Gaur goizean aurkeztu du eleberria Miren Amurizak (Berriz, Bizkaia, 1990), Donostian. Bertsolaria eta haur eta gazte literaturako hainbat lanen egilea, Basa du helduentzako lehen lana, eta zentzu askotan "bestelako esperientzia" izan dela adierazi du. Urtebeteko lanean ondu du eleberria, eta "apaltasun lezio handi bat" izan dela azaldu du, "ikasketa prozesu" eta "esperimentazio gune" izan den bezala.
"Trinkoa, hautemangarria eta zuzena". Halakoa da Basa egilearentzat, izenburuak berak aurreratzen duenez. "Laburra da, bizia. Ahalik eta gehien soiltzen saiatu naiz, arnasa hartzeko tarte gutxi utzita". Paperezko txoriak zuen izena Igartza sarira bidalitako proiektuak, eta uste du izen aldaketak berak erakusten duela hasierako asmotik azkenean heldu den tokira egindako bidea. "Non nengoen orduan eta non nagoen orain, bi leku oso diferente dira".
"Domestikatua izan den norbaitengandik baino, animalia senetik gertuago dagoen andrea" da Sabina, egilearen hitzetan. Bada, 80 urte inguruko emakume bat hain basa izatera nola hel daitekeen aztertzea izan du, hain justu, lanaren xedeetako bat.
Herri txiki batean kokatu du istorioa. Sabinari egingo dioten ebakuntza txiki batekin abiatzen da, eta zaintzaile izatetik zaindua izatera igarotzean piztuko da gatazka: baserrian bizi den Henry koinatuarekiko zaintzaile izango da, baina, aldi berean, seme-alabekiko zaindua. Lehenengoa "agentziatik" biziko du, botere gisara; bigarrena, baina, "kontroltzat" hartuko du. Zaintza gatazka modura, hori jarri du eleberriaren ardatzean Amurizak.