Konpainia: Dance on Ensemble. Koreografia: Christos Papadopoulos. Koreografia-laguntzailea: Georgios Kotsifakis. Musika: Coti K. Argiak: Werkstattkollektiv. Jantziak: Eliza Alexandropoulou. Dantzariak: Javier Arozena, Ty Boomershine, Alba Barral Fernandez, Anna Hermann, Emma Lewis, Gesine Moog, Miki Orihara, Tim Persent, Jone San Martin, Marco Volta, Lia Witjes Pole. Lekua: Donostiako Viktoria Eugenia antzokia. Eguna: Martxoak 17.'MELLOWING'
Berlingo Dance on Ensemble heldutasun betean dauden hainbat dantzarik osatzen dute —haien artean Jone San Martin donostiarra—, eta dFerian aurkeztu duten Mellowing piezarako Christos Papadopoulos greziar koreografoa aukeratu dute, herri bereko beste izen batzuk gehituta koreografia-laguntzailearen zereginetan eta jantzien diseinuan.
Hondo zuria eta kolore bereko zorua izan dira eremu eszenikoaren osagai bakarrak, eta argien diseinua ezin hobeto egokitu da zuritasun horri, goitik behera jaisten joan den zerrenda horizontal berdearekin. Argiak zeresan handia eduki du emanaldian, eta beti jokatu du era diskretuan, baina batzuetan dantzarien siluetak baino ez ditugu ikusi eta beste batzuetan haien itzal proiektatuekin jolastu da.
Dantzariak banan-banan eta gehitze geldoan sartu dira eszenan hamaikako taldea osatu arte. Figura estatikoak balira bezala mugitu dira, puntetan eta desplazamenduak pauso txiki-txikiekin eginez, halako moldez non kontzentrazio berezia behar genuen puntu batetik bestera mugitzen ote ziren jakiteko. Hasierako minutuak isiltasunean igaro dira lehendabiziko hiru dantzariak eremu eszenikotik paseatzen zirelarik, beti guri begira, irribarre zabala aurpegian eta beren pentsamenduetan galduta agian. Halako batean dantzarietako batek aurikularra belarrian sartu eta orduan hasi gara denok soinu-banda entzuten.
Izan ere, soinu-banda izan da proposamenaren funtsezko elementu bat. Erritmo aldaezin eta nahiko bizkor batean oinarritu da denbora osoan, haren gainean eraikitako musika era minimalistan aldatzen zelarik, eta hori osagarri bikaina suertatu da koreografiaren planteamendurako. Jantzien diseinuak ere sakoneko xedearekin egin du bat, dantzari denek itxura neutroa eman dutelako berde-gris koloreko tixerta eta prakekin, baten bat praka laburrekin eta beste bat beltzez jantzita agertu den arren.
Soinu-bandaren eta mugimenduen izaera minimalistak sorginduta eduki gaitu ordubeteko emanaldian, eta figura estatikoen desplazamendu soilak dantzarien sorbalda eta besoetara hedatu dira, batzuetan buruetara ere bai, oso era sotilean. Desplazamendu kolektiboen desordena horretan interakzio txikiak gertatzen ziren noizean behin, urmael bateko uhinak elkarrekin interferitzen duten antzera, eta azpitaldeen ausazko sortzeek eta desegiteek hodeien formak ekarri dizkidate gogora: une batean lehoi bat ikusten duzu laino potolo hartan, eta konturatu orduko desagertu edo erbi erraldoi bihurtu da alboko hodeitzarrak irentsita. Beso erorien kulunka leunek itsaso azpiko mundura eraman gaituzte, hain ziren suabeak eta malguak, eta dena amaitu denean txaloen entusiasmoarekin batera urmael hartako uhinak, hodeien fantasiazko irudiak eta itsas azpiko belardien ondulazioak eraman ditugu gure baitan gordeta.