Idazleen lanari balioa emateaz gain, irakurzaletasuna sustatzea da Euskadi Literatura sarien xedea. Eta hori bera da, hain zuzen ere, Miren Billelabeitiaren (Mungia, Bizkaia, 1960) Norberak maite duena saiakeraren muina ere: irakurketak sortzen duen plazera nabarmentzea, eta ariketa horrek duen garrantzia azpimarratzea. Bada, ahalegin hori saritu diote orain, saiakerako Euskadi saria emanez. «Testu biribila» ondu izana txalotu diote epaimahaikideek, «estilo dotorea, idazkera jasoa, prosa zaindua eta fina» duena. Irakaskuntzaren ofizioak behar duen balio soziala plazaratu izana ere goretsi diote. Pamielak argitaratu zuen liburua, iaz.
«Afrikako mundu urrun eta arrotza inolako oztoporik gabe euskal irakurleari hurbiltzeko» egindako ahaleginagatik erabaki du epaimahaiak, bestalde, itzulpengintzako saria BERRIAko euskara taldeko kide Maialen Berasategi Catalani (Gasteiz, 1989) eta Joxe Mari Berasategi Zurutuzari banatzea (Zegama, Gipuzkoa, 1955). Abdulrazak Gurnah 2021eko Nobel saridunaren (Zanzibar, Tanzania, 1948) Paradisua nobela itzuli zuten, lau eskutara. Epaimahaiaren iritziz, «benetan irakurketa gozoko testua» lortu dute, «itzulpen mekanikotik behar adina urrunduta». Jokin Zaitegi sariketari esker itzuli zuten eleberria, eta Elkarrek argitaratu zuen iaz.
Gasteizko Artium museoan jakinarazi zituzten atzo sarituak, eta Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburua eta Andoni Iturbe sailburuordea izan ziren ekitaldian, sarituekin batera. Hain justu, gaztelaniazko literaturako eta saiakerako Euskadi sariak ere jakinarazi zituzten: hurrenez hurren, Alejandro Morellonek eta Ander Izagirrek jasoko dituzte, El peor escenario posible (Fulgencio Pimentel) eta Vuelta al pais de Elkano (Libros de K.O.) lanengatik.
Mundua ulertzeko literatura
Zerrenda osatuta, Zupiriak nabarmendu zuen nolako balioa duten kulturak eta literaturak aberastasun propiorako eta izpiritu kritikoa sustatzeko, «bereziki Europan eta munduan bizi ditugun ziurgabetasun eta zailtasun garaiotan». «Munduko arazo eta zirkunstantzia klasikoekin elkartzeko gonbita egiten digu Mirenen saiakerak, eta itzulpenean saritu dugun lanak, berriz, aukera ematen digu munduko beste leku batera hurbiltzeko, eta beste modu batean ezagutuko ez genituzkeen gauzak ezagutzeko».
Hain zuzen ere, esker oneko hitzak izan zituen Billelabeitiak epaimahaikideentzat, irakurketari eta irakurketak dakarren gogoetari bidea «apur bat» zabaltzeagatik. «Liburu honen bihotza irakurketa da. Eta niretzat hitza eta hizkuntza bizi diren sutondo bero hori da irakurketa. Elkar elikatzen dute, gainera: hizkuntza ez litzateke elikatuko irakurketa barik, eta elikadura hori barik, pixkanaka desagertuz joango litzateke». Horregatik dei egin du «noizbehinka gelditu», irakurri eta gogoeta egiteko.
Bere hitzaldian gogoan izan ditu, halaber, etxekoak, lankideak, lagunak eta argitaletxeko kideak, bere liburua «maitasun handiz» tratatu dutelako. Baina bereziki gomutan izan ditu ikasleak, zeren, adierazi duenez, haiek gabe «ezinezkoa» izango baitzen liburua sortzea. «Haiengandik asko ikasi dut, eta jarraitzen dut ikasten». Billelabeitia irakasle izan zen Mungiako institutuan (Bizkaia), eta hainbat urtez liburuen inguruko solasaldiak egin zituen gazteekin eta ikasleekin. Horietan bildutakoekin ondu zuen liburua, hain zuzen ere.
Talde lanaren aldeko aldarria egin zuen Maialen Berasategik ere. Gogora ekarri baitzuen literatura itzultzea taldean egin ohi den jarduna dela, sarri kontrakoa ematen badu ere: «Ez dugu inoiz bakarrik lan egiten. Batzuetan gehiago nabaritzen da, baina beste batzuetan ere elkarri laguntzen diogu itzultzaileok, eta elkarrengandik ikasten dugu». Horregatik, bada, eskerrak eman dizkio itzultzaileen komunitateari. Baita Arrasate Euskaldun Dezagun taldeari ere, urtero Jokin Saitegi sariketa antolatzeko egiten duen ahaleginagatik. «Meritua dauka», esan zuen.
Sari banaketa, Getxon
Aurreko astean jakinarazi zituzten aurten saritutako beste hiru lanak: Patxi Zubizarreta, Zerria liburuagatik (Euskarazko Haur eta Gazte literaturako saria); Arantxa Urretabizkaia, Azken etxea nobelagatik (Euskarazko Narratiba saria); eta Joseba Larratxe, Ni ez naiz Mikel Laboa lanagatik (Ilustrazioko saria). Horiek eta atzo jakinarazitako egileek azaroaren 15ean jasoko dituzte sariak, Getxoko Muxikeberri zentroan (Bizkaia) egingo den ekitaldian.
Miren Billelabeitiak jasoko du saiakerako Euskadi saria
Maialen Berasategi Catalanek eta Joxe Mari Berasategi Zurutuzak jasoko dute saria Abdulrazak Gurnah tanzaniarraren 'Paradisua' eleberriaren euskarazko itzulpenagatik
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu