Miren Arzalluz: «Beti izango dut helburu museoen arteko lankidetza areagotzea»

Apiriletik aurrera Bilboko Guggenheim museoko zuzendari izango dena euskal eta era berean europar nortasunaren etsenplu gisa aurkeztu dute Baionan. Museo eta erakundeen arteko lankidetzari eta hizkuntzari aparteko garrantzia aitortu die.

Miren Arzalluz, Baionan eman duen hitzaldian. GUILLAUME FAUVEAU
Miren Arzalluz, Baionan eman duen hitzaldian. GUILLAUME FAUVEAU
garbine ubeda goikoetxea
Baiona
2025eko otsailaren 12a
17:27
Entzun 00:00:0000:00:00

Euskaldun eta europar. Horra hor ezinbesteko bi nolakotasun Miren Arzalluz (Bilbo, 1978) arte historialari eta ikerlariaren baitan: «Horrela aurkeztu ohi dut neure burua, eta mugak desagertzea dut ametsa». Parisko Palais Galliera moda museoko zuzendaritza utzi eta Bilboko Guggenheim museoko ardura hartu aurretik, munduan euskaldun gisa agertzeaz, museoez eta kulturaz mintzatu da, besteak beste, Mugaz Gaindiko 3. Topaketan, Baionan. Aurkezleen galderei erantzunez, euskaraz eta frantsesez aritu da.

Euskalduna munduan

Parisen eta Londresen izandako bizipenek bereziki markatu dute Arzalluzen ibilbidea, eta txaloak jaso ditu bi hiri horietan erakutsitako jarreraz mintzatu denean: «Euskaldun gisa agertzea errazago zen Londresen Parisen baino. Londresek nortasun politiko zabalagoa du, aniztasun handiagoa dute. Parisen, ingurune batzuetan behintzat, intelektualki nagusi direlakoan daude, zinismoz aritzen dira, eta trufatu ere egin dira neure burua euskaldun gisa agertuta, baina nik aurrera egiten dut».

«Nazioarteko testuingurua ikusita, kultura baino gehiago beharko dugu gizakia arrazoibidera etortzeko, baina kultura eta artea horretarako arma dira, zentzurik onenean»MIREN ARZALLUZArte historialaria eta ikerlaria

Kulturaren balioa

Guggenheim museoko zuzendari izango denak gizakia arrazoibidera ekartzeko tresna gisa ikusten du kultura: «Nazioarteko testuingurua ikusita, kultura baino gehiago beharko dugu gizakia arrazoibidera etortzeko, baina kultura eta artea horretarako arma dira, zentzurik onenean». Ildo horretan, Euskal Herrian izandako esperientzia zabaltzearen alde azaldu da: «Elkarbizitzarako, bide berriak urratzeko eta trukaketa bilatzeko tresna da kultura, Donostiako hiriburutzak 2016an ongi erakutsi zuenez».

Moda

Nortasuna eta janzkera zeharo trenkatuta ikusten ditu Arzalluzek: «Euskal nortasunean zaila da definitzea eta lotura hori agertzea karikaturan erori gabe, aldaketa eta munduan gertatzen ari denaren araberako eraberritzea etengabekoak baitira. Balentziagaren eta Txillidaren arteko elkarrizketa balioetsi duen erakusketa hartuz gero, badira zenbait ezaugarri kulturari oso lotuak; esate baterako, soiltasuna, neurritasunaren bilaketa, beharrezkoa ez den apaindurari uko egitea...».

Cristobal Balentziaren gainean egin zuen tesia ere hartu du hizpide: «Getariako jostunaren ibilbidea ezin dugu ulertu euskal kostaldean lehengo mendeko bigarren eta hirugarren hamarraldietan gertatutakoa kontuan hartu gabe. Donostiatik hasi eta Miarritzeraino, turismoari zuzendutako fenomeno horretan aktore nagusi izan zen Balentziaga, eta kostalde osoa modaren hiriburu». Arzalluzen ustez, gaur egungo janzkeran ere bada horren eraginik.

Euskal artistak

Euskal sortzaileak munduan nola ageri diren galdegin diotenean, aitortza faltaz mintzatu da Arzalluz: «Balentziagari buruz estreinakoz irakurri nuena gogoan dut oraindik: 'Espainian sortutako jostun frantsesa'. Hori duela hogei urte izan zen, eta, oraindik ere, Balentziaga euskalduna zela esplikatu behar izaten da. Bada, beraz, zer egin eta zer hobetu».

«Oraindik ere, Balentziaga euskalduna zela esplikatu behar izaten da. Bada, beraz, zer egin eta zer hobetu»MIREN ARZALLUZArte historialaria eta ikerlaria

Guggenheim

Hartuko duen karguaz ez du hitz egin Arzalluzek. Horren ordez, kanpoan Euskal Herriaren inguruan dagoen pertzepzioari heldu dio: «Kanpoan ulertzen dute Euskal Herriak jakin duela berpizten eta eraldatzen kulturaren bidez. Guggenheim sinboloa da, baina fenomenoa osorik hartzen dute, eta hori oso garrantzitsua da». Oso harro agertu da, bereziki «pertzepzioaren eraldatzez eta Euskal Herriak kulturaren bidez lortu duenaz».

Mugaz gaindiko lankidetza

«Arteak ez du mugarik ezagutzen. Iruditzen zait kultur erakunde guztiek ezinbestekoa dutela lankidetza. Mugaz gaindiko lankidetza egiten dute jada gure instituzioek; eta nire eskarmentua eta pentsamoldea kontuan hartuta, beti izango dut helburu lankidetza hori guztia areagotzea, proiektu eta kolaborazio era berriak asmatzea eta sustatzeko moduak irudikatzea».

Hizkuntza funtsezkoa da, betiere, harentzat: «Mugaz gaindiko lankidetzan euskara sustatzea litzateke bide zuzenena, eta, horretan gauden bitartean, hiru hizkuntza ditugula kontziente izatea ere beharrezkoa da kultura sakonago ulertzeko».

«Mugaz gaindiko lankidetzan euskara sustatzea litzateke bide zuzenena, eta, horretan gauden bitartean, hiru hizkuntza ditugula kontziente izatea ere beharrezkoa da kultura sakonago ulertzeko»MIREN ARZALLUZArte historialaria eta ikerlaria

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.