Miroren munduan barrena

Joan Miroren artelanekin osatutako erakusketa ikusgai dago Txillida Leku museoan, azaroaren 1era bitarte: 'Miro Zabalagan'. Txillidarekin zuen harremana nabarmendu dute

Txillida Leku museoaren kanpoaldean eta Zabalaga baserriaren barrualdean jarri dituzte Joan Miro artistaren lanak. JON URBE / FOKU.
Jone Bastida Alzuru.
Hernani
2022ko ekainaren 29a
00:00
Entzun
Txillida Leku museoaren ardatza da Zabalaga baserria, XVI. mendekoa, eta haren adiskide izandako Joan Miro artistaren artelanekin osatutako erakusketa jarri dute bertan ikusgai: Miro Zabalagan. Artista kataluniarrari tokia egin, eta haien arteko harremana omentzeko modua ere bada. Erakusketa abiapuntutzat hartuta, hainbat jarduera paralelok borobilduko dute egitasmoa; besteak beste, Alain Planes pianistaren kontzertuak. Miroren obrak, euskal eskultorearenak bezala, arrasto sakona utzi zuen, eta ibilbide prestigiotsua du.

Erakusketaren zatirik handiena baserriko bigarren solairuan dago, eta kanpoaldean jarrita dauden bi eskulturek osatzen dute proposamena. Ez da ohikoa Txillida Leku museoko erakusketara kanpoko artelan bat ekartzea, eta nobedade gisa aurkeztu dute horregatik arduradunek. Ez dira, gainera, nolanahikoak: tamaina handiko eskulturak dira, argi bereizten direnak: Eguzki txoria (1968) eta Emakumea (1970) dira bi obren izenak.

Eguzki txoria-ren parean geratu dira Estela Solana Txillida Lekuko erakusketen arduraduna eta Nausica Sanchez Hezkuntza arduraduna, eta han hasi dira azalpenak ematen: «Oso famatua da Miroren produkzioan. Bi tona pisatzen ditu. Galeria batean sartuta zeukaten, eta, nolabait, askatu egin dugu txoria». Forma metamorfikoa du lanak.

Sanchezek adierazi duenez, natura inspirazio iturri gisa erabiltzen zuen Mirok. Dioenez, paisaia «aproposean» kokatuta daude, beraz, haren obrak; naturarekin elkarrizketan. Miroren lan egiteko moduari ere erreparatu diote: «Esaten zuen isiltasuna behar zuela. Batzuetan ematen zituen ez dakit zenbat ordu lan egin gabe, eta derrepentean ideia bat zuen. Bitartean, meditazioan edo isiltasunean zegoen. Oso prozesu interesgarria da».

Totema eta baserria

Urrats batzuk aurrera egin, eta baserriko armarriaren aurrean egin dute bigarren geldialdia. Hor dago Emakumea obra. Solana: «Emakumearen unibertsoa irudikatzen du. Muntaketa bat da. Objektu batzuk hartzen ditu: barraskilo bat, pote bat... eta bata bestearen gainean jarriz egiten du eskultura». Sanchezek jarraitu dio: «Inguruan dituen objektuak hartu, eta txoke poetiko bati buruz hitz egiten du. Eskultura magia moduko bat sortzen da». Horrez gainera, artistak bere «lengoaia pertsonala» duela nabarmendu dute.

Obraren kokapena ere ez da ausazko erabakia izan, eta eraikinarekin elkarrizketa bilatu nahi izan dute: «Nolabait, totema baserria agurtzen ari da». Barrualdean ere, mimoz sailkatu dituzte artelan guztiak.

Eskailerak igo, eta goiko solairuan dago Miro Zabalagan erakusketaren zatirik handiena. Aretoka banatuta daude obrak, gaika. Lorategiaren ideia nabarmentzen da aurrenekoan. «Denak muntaketak dira». Argazkiak ere badaude paretetan, «artelanaren prozesua ulertzeko», Sanchezen esanetan. «Mirok garrantzia ematen zion normalean ematen ez diogunari. Naturan aurkitzen zituen elementuak jartzen zituen, eta, komatxo artean, gauza sinpleak dira, baina berak zentzu magikoa emango dio horrelako objektu bati. Elkartzen zituenean, pertsonaia enigmatikoak sortzen zituen». Brontzezkoak dira erakusketako obra guztiak, kanpoaldean dagoen Eguzki txoria eskultura salbu. Fundizio bakoitzak bere patina «sekretua» duela esplikatu dute.

Hurrengo aretoan, landan erabiltzen diren tresnak topatuko ditu bisitariak. Solanak defendatu du Mirok pinturaren arauak «apurtu» nahi zituela, eta artistaren irudimena «amaiezina» zela. «Eraldatzailea zen».

Hainbat artelan jarraian jarrita daude pasilloan aurrera egin ahala. Sanchez: «Hemen unibertso berarekin jarraitzen dugu. Objektuak dira, eta horiekin sortzen ditu pertsonaiak, formak; batzuk oso poetikoak».

Eskutitz trukea

Eta baserriaren kanpoaldean dauden bi eskulturez gain, badago barrualdean tamainagatik nabarmentzen den beste bat: Femme. «Sinplea da, baina oso elegantea». Zulatutako xaboi pastilla baten gainean Pazko arrautza jarriz sortu zuen, eta emankortasuna irudikatzen du.

Azken aretoan daude Miroren eskulturarik zaharrenak. Eguzki txoria, brontzezkoa eta tamaina txikikoa, eta Ilargi txoria, tartean. Hastapenetan buztinarekin lan egiten zuela azaldu dute bisitan; geroago hasi zela muntaketak egiten. Erakusketan, badaude obra grafikoak ere. Halaber, Josep Royok egindako tapiz bat ere jarri dute, artista kataluniarraren Urrezko lumadun muskerra liburuko litografia batetik abiatuta. Eta, pareta batean zintzilikatuta, Txillidak eta Mirok elkarri idatzi zizkieten eskutitz batzuk, haien harremanaren frogatzat.

Oinarrietan kokatuta daude artelanak, banaka, bakoitzaren «indibidualtasuna» edo «izaera» indartzeko: «Bakoitzak du bere presentzia, espazioa, lekua». Miroren munduan murgiltzeko aukera azaroaren 1era arte egongo da, Txillida Lekun.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.