Miquel Marti i Polen 'Marta Maitea' euskaratu du Joxemari Sestorainek

Esklerosi anizkoitza zuela jakin eta zazpi urtera kaleratu zuen poema liburua idazle kataluniarrak

Herrialde Katalanetako poetarik maitatu eta irakurrienetariko bat da Miquel Marti i Pol. Z / BERRIA.
Inigo Astiz
Iruñea
2011ko urriaren 25a
00:00
Entzun
Hurbiletik mintzo zaio irakurleari Miguel Marti i Pol poeta kataluniarra (Roda de Ter, 1929-Vic, 2003) bere poemetan. Laguna lagunari nola. «Oraintxetik estimatzen dut irakurle / ezezagun eta lagun hori. Maiz dut / harengan gogoa, ez bakarrik idaztean. / Bion artean maitasun sakona dago / ez minik ez saminik sortzen ez duena / urruna delako, garbia, funtsezkoa. / Garaia denean ez du hitzordua huts eginen, / jakina. Zinez eskertzen diot oraintxetik». Hurbiltasun horrek egin zuen Kataluniako poeta maitatuenetariko bat, eta hurbiltasun horrek erakarrita itzuli ditu haren poemak Joxemari Sestorain itzultzaileak ere. Estimada Marta liburua euskaratu du, Marta Maitea izenburuarekin, eta Denonartean argitaletxearekin kaleratu.

Beste itzulpen batek piztu zion harra Sestoraini. Orain 27 urte, 1984an, Joseba Sarrionandiak Maiatz aldizkarirako egindakoak, hain zuzen ere. Marti i Pol irakurtzen hasi, eta behin eta berriz itzuli da harengan geroztik. Jolasean bezala hasi zen orain hiru urte bera ere haren poemak itzultzen, eta hala sortu da Marta Maitea. Hori du Sestorainek kataluniarraren libururik maiteena.

Hitz bakoitzean, bizia

1970ean esklerosi anizkoitza diagnostikatu zioten medikuek, eta zazpi urte beranduago argitaratu zuten Sestorainek euskaratutako liburua. Bildumaren oinarrian dago eritasuna, horregatik, Sestorainek azaltzen duenez. «Logelara eraman zuen gaixotasunak poeta, eta bitxia da, horregatik, bere egoera. Baina horrek ez zion eragotzi bere garaiarekiko eta bere kulturarekiko konpromisoa mantentzea. Jakin zuen zerbait berria eta diferentea esaten».

Hiru zati ditu liburuak. Urteurreneko zazpi poema, Su-burdina eta Marta Maitea izenekoak. Gaixotasuna diagnostikatu ziotenetik zazpi urte bete zirenean idatzitako poemak biltzen dira lehen atalean. Besteak beste, bere poetika azaltzen duten hogei poema bigarrenean, eta sexu harreman bati buruzkoak hirugarrenean. Ez dira, baina, harreman zehatz bati idatzitakoak. «Bakarra zara eta ugari», esaten dio poetak maiteari ataleko lehen poeman, adibidez.

«Oso estilo sinplean ari dela ematen du lehen begiratuan. Soil. Baina sakon erreparatuta, nabarmena da haren poesiaren aberastasuna», dio Sestorainek. «Oso ongi hautatzen du hitz bakoitza. Hunkigarria da, eta baita oso hurbilekoa ere». Poema zati bat jarri du adibidetzat. Buruz ari da. «Biziro maite ez dudanik ez dut idatziko. / Marrazten dudan paisaia zorrotzeko erliebea dira hitzak, eta oparoak / izan behar dute, iradokitzaileak, sendoak. / Inor inoiz haietan menturatzen bada, / ni orain bezala, okerbidean / gal ez dadin, etsi ez dezan. / Ez dut, axolagabe, seinalerik taxutzen. / hitz bakoitzean bizia dut jokatzen».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.