erabaki dute urtean zehar haurrentzako gauzak egitea, baina jaialdiak helduentzat soilik izatea. Han hasi dira poliki-poliki hori egiten».
Orain, estimatuagoak
Balizko egoera bat irudikatzen hasi baino nahiago izan du atzera jotzea bere azalpenean. Pentsatzen du orain 30 urte baino estimatuagoak direla kontalariak egun. «Batez ere, orain gehiago gabiltzalako horretan. Hasieran, ni nintzen bakarra. Pello Añorga- eta abiatu ziren ondoren...». Gogoratu du garai batean kontagintza zela «sutondoko» kontu bat, «amonena-eta». «Ni ausartu nintzen oholtza batera igotzen. Esaten zidaten egiteko etxe batean, sutondoan, baserrian... Eta nik erantzuten nien ezetz, surik gabe ere egin zitekeela», kontatu du barrez.
Aldatu da gizartea, sortu dira istorioak transmititzeko, komunikatzeko, bide berriak, baina jendeak ipuinekin «gozatzen» jarraitzen duela uste du. «Umeek beste guztia ahazten dute ipuin bat hastean».
Haien artea «desafio bat» delakoan dago. «Ikuslea erakarri behar duzu kontatzen duzuna entzutera. Ezin dute zapping egin!». Ez zaio iruditzen jendeak duela urte batzuk baino pazientzia gutxiago duenik gisa horretako proposamenei erreparatzean. «Gainera, aspertuta badaude ere, edukazioz egoten dira amaitu bitartean». Pentsatu izan du noizbait abiaduraren, kontsumo azkarraren, gizartean, hitz soileko eskaintza bat proposatzea ez dela ohikoena, baina , hain zuzen, hori da erronka harentzat.
Beraz, eskaintzen duen horri eusteko, jendearen parte hartzea bultzatzen du modu batean edo bestean, edo unean-unean kasualitateak ekarritako elementuak baliatzen ditu. «Tarteka, baina egin behar da arinki. Galdera bat egiten duzu, esaterako, edo kontatzen ari zarela elizako kanpaiak aditzen badituzu, ba hor daukazu aipatzeko... Ipuin kontalari bat, baina, ezin da clown batekin edoantzezle batekin konparatu. «Ez, ez. Batetik, ez gara pertsonaietan sartzen. Lekukoak gara. Eta bestetik, clown-ek ez bezala, ez dugu inprobisatzen. Hitzen menpe gaude, mimika apur bat egiten dugun arren; halere, ez naiz asko mugitzen».
Beste diziplinekin uztartuta
Dena den, gustatzen zaio kontalaritza beste diziplina batzuekin uztartzea. «Elkarrizketa artistikoak edukitzea oso gozoa da». Lan egin izan du Pantxix Bidart musikariarekin eta Marko Armspach marrazkilariarekin, besteak beste. Ez dituzte gisa horretako kolaborazio asko gauzatzen, ordea, eta gehiago egin beharko lituzketela iruditzen zaio. «Baina bakoitza gurean gabiltza, eta horrelako proposamenak ez dira ateratzen...». Kontalarien arteko kolaborazioak ere ez dira maizegi gertatzen. «Izan ere, bakoitzak denbora asko pasatzen du berea fintzen». Horrek bere alde ona ere badauka, nolabait. «Jaialdietan-eta ibiltzen direnek esaten digute hamar garela baina ezberdinak garela elkarren artean. Hori ona ere bada. Hasieran egiten duzu handik eta hemendik hartutako ipuinekin, bestearen kontatzeko modua kontuan hartuta... Baina zure bidea egin behar duzu».
Kontatu behar duen horretarako ideiak egunkari eta aldizkarietako —«ez naiz irakurle handia»— artikuluak irakurriz eta irratia entzunez ateratzen ditu. Eta «gai bereziei» baino gehiago, xehetasun txikiei erreparatzen diet.
Ordulariari ez dio erreparatu, ordea. 20:30 izateko minutu gutxi falta dira, emanaldia dauka Lazkaon, eta Hector Larrañaga ikaslea etorri da afaltzeko ordua dela esanez. Haren ondoan eta ikaslez inguratuta jan ditu Ameztoik, ardoarekin eta urarekin lagunduta, barazki entsalada eta kroketak, nahiz eta platera ez duen garbitu. Txantxaren bat eginagatik, afaritan ez du gehiegi hitz egin. Kontatu behar duen horretan pentsatzen ari da. Harentzako «oparia» dena eskaini nahi die afalkide izan dituenei. «Gehienetan barrez ateratzen dira aretotik».
Bertara joan da 21:25ean, eta aldatu da arropaz. Hasi da jendea sartzen, esertzen. Ameztoi, bitartean, paseoan dabil korridoreetako batean: atzera eta aurrera. Lasai dagoela dio, baina aurpegiko gihar bat bera ere ez du mugitu hori bota duenean. Sartu da, egin diote txalo, eta hasi da bele beltzari buruzko alegia aletzen. Geroago, tantaka, iritsi dira ikusle bakan batzuk eta dezenteko zarata egin dute atearekin. Kargu hartu die ipuin kontalariek, baina segituan barkatu, irribarre zabala eskainiz.
Ordubete iraun du misterioaren kontaketak, eta pare bat ikuslek bukatu aurretik alde egin dute; beste bat, ordea,sinadura eske hurbildu zaio Ameztoiri. Txalo jo diote, baina sentsazio gazi-gozoak ditu kontalariak. Misterio bat. «Hemen, urtero zerbait diferentea egin behar dut, eta ipuin hau fresko daukat oraindik... Fintzen jarraitu beharko dut».Bai, behintzat, misterioari gogoetarako aukera erantsi nahi badio.
Bihar: Sohano, Azkainen.
Plazara noa, plazatik nator (III). Koldo Ameztoi. Lazkao (Gipuzkoa) 2013-08-27
Misteriotik misteriora
Ipuin kontalariek irudiak marraztea eta iruditeria horretan bidaiatzea ahalbidetu behar dutela iruditzen zaio Koldo Ameztoiri. Gogoetarako aukera ematea izan du helburu beti.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu