Ofiziala da. Bilboko Guggenheim museoa atzera-bueltarik gabe sartu da Guggenheim efektuaren osteko fasean. Frank Gehry arkitektoak diseinatutako eraikin ikonikoa oraindik altxatu gabe zegoenetik hasita, Juan Ignacio Bidarte izan da orain artean Bilboko museoak izan duen zuzendari bakarra, eta, hiru hamarkadaren ondoren, proiektua Urdaibaiko biosferan oin puntak bustitzear dagoela utziko du kargua. Bilboko museoak oraindik ere kontrako iritzi asko pizten zituenean jaso zuen Bidartek hura zuzentzeko mandatua, eta, gaur egun ere, museoaren luzapenak askoren kontrako jarrera pizten duela pasatuko dio lekukoa ondorengoari. Bidartek udaberrian jakinarazi zuen zuzendari kargua uzteko erabakia, eta gaur ezagutarazi dute nor izango den zuzendaria aurrerantzean: Miren Arzalluz Loroño arte historialari, moda aditu eta Parisko Palais Galliera museoko egungo zuzendaria.
Ezohiko bilkura izan du gaur Bilboko Guggenheim museoko patronatuak, eta hartan jakinarazi dute izendapena. Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakariak zuzendu du saioa, Ibone Bengoetxea Eusko Jaurlaritzako lehen lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuarekin batera. Museoak ohar bidez zabaldu du zuzendari berriaren izena. Zehaztu dutenez, 2025eko martxoaren lehenean izango du eragina izendapenak, eta, ondoren, Arzalluzek murgiltze prozesu bat egingo du Bilboko eta New Yorkeko Guggenheim museoetan lau astez, Bidarterekin batera.
Bilbon jaio zen Arzalluz, 1978. urtean, eta moda historialari eta ikertzailea da. Xabier Arzalluz Eusko Alderdi Jeltzaleko presidente historikoa zuen aita. Eskola amaitutakoan, Deustuko Unibertsitatean egin zituen Historia ikasketak eta doktoregoa, eta Londresen jarraitu zuen ikasten gero. Artearen Historiako Masterra egin zuen The Courtauld Institute of Art-en, bai eta Politika Konparatuko Masterra ere London School of Economics unibertsitatean. Moda izan du ikerketa gai nagusia, eta janzkeraren historiak gizartearen historian duen isla izan da haren interes alorretako bat. Cristobal Balentziagaren lana sakon ikertu du, eta haren aditu nagusia ere bada egun. Cristobal Balentziagaren fundazioko erakusketen eta bildumaren arduraduna ere izan zen zazpi urtez, eta Etxepare Euskal Institutuko zuzendari ere bai. Urtebetez bete zuen postu hori, baina postua utzi, eta Parisko Palais Galliera moda museoa zuzentzera joan zen gero.
Ikusi gehiago
Egindako ibilbidea kontuan hartuta eta lurraldearekin duen gertutasuna ezagun izanik, kargu aldaketa egongo zela jakin zenetik Arzalluzena izan da maizen entzun diren izenetako bat, eta gaur egin dute ofizial erabakia. Besteak beste, nazioarteko kultur erakundeetan duen esperientzia eta horri esker lortutako aintzatespena aipatu ditu patronatuak hura hautatzeko motiboen artean. Horrez gainera, Parisko Palais Galliera museoan erakundea berritzeko eta handitzeko izan duen «proiektu handinahia» ere aipatu du Guggenheim museoak, hedabideei bidalitako oharrean. Nabarmendu dutenez, museoaren birdefinizio «sakon eta berritzaile» horri esker, gainera, «beste fase baterantz» eraman du Arzalluzek museo hori.
Arzalluzek gaur egungo euskal kulturarekin duen «lotura estua» ere azpimarratu dute oharrean. Eta Bilboko Arte Ederren Museoko aholku batzorde artistikoko kide izatea jo dute horren frogatzat, bai eta Etxepare Euskal Institutuaren zuzendari gisa emandako tartea ere. Euskalduna ere bada Arzalluz, baina Guggenheim museoak hedabideei bidalitako oharrean ez dute aipatu datu hori.
