Mintzolak amaitutzat eman du bidea

Patronatuko kideek aho batez erabaki dute fundazioa desegitea. Euskaltzaindiari proposatu diote lekukoa har dezala ahozkotasunaren ikerketan eta hedapenean. Bertsozaleen Elkartetik fisikoki banandua egongo da

Mintzolak EHUren udako ikastaroetan parte hartu izan du; irudian, aurten Donostian egindako bat. GORKA RUBIO / FOKU.
Erredakzioa
2021eko uztailaren 28a
00:00
Entzun
Mintzola Ahozko Lantegiak amaitutzat eman du bere ibilbidea. Hala erabaki dute, aho batez, fundazioko patronatua osatzen duten kideek: fundazioa desegitea adostu zuten berriki egindako batzar batean, eta hemendik aurrera ahozkotasuna beste modu batera lantzea, ohar bidez atzo jakinarazi zutenez. Halaber, lantegiaren jarraipena Euskaltzaindiaren esku uztea hobetsi zuten batzarrean, eta ahozkotasunari buruzko ikerketaren eta hedapenaren lekukoa hartzea proposatu diote.

Euskaltzaindiak onartu egin du proposamena, eta hala inplikatutako eragileek irailetik aurrera prozesu bat abiaraziko dute «erreleboaren inguruko baldintzak modu egokian eta adostuan gauzatu ahal izateko». Erreleboa egin eta proiektuak egokitutakoan emango dituzte jakitera xehetasun guztiak.

«Bertsogintzaz harago ahozko gainerako diziplinetan gehiago sakondu eta eragiteko beharrak bultzatuta», lantegiaren helburuaren eta egitekoen inguruko hausnarketa abiatu zuten duela urtebete. Gogoeta prozesuaren ondorioz ebatzi dute egitasmoaren jarduna etetea. Dena den, «euskararen biziberritzeak denen arteko elkarlana eta ekarpena» behar duela uste dute patronatuko kideek, eta elkarlanerako prest agertu dira.

2008an hasi zuen bidea Mintzolak, eta hamahiru urteren ondoren bukatu du. Denbora horretan, lantegiak «euskarari eta euskal kulturgintzari egindako ekarpena» azpimarratu dute patronatua osatzen duten instituzioek, hala nola Euskal Herriko Bertsozale Elkarteak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta EHUk.

«Bertsolaritzatik abiatuta, ahozko tradizioaren gaineko hausnarketari eta ahozkotasunari loturiko diziplinen arteko elkarreragina bultzatzea» izan du helburu Mintzola Ahozko Lantegiak sortu zenetik, oharrean gogora ekarri dutenez. Bide horretan, euskaraz diharduten beste ahozko kultur sorkuntzetarako eta nazioarteko beste kantu inprobisatuetarako «zubiak eraikitzen» saiatu dela ere nabarmendu dute.

Erabakiaren ondorioz, Mintzolaren eta Euskal Herriko Bertsozale Elkartearen proiektuak fisikoki bananduak egongo dira aurrerantzean, eta, horrenbestez, beste modu batean landuko dute ahozkotasuna. Aldaketak aldaketa, Villabona-Amasako (Gipuzkoa) Subijana Etxean jarraituko dute Bertsozale Elkartearen eta Xenpelar Dokumentazio Zentroaren egoitzek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.