Miniaturazko arte zentro bat

Cano Erhardt, Pablo Astrain eta Amalia Julieta Gomez artistei eskainitako erakusketekin ekin dio itxialdi osteko sasoiari Bilboko Juan Manuel Lumbreras galeriak

Cano Erhardtek Lumbreras galerian ikusgai jarri dituen lanetako bat. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
Inigo Astiz
Bilbo
2020ko uztailaren 28a
00:00
Entzun

Ia hiru hilabeteko itxialdiaren ostean, Bilboko Henao kaleko bere galeriako ateak ireki, eta miniaturazko arte zentro bat ikusten du parez pare Juan Manuel Lumbreras galeristak aurrean dauzkan 450 metro koadroetan. «Hori da galeria hau beti izan dena». Bi hamarkada pasako ibilbidea du atzean, eta hiru erakusketa ditu aldi berean martxan galeriak orain. Cano Erhardt argazkilariaren Piscinas del olvido (Ahanzturaren igerilekuak) erakusketak hartzen du areto nagusia, Pablo Astrainen Error del sistema (Sistemaren akatsa) pintura bilduma ikus daiteke beheko solairuan, eta Amalia Julieta Gomez artistak itxialdian sortutako margolan koloretsuek betetzen dute bulegoaren gunea. Abuztura arte egongo dira hirurak ikusgai.

 

Habanako auzo berean daude Cano Erhardtek (Bilbo, 1955) erretratatutako igerileku guztiak. Guztiak itsaso ondoan, eta guztiak abandonatuta. Eta, hain zuzen ere, ahanztura hori da erakusketako zortzi argazkiek harrapatzen dutena. Hondakinez beteta dago bisitariak ikusten duen lehena, esaterako, dena harrixka, hormigoi eta hauts, urak beharrean, bere suntsipenak bete izan balu bezala. Euri tanta batzuk erori berri dira beste baten hondoan; beste bati margolanen testura ematen dio hormaren ehundura zahar eta zimurtsuak, eta igerilaririk hartu gabe daraman denboraren lekukotza eskaintzen du eskailerari darion herdoil jarioak azkenekoan. Orotara, zortzi argazki ditu erakusketak, eta guztiak dira neurri eta bereizmen handikoak.

Pandemiaren eraginez, aurten formatu digitala izan du Photo España azokak lehenengoz, eta Erhardten hainbat lan bidali zituen bertara Juan Manuel Lumbreras galeriak. Ahal izatera, erakusketa fisikoak ere antolatzeko eskatu die azokak bertan parte hartu duten galeristei, ordea, eta horregatik darama Photo Españaren zigilua Erhardti eskainitako erakusketak orain.

Beheko solairuan, morea da Pablo Astrainen (Donostia, 1986) unibertsoa. Ia beltz bilakatzera heltzen da punturik ilunenetan, eta zuritik gertu dabil punturik argienetan, baina kolore bakar hori darabil lan guztietan. Badira zeru erraldoiak, lehen planoko erretratuak, eskulturen irudiak, txakur bat, kaleko argi bat, eta hiru mutileko talde bat ere bai, den-denak more ilun berarekin sortutakoak.

Familia erretratu bikoitz bat ere ikusten da koadrorik handienetako batean. Postura guztiz formal eta hierarkizatuan eseritako ume bakarreko familia dirudun bat irudikatzen du koadroaren beheko parteak, oinetatik hasi eta sorbaldetaraino, eta, aldiz, ume askoko familia zabalago baten irudi informalagoa dakar koadroaren goiko zatiak, batzuk sofan etzanda daudela, eta besteak lurrean eserita, baina guztiak, kasu honetan, gerritik gora irudikatuta. Eta, hain zuzen ere, bi plano horien arteko kontrastea da margolanaren indarguneetako bat.

Lumbrerasek artista gazteen lana ikusarazteko sortutako Joven Llama Joven (Gazteak deitzen du gaztea) proiektuaren parte da Astrainen erakusketa. 2016an jarri zuten martxan egitasmoa, Bizkaiko Foru Aldundiarekin, Bilboko Udalarekin eta Euskal Herriko Unibertsitatearekin elkarlanean, eta galerista pozik dago izandako ibilbidearekin. Baina, onartu duenez, aurten, koronabirusaren eraginez, bertan behera utzi behar izan dituzte proiektu honekin aurreikusita zeuzkaten lau erakusketetako bi.

Hain zuzen ere, Joven Llama Joven proiektuarekin egin zuen bere lehen erakusketa Lumbreras galerian Amalia Julieta Gomezek (Buenos Aires, 1988). Sortzez argentinarra izan arren, urteak daramatza Bilbon, eta itxialdiak iraun zuen sasoian bertan egindako irudiekin osatu du orain galerian ikusgai jarri duen bigarren erakusketa: Calma chicha (Kalma zuria).

Estu zena, estuago

Egunero margolan bat sortu zuen Gomezek berrogeialdian, eta sarera igo zituen egindako lan haien irudiak gero. Bada, margolan horiek jarri ditu fisikoki ikusgai orain Juan Manuel Lumbreras galeriak. Badira akuarelaz sortutako irudiak eta ordenagailuz margotutako beste batzuk ere, baina arkatz, errotuladore eta pintura nahasketa bat da nagusi lanik gehien-gehienetan. Biziak dira koloreak, eta emakumeak ageri dituzte guztiek. Emakumeak edaten, dantzatzen, bizikletan, untxiak zaintzen, balkoitik begira...

«Funtzionatu, denak funtzionatzen du gaizki, ez dagoelako salmentarik, eta galeria guztiok gaude ateak behin betirako ixteko berehalako mehatxupean». Koronabirusaren aurretik ere estua zen egoera, Lumbrerasek dioenez, eta are estuago bilakatu du orain pandemiak. «2008az geroztik, geure ondarearekin eusten diogu honi», jarraitu du. «Zaletasun garesti bat da. Lehen zure diruarekin ordaindu beharrekoa x baldin bazen, orain hamar bider x bilakatu da kopuru hori. Sei hilabete dira aurten, adibidez, artelanik saldu ez dugula, eta ikusi egin behar erakundeek zerbait erosiko duten edo ez».

Koronabirusak goitik behera aldatu die urteko programazioa ere, eta, bertan behera utzitakoez gain, atzeratu ere egin behar izan dituzte beste batzuk. Agustin Ibarrolari eskainitakoa tartean. Urteko erakusketa nagusia izango dela dio Lumbrerasek; galeriako hiru aretoak beteko ditu obra bildumak, eta, dena prest zeukaten arren, atzeratu egin behar izan dute azkenean. Berez, Bilboko Rekalde aretoak artistari eskaini behar zion erakusketarekin batera egin nahi zuten inaugurazioa, baina itxialdiaren eraginez Rekaldek data aldatu, eta eurek ere egokitu egin behar izan dute. Urri amaierarako zabalik egotea espero dute.

Oraingoz, hiru erakusketa dituzte martxan: miniaturazko arte zentro bat, galeristaren begietara.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.