Urtarrilaren 4an topatu zuten, Parisen, Jon Miranderen hilotza, egun batzuk lehenago bere buruaz beste egin ostean. Medikuek abenduaren 28an datatu zuten haren heriotza eguna, bihar duela 50 urte, hain justu. Euskal literatura modernoaren mugarrietako bat da haren izena, eta lilura piztu izan du haren figurak beti —baita sumina ere, pederastia eta beste gai batzuk lantzeagatik—. Lilurak ukitutako sei kulturgile elkarrizketatu ditu BERRIAk: Josu Martinez, Amaia Elizalde, Lourdes Otaegi, Elena Setien, Xabi Erkizia eta Patri Urkizu.
«Garaiz eta lekuz kanpo zegoen norbait izan zen»
Josu Martinez
Zinemagilea
Jon Miranderi buruzko dokumental bat amaitzear da Josu Martinez. «Niri halako pertsonaiak gustatzen zaizkit, konplexuak». Mirande: film bat egiteko zirriborroa deituko da, eta ikerketa bat du ardatzean: «Denek hitz egiten dute Miranderi buruz, baina pelikulak proposatzen duena da Miranderi berari ematea hitza, berak hitz egin dezala bere biziaz eta bere obraz». Horretarako, «dispositibo filmiko bat» prestatu dute, eta idazlea eta haren lana gertutik ezagutu duten zenbait lagun ere agertuko dira, baita inoiz erakutsi gabeko materiala ere.
Aspalditik zuen gogoan Miranderi buruzko lan bat egitea Martinezek —«haren testu batzuk oso zinematografikoak dira»—, eta, behin eginda, ideia bat nabarmendu du orain: «Pertsona bat Parisen bizi zena, auzo proletario batean, gorroto zuena bere lana, gaitasun intelektual izugarriak zituena... garaiz eta lekuz kanpo zegoen norbait izan zen». Eta baita «gizajo bat» ere, haren ustez: «Epai batzuk entzunda, badirudi SSetako ofizial bat izan zela, baina gurasoekin bizi zen gizajo bat zen, lagunei gutunetan idazten zizkiena alemanen aldeko gauzak, baina ez zuena euli bat hilko, nire ustez».
Filma egin bitartean, ordea, aski kritikoa ez izatearen «ezpata» gainean sumatu duela dio. «Pederastia, naziak... kontuz hartzeko gaiak dira, baina ez dakit Miranderekin ez ote den gu guztion barneko zentsore txikia ateratzen».
«Miranderen figurak eklipsatu izan du haren obra»
Amaia Elizalde
EHUko irakaslea
Baionan ikasten zebilela ohartu zen Amaia Elizalde Haur besoetakoa-k ez zuela «toki argi bat» euskal literaturaren historietan. Interesa piztu zion horrek, eta hala heldu da Miranderen idazlanik eztabaidatuenaren inguruko tesia ontzera. Modernitatearekin lotu du eleberria tesian —«denboraren joanarekiko kezka gai arrunta zen jada Europan—; 11 urteko Teresa eternitatearen sinbolotzat kokatu du —«ez da haur bat, ez emakume bat; promesa bat da eta angustia bat, denbora joan, azkenean zerbaitetan hezur-haragitu, zimeldu eta hilko delako, dena bezala»—; eta eleberriak «estatu modernoaren egiturak» gogor kritikatzen dituela azaleratu.
Gaurko begietatik, Miranderen ekarpena euskal literaturarentzat «opari bat» izan dela iruditzen zaio Elizalderi —«Parisen jaio zen norbait, frantses heziketa jaso zuena, zentsura aparte euskaraz idaztea erabaki zuena... faktore askok egiten dute Miranderen proiektua harrigarri»—, eta deitoratu egin du haren lana bainoago haren figura aztertu izan dela sarri: «Miranderen figurak eklipsatu izan du haren obra». Aipatu du, halaber, artean ere «zuzentasun politikoa gailentzen» ikusten duela apurka —«egia absolutuak anbizionatzen ez duen esparru bat izan izan da artea»—, eta hori Miranderen lanaren balorazioan eragiten duen zerbait delakoan dago. «Halako testuinguru batean, oso erraza da haren literatura kritikatzea».
«Frankotiratzaile bat izan zen euskal munduaren aurka»
Lourdes Otaegi
EHUko irakaslea
Euskaraz alfabetatzen ari zela izan zuen Miranderekin lehen harremana Lourdes Otaegik. «Iparraldeko euskalkiak ziren gure lexikoa eta monosintaxia aberasteko ildoetako bat, eta Mirande ekarri ziguten. Linguistak izatekoak ginen; ohituak ginen eskuan hiztegia irakurtzen». Gogoan du haren ipuin fantastikoek piztutako «lilura», eta oroitu du hura izan zela 1980ko hamarkadan euskaraz generoak izan zuen loraldiaren «aitzindari bakarra».
