'(B)EGIRA!'
Konpainiak: Kamikaz kolektiboa eta Ttak! teatroa. Antzezleak: Iraia Elias, Amancay Gaztañaga. Lekua: Zarauzko Modelo aretoa. Eguna: maiatzaren 24a.
Zarauzko Modelo antzokian izan da aurtengo Literaturia jardunaldien irekiera ekitaldia, aretoa itzultzaile, idazle, antzezle eta literatura zaleez ondo beteta zegoelarik. Mari Luz Estebani egokitu zaio jardunaldiei hasiera emateko ohorea, eta zeregin horretan hamabost puntuko manifestu filosofiko-poetiko-politiko bat irakurri digu dotorezia handiz eta bertaratutakoen arreta hasieratik bereganatuta.
Orain tokatzen zait jarraian etorritako antzezlanaz nirea esatea, eta alde horretatik ez diot irakurleari ezer berririk deskubrituko aitortzen badiot seguru nengoela harribitxi baten aurrean aurkituko nintzela. Espero bezala, harainoko bidaiak merezi izan du, eta objektu distiratsu honen aurkikuntza izan da antzerkiak noizean behin —oso noizean behin— altxor bilatzaileoi oparitzen digun harribitxietako bat.
Uste dut aurretiazko aurkezpenean entzun dudala ordu gutxi batzuetan prestatu dutela emanaldia sortzaile kamikaze hauek, ttak! egin arte. Alde batetik, sinetsezina lirudike, baina bai bata bai bestea ezagututa, su gainean jarriko nituzke eskua eta baita neure burua ere baietz esateko, guztiz posiblea dela, eta seguruenik horrela sortu dela (B)egira! miresgarri hau.
(B)egira!, beraz, Literaturia honen leloari keinu eginez eta ikuslea protagonista jarriz, haren begiradarik gabe ez dagoelako ekintza eszenikorik. Hasiera batean ikusleen begiradek zulatu dituzte bi antzezleen gorputzak, seko hilda utzi arte, eta hasierako pasarte horretan argi geratu da publikoaren begiradaren garrantzia. Orduan hasi dira atalen artean tartekatu diren minutu bateko isiluneak, antzerkiaren ogibideak jasaten dituen gabeziak eta bazterkeria publikoki astinduz eta gu-guztiok kolektibo bezala —herri bezala— errealitate gordinaren aurrean kokatuz.
Bide horretatik, gogoeta erdi eszeniko, erdi politiko, erdi biszerala —hiru erdi atera zaizkit baina berdin du, hirurak dira bat— planteatu digute, umore handiz, zorroztasun erostezinez, zintzotasun osoz eta erritmo bizigarriz. Une batean, demagun, arazo tekniko bat agertu da irudi proiektatuetan, eta ikustekoa izan da zelako ekimen eta abileziarekin egin dioten aurre. Prestatua ote zen, agian? Benetako arazoa izan al da? Ni, behintzat, dudatan egon naiz, eta horrek asko adierazten du sortzaile hauen kemenari buruz. Eta amaierako pasartean, oso interesgarria egin zait Matriuska antzezlaneko karikatura-pertsonaiak beste gidoi batekin berreskuratu izana.
Di-da batean igaro da guztia, eta amaitutakoan hirutan agertu dira antzezleak ikusleen txalo beroak eskertzera. Eta guk, bitartean, kalitate handiko esperientzia ordainezin bat bizi izanaren sentsazioa gorde dugu bueltako bidaiarako. Elgoibarreraino argia zen oraindik, eta itsasoa ikusi dugu urrunean, baina Bilbora heltzean gaua zen ezinbestean.