Miren Amurizak Xabier Amuriza elkarrizketatu du 'Jakin'-en zenbaki berrian

Harkaitz Cano, Eider Rodriguez eta Kirmen Uriberekin literaturaren autonomiaz eta konpromisoaz ere aritu da Miren Rubio aldizkarian

Xabier Amuriza eta Miren Amuriza aita-alabak; idazle eta bertsolariak biak. JAKIN.
Erredakzioa
Donostia
2020ko martxoaren 12a
00:00
Entzun
«Xabier Amuriza bertsolari eta idazleari elkarrizketa ugari egin izan zaizkio, baina honako honek badu berezitasun kasik determinante bat, ispilua aurrean jarri dion elkarrizketatzailea ispiluaren beraren parte den bat baita: Miren Amuriza». Edo, bestela esanda, Amuriza Amurizaren aurrean, Lorea Agirre Jakineko zuzendariak gogorarazi bezala. «Amuriza aita eta Amuriza alaba, elkarri begira: bi belaun, bi bertsolari, bi idazle; adinekoa eta gaztea, gizona eta emakumea. Biak galde-erantzunean, elkarrizketan, memoria harilkatzen, bizitzaz pentsatzen, izandakoa gogoetatzen, datorkeena begitantzen, eta, tarteka, baita ezbaian ere». Bien arteko solasaldi luze bezain sakonak ardazten du, bada, Jakin aldizkariaren zenbaki berria, 236.a.

Jakinen Historia bizia atalaren barruan plazaratu dute elkarrizketa, eta Xabier Amurizak bizi izandakoak ditu abiapuntu: Torreburuko baserri bizitza, seminarioa, gose grebak, Zamorako (Espainia) kartzela, Egin egunkaria, bertsolaritza, herrigintza... Baina, Euskal Herriko historiaren eta kultur munduaren pasarte esanguratsuekin batera, baita etxe barruko eta feminismoaren bueltako hariak ere: amaren rola, aitatasuna, alabarekiko harremana, eta beste. «Zelan dago, ba, mundua? Lehertzear! Eta Euskal Herria? Bizirik! Ez da gutxi...».

'Idatzi munduari lotzeko'

1985eko Liburuaren Egunean elkartu ziren Txillardegi eta Bernardo Atxaga, Bilbon, idazlearen konpromiso eta eginbeharrez jendaurrean eztabaidatzeko. Miren Rubio Iturria kazetariaren hitzetan, «literaturaren autonomiaren inguruko eztabaiden mugarritzat» jotzen da saio hura, non Txillardegi euskararekin eta Euskal Herriarekin konprometitutako jardunaren alde lerratu zen, eta Atxaga, aldiz, literatur autonomiaren alde. Ordutik, Atxagaren ildoa gailendu ahala eztabaida publikoa «indargabetu» egin dela dio Rubiok, baina garrantzia eta gaurkotasuna izaten segitzen duela. Hala, Harkaitz Cano, Eider Rodriguez eta Kirmen Uribe idazleekin hitz egin du idazlearen konpromisoez eta literatuaren autonomiaz. Agirre: «Orain berrogei urte idazle konprometituaren auziak kultur munduan zuen zentralitaterik ez du egun; baina auzia hor dago, besteak beste errelatuaren borroka betean bizi garen honetan».

Horiekin batera, Egunen gurpilean atalean, ohi bezala, Itziar Ugarte Irizarrek kulturaz idatzi du, Jaime Altuna Ramirezek soziolinguistikaz eta Alba Garmendia Castañosek pentsamenduaz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.