Euskal literaturako egile «eszentrikotzat» ikusi du beti hura. «Eta eszentrikotasun hori bilatua da. Poeta malditoak ditu eredu, Baudelaire eta; aura hori nahi du bere obrarentzat ere. Biografiak areagotzen dio hori, gainera: ideologiak, dependentziek, jokabide erasokorrek...». Obra poetiko «murritza» osatu zuen idazleak, baina «egiazko perfekzio literarioaren» nahia erakusten dutela aipatu du. Hura da «gerraondoko poeta izarra» ikerlariarentzat: «Ez dauka itzalik, bakarra da Aresti etorri arte; eta Arestik ere hari erreberentzia eginez abiatzen du bere obra. Paristik, frankotiratzaile bat izan zen euskal mundu abertzale, ortodoxo eta kristauaren kontra. Probokatu egin nahi zuen».
Urtero lantzen du ikasleekin, eta, dioenez, urtero berresten du iraun egiten duela«poeta heterodoxoaren» erakargarritasunak. «Morboagatik ere hautatzen dute; baina haren kasuan, morboaz harago, literatura dago, eta asko».
«Anbiguotasuna du interesgarri Miranderen lanak»
Xabier Erkizia eta Elena Setien
Musikariak
Duela bi urte argitaratu zuten Elena Setien, Grande Days eta Xabi Erkiziak Miranderen olerkietan oinarritutako Mirande diskoa (Forbidden Colours). Lehen biek abiatu zuten proiektua, eta gero batu zen Erkizia, euskaraz ongi moldatzen zen bakarra taldean. Hala, haren egitekoa izan zen jatorrizko hitzei erreparatzea, eta, batez ere, gordetzen zuten tonua ez galtzea, maiz gertatu ohi dena poesia musikatzean, Erkiziaren ustetan: «Miranderen literaturak anbiguotasuna du niretzat interesgarri, ez dakizula oso ondo bera non kokatzen den kontakizunean. Eta hori izan zen nire obsesioa diskoan: estetikoki ere anbiguotasun horretara iritsi behar genuela. Sortzea musika bat ez guztiz osoa, baizik hauskorragoa; nahita ere ezingo dena bihurtu tarareatzeko erraza izango den ereserki txiki bat». Gainontzean «omenaldi naif bat» egiteko «arrisku handia» zutela dio.
Setienek aipatu du, bestalde, deskubrimendu bat izan zela beretzat Mirande. «Gauza batzuk ulertzen nituen, baina beste asko ez. Asko zentratu nintzen, beraz, poemen musikaltasunean; deigarria da nola betetzen duten espazioa ahots goran irakurtzen dituzunean. Irudimena ireki zidan horrek guztiz». Aurrez, Lars Skinnebach poeta daniarrarekin egina zuen gisako lan bat Setienek, eta gustatu zitzaion haren oihartzuna itzultzea: «Argi-ilunak dituzten gaiak; gauza politak, itsusi eta arrotzekin nahasian».
«Ez da egin haren poesiaren benetako edizio bat oraindik»
Patri Urkizu
Idazlea
Parisen ezagutu zuen Patri Urkizuk Txomin Peillen idazlea —zendu berri da, hil hasieran—. Mirande eta biek ekin zioten Igela aldizkaria argitaratzeari, eta gogoan du ale batzuk eman zizkiola Peillenek Parisen. Ordurako irakurria zuen Miranderen lana Koldo Mitxelenak zuzentzen zuen Hegan aldizkarian, eta hasieratik antzeman ei zuen zerbait berezia: «Nola esan, idazle berritzailetzat kontsideratu nuen euskal literaturan; inportantzia handikoa». Haren lana biltzeari ekin zion gutxika; eskuizkribuak, han-hemen emandako poemak —Mirandek berak ez zuen inoiz poema libururik argitaratu—, eta beste. Eta hala apailatu ditu, besteak beste, argitalpen hauek: euskara ikasten akuilu izan zuen Andima Ibiñagabeitiari bidalitako gutunak (Jon Miranderen gutunak 1948-1972, Susa, 1995); Gauaz parke batean ipuin bilduma (Elkar, 1984); eta idazlearen «pseudoautobiografiatzat» jo duen obra bat, Etsipenez. Jon Chaoren memorioziunak (Elkar, 1984) —Chao abizenez sinatzen zuen inoiz Mirandek—. Urkizu: «Literatura ikuspegi moderno batetik ikusten zuen, eta pasio handiz, modu oso bizian eta beti egiaren atzetik idatzi».
Aurrez falta izan zitzaion aitortza aspaldi heldu zitzaiola iruditzen zaio gaur Urkizuri. «Haren poesiarekin edizio batzuk egin dira, baina oraindik ez benetako bat; badira ohar asko behar dituzten poemak, eta behar da ikertzea».
Mirande sei ahotsetara
Bihar beteko dira 50 urte Jon Mirandek bere buruaz beste egin zuenetik, Paris jaioterri eta bizilekuan. Figura ezohikoa da guztiz euskal letren mapan, eta, kritikak kritika, ondorengo belaunaldietara ere heldu da haren lanak sortutako lilura.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu