Leihatila ireki, eta ia kolpean joan dira 8.000 sarrerak. Guztiak, 60 segundoan. Goizeko hamarretan jarri dituzte gaur salgai Fermin Muguruzak Bilbo Arenan abenduan egin asmo duen bigarren kontzertuko sarrerak, eta, Mauka ekoizpen etxeak jakinarazi duenez, «minutu bakarrean» bukatu dira. Musikariak ere apenas behar izan duen ordu erdi esker mezua argitaratzeko. 10:38an idatzi du mezua, eta hurrengo urterako zerbait pentsatzen hasi dela esan du. «Herri eskaera izugarriari erantzuteko, 2025ean zer antola dezakegun aztertzen hasiko gara».
«Ez nuen inondik inora harrera hau espero, eta hitz ederrak besterik ez dut zuon guztionganako. Azken egunotan jasotako maitasun guztia indarrez eta kemenez itzuliko dizuet taula gainetik».
FERMIN MUGURUZAMusikaria
Esker mezua helarazi du prentsa ohar bidez ere. «Asteartean asko sufritu genuen ikusita nola milaka eta milaka pertsona ordenagailuen kontra borrokatzen ziren. Egia esan, oso etsigarria izan zen. Aldi berean, ez nuen inondik inora harrera hau espero, eta hitz ederrak besterik ez dut zuon guztionganako. Azken egunotan jasotako maitasun guztia indarrez eta kemenez itzuliko dizuet taula gainetik, eta hasiko naiz pentsatzen ea 2025ean ere zerbait egin dezakegun sarrerak lortu ez dituztenak asetzeko».
Hirugarrenik ez, baina...
Abenduaren 20rako iragarri zuen lehen kontzertua. Bere musika ibilbideari errepasoa emateko asmoa azaldu zuen musikariak, eta astelehenean jarri ziren salgai sarrerak. BERRIAlagunek aukera izan zuten sarrerak ordubete lehenago erosteko, eta orduan ere ziztuan joan ziren denak. Une batez, 70.000 eskari izan ziren aldi berean. Eta ordu gutxian saldu ziren 8.000 ticketak. Eskari kopuruaren ondorioz, arazoak izan ziren sarean, eta, horregatik barkamena eskatzearekin batera, beste emanaldi bat ere egingo zuela esan zuen Muguruzak: abenduaren 21ean. Abisu batekin: «Ez da hirugarrenik izanen».
Gaur jarri dira 8.000 sarrera horiek salgai, eta horiek ere minutu gutxian saldu dira. «16.000 esker» eman ditu musikariak sare sozialetan, eta bertan iradoki du 2025ean beste zerbait egiteko asmoa.
16.000 esker, bihotzez.
— Fermin Muguruza (@muguruzafm) April 25, 2024
Herri eskaera izugarriari erantzuteko, 2025ean zer antola dezakegun aztertzen hasiko gara.
16.000 gracias, de corazón.
Nos ponemos desde ya a estudiar qué podemos organizar en el 2025 para atender la descomunal demanda popular. pic.twitter.com/QRTPgmyD1m
FMuguruza. 1984-2024 izena izango du kontzertuak, eta zentsuraren kontra egiteko baliatuko du aukera Muguruzak. «Argi ikusten dut nirea jazarpen baten historia dela. Kortaturen garairako geratu zitzaigun garbi: Madrilgo kontzertuak bertan behera, eta Poliziarekin istiluak», adierazi zuen Fermin Muguruzak asteburuan BERRIAk argitaratu zuen elkarrizketan. Kortatu eta Negu Gorriak taldeen garaietatik hasita, bere ibilbide osoa «berpiztuko» du kontzertuetan.