Euskararen irizpidea
Bidartek maiatzean jakinarazi zuen aurten zuzendaritza uzteko asmoa zuela, eta albistea zabaldu eta egun gutxira jarri zuten martxan hurrengo zuzendaria hautatzeko prozesua. Ekainaren 3tik hil horren amaierara arte egon zen irekita hautagaitzak aurkezteko epea, eta Berlingo Antonia Josten enpresak izan du prozesuaren ardura. Hautagaiek euskaraz jakitea izan da hautaketarako balorazio irizpideetako bat, baina ez da ezinbesteko baldintza izan.
Ikusi gehiago
Museo edo kultur erakunde baten zuzendaritzan gutxienez hamar urteko esperientzia dutela frogatu behar izan dute hautagaiek. Eta, horrez gainera, hitzez hitz «epe ertain edo luzerako» konpromisoa ere eskatzen zuten lehiaketaren oinarrietan. Halaber, zehaztu zuten Bilboko museoko zuzendariak bete egin beharko dituela gainerako Guggenheim museoak ere gidatzen dituen patronatu orokorraren irizpideak, eta, besteak beste, ondorengo betebeharrak ezarri zizkioten postua hartuko duenari: Bilboko museoaren bilduma eta erosketak kudeatzea, bai eta bisitari kopurua handitzeko estrategiak sustatzea ere.
Bilboko museoaren luzapena da berez Urdaibain eraiki asmo dutena, eta haren alde daude hala Solomon R. Guggenheim fundazioa, nola Eusko Jaurlaritza eta Bizkaiko Aldundia ere. Eta ez du itxurarik zuzendaria aldatzeak norabidea aldatuko duenik; izan ere, postua lortzeko deialdian zehazten denaren arabera, Guggenheim fundazioaren estrategia orokorren arabera jokatzea dagokio Bilboko museoaren arduradun berriari ere.
Zazpi hautatzaile
Hautaketa batzorde batek izan du zuzendaria hautatzeko azken ardura. Eta, zehazki, zazpi kide izan ditu: Ibone Bengoetxea Eusko Jaurlaritzako lehen lehendakariorde eta Kultura sailburua, Elixabete Etxanobe Bizkaiko ahaldun nagusia, Mariet Westermann Solomon R. Guggenheim museoko eta fundazioko burua, Jon Azua museoa zuzentzen duen erakundeko kidea, Juan Ignacio Bidarte museoko orain arteko zuzendaria, eta Alfonso Ikaza eta Rafael Orbegozo museoko patronatuko kideak.
Bidartek museoa eraiki ere egin baino lehen bat egin zuen proiektuarekin. Proiektua martxan jarriko zuen partzuergoko zuzendari hautatu zuten lehenik, 1992an, eta, 1996az geroztik hura izan da museoaren zuzendaria, orain arteko bakarra. 2008an, Bilboko museoaren zuzendari izateari utzi gabe, Solomon R. Fundazioko estrategia zuzendari orokor ere izendatu zuten. Hiru hamarkada inguruko ibilbidearen ostean, Bidartek berak esandakoaren arabera, 2017an piztu zitzaion kargua uzteko ideia, baina udaberrian eman zion haren berri patronatuari.
Ikusi gehiago
Agurra iragarri eta bi egunera azaldu zituen motiboak, museoan bertan: «Uste dut badela garaia ekinaldi ia utopikoa zen hura garatzearekin, martxan jartzeko lantaldea taxutzearekin eta museoa eraiki eta abiaraztearekin hasi zen zikloa hesteko». Edonola ere, Solomon R. fundazioko estrategia zuzendari segituko du aurrerantzean, bai eta Bilboko museoko zuzendari emeritu ere. Aholkuak emateko eta patronatuan parte hartzeko aukera izango du horri esker.