Donostiako 61. Zinemaldia. Sail Ofiziala

Ministerioa museoan

Bertrand Tavernierrek 'Quai d'Orsay' filmean Frantziako Atzerri ministroaren komeriak kontatzen ditu

Bertrand Tavernier eta filmearen ekoizleetako bat. JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Donostia
2013ko irailaren 25a
00:00
Entzun
«Ezjakintasuna zale asko dituen diktadura da, baina film honetako pertsonaiak ez dira ezjakinak», Bertrand Tavernier Quai d'Orsay filmaren zuzendariaren hitzak dira, filmeko pertsonaien profilaz galdetzean. «Ministroa, esate baterako, ezjakina baino gehiago autista da, obsesionatuta bizi da, eta askotan aldatzen du bere iritzia, baina beti du helburu bat buruan», gaineratu zuen atzoko prentsaurrekoan.

Alexandre Taillard de Vorms Frantziako Atzerri ministroa da, eta Arthur Vlaminck gaztea bere hitzaldiak idazteko kontratatu du. Ez du lan samurra izango, ordea, hitzaldi bakoitzerako bata bestearen ostean beste idatzaldi bat eskatzen baitio. Gurdikada pazientzia beharko du nagusiaren kapritxoen aurrean. Ez berak bakarrik, baita haren lantaldeko aholkulari, idazkari eta langile guztiek ere.

Pasatzen den tokian izugarrizko zurrunbiloa sortzen du aldiro: ateak danbaka ibiltzen ditu, eta mahai gaineko paper guztiak erorrarazten ditu. Gainera, hitz egiten duenean beso eta eskuak etengabe mugitzen ditu batetik bestera, eta haren ahotsa ia eraikin guztitik entzun daiteke. Eta badirudi ez dela bere jokaeren ondorioez ohartzen.

Haren itxura xelebrearen atzean, baina, munduko afera eta egoera guztien jakitun da, badaki zertan dabilen, nahiz eta asko- tan gauzen oso ikuspegi berezia izan.

Filmean zehar, ugariak dira Heraklitoren aipuak, zuzendariaren arabera erabat jende gutxik uler ditzakeen iruzkin sakonak. «Jendeari barre eginarazteko komedia bat da, baina eurak ez dute modu komikoan antzezten, ez dira komikoak». Izan ere, Tavernierren arabera komedia ona tonu dramatikoan ere egin daitekeena da.

Pelikula izen bereko komiki batean oinarritzen da, eta izen bereko Parisko museoan filmatu da. Baina zuzendariak nahieran moldatu ditu bai gidoia eta bai pertsonaien karakterizazioa. «Ez nuen komikia kopiatu nahi».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.