Idazle batentzat, maitasun karta bat hiztegiarekin idaztea bezalakoa da hizkuntza aldatzea». Emil Michel Cioran pentsalari errumaniarrarena da esaldia. Frantsesez idatzitakoa. 1947an erabaki zuen errumaniera utzi eta frantsesa hartzea. «Gizagabea eta infernala» egiten zitzaion hizkuntza berria, baina, halere, hura hautatu zuen ordutik aurrerako lanetarako. «Errumanieraz idazten nuenean, hitzak ez zeuden nigandik kanpo. Frantsesez idazten hasi bezain azkar kontzienteki aukeratzen nuen hitz bakoitza. Nire aurrean nituen, nigandik kanpo, bakoitza bere lekuan. Eta hautatu egin nitzakeen». Eta horregatik aldatu zuen hizkuntza: hitzak hiztegi batean bezala ikusi ahal izateko. Ez da Cioran, ordea, hizkuntza aldatzeko erabakia hartu duen idazle ezagun bakarra. Antzera egin zuten Samuel Beckettek, Vladimir Nabokovek eta Joseph Brodskikere. Une batetik aurrera, mingain kontra idatzi zuten guztiek. Euskal Herrian ere, ez dira gutxi erdaretan hazi arren, nagusitzean euskara ikasi, eta euskaraz idaztea hautatu duten sortzaileak. Asko dira, trebatutako eskuaz aritu beharrean, ezkerreko eskuaz eginahala egin dutenak.
Esku ezkerraz. Izenburu hori jarri zion Antonio Casado da Rocha idazleak bere lehen poema liburuari (Utriusque Vasconiae). Gazteleraz hazi eta ikasi arren, bilduma euskaraz kaleratzea erabaki zuen; horregatik hautatu zuen titulua. Eduardo Txillidaren anekdota baten harira. Izan ere, berezkoa zuen marrazkirako trebetasuna artistak. Azkar eta erraz aritzen zen. Erraztasun horrek errazkeriara zeramala pentsaturik, ordea, bestelako erritmo bat behar zuela ohartuta, erabaki bat hartu zuen Txillidak: aurrerantzean ezkerreko eskuaz egingo zituen marrazkiak. Eta margolariari eskuekin gertatua hizkuntzarekin gertatu zaio Casado da Rochari. «Agian erosoegi sentitzen nintzen gaztelaniaz. Azkarregi idazten nuen, eta poesia gauza geldoa da. Hizkuntza modu instrumental batean erabiltzen baduzu, hizkuntzak ez du inporta, baina poesian bai, poesia baita hizkuntzaren laborategia». Horregatik egin zitzaion lagungarri hizkuntzaz aldatu izana, deserosotasun horrek bere langintzari buruz gogoeta sakonagoa egitera bultzatu zuelako.
Aita oñatiarra, ama kantabriarra, gazteleraz aritzen ziren Gerardo Markuletaren etxean. Kalean eta aitaren senideekin aritzen zen euskaraz, baina bost urteez geroztik galdu egin zuen. Eta berreskuratu egin behar gero. «Hutsune handi bat» zen harentzat euskararik ez jakitea, eta unibertsitate garaian erabaki zuen euskara «berrikastea». Gazteleraz idazten hasia zen ordurako, eta hizkuntza aldatzea erabaki zuen. «Euskaraz idatziz 'niago' sentitzen nintzela erabaki nuen». Ez zen nekerik gabeko aldaketa izan. «Gaztelaniaz idatzitako testu batzuk euskaraz 'ontzi aldatzen' egin nituen lehen ahaleginak, baina berehala ohartu nintzen arazoa ez zela besterik gabe txanponari buelta ematea, langintza berriak uste baino ahalegin handiagoa eskatuko zidala». 1990ean kaleratu zuen lehen liburua, Larrosak noizean behin (Erein), eta bost liburu argitaratu ditu geroztik. Euskaraz guztiak.
Gaizki doitzeko hautua
Baina hizkuntza aldatzean, ez da soilik hizkuntza aldatzen. Hori dio Markuletak. Hitzekin batera, haiek dakarten paisaia ere moldatzen dela, nolabait ere. Aldatzen dela irakurlea. Aldatu tradizioa. Aldatu idazkera. Baina dena aldatu arren esatekoa lehengo bera dela. «Idazteko modua ezinbestez aldatzen da neurri batean hizkuntza aldatzerakoan, literatur tradizioa, iruditeria eta hizkera beste batzuk baitira. Testuak lehen-lehenik jasotzen dituen irakurle komunitatea beste bat da, eta beste batzuk dira irakurle horiek espero dituzten gauzak. Baina, funtsean, esateko dituzunak berberak dira, batzuetan beste sintaxi bat edo beste tropo mota batzuk erabili behar badituzu ere».
Hain zuzen ere, estiloa galtzeko erabaki zuen Beckettek ingelesa utzi eta frantsesez hastea. «Frantsesez errazagoa delako estilorik gabe idaztea». Hori zen, behintzat, haren argudioa. «Gaizki doituta» egon nahi zuen, eta horregatik aldatu zuen hizkuntza 1970etik aurrera. Tresnarekiko halako deserosotasun bat sentitzeko. Hala sortu zuen En attendant Godot (Godoten esperoan) antzezlan ezaguna, adibidez, eta hala sortu zuen bere antzerki hizkera berezia. Hori uste du John Banville idazle irlandarrak, behintzat. Haren hitzetan, indar berezia ematen die ezker eskuaz aritze horrek Becketten testuei. «Hiztegi murritzagoarekin, ingelesaren alderdi jostari eta indartsuenez libre, eta neurri batean frantsesaren formaltasunak lehortuta, bere lanak gero eta nabarmenago agertzen du giza sufrimendua adierazteko hizkuntzak duen ezintasuna».
Hautaketaren baldintzak
Baina ez da soilik hizkuntza idazlea egiten duena, idazleak ere egiten du hizkuntza. Eta frankismo garaiko euskal idazleen kasuak argi uzten du hori. Izan ere, bikoitza izan zen haiek egindako jauzia. Euskara ikasteaz gainera, euskal literatura modernoa ere sortu behar izan zuten Gabriel Arestik eta Txillardegik, adibidez. Tresna propio egin behar izan zuten lehenik sortzaileok, eta doitu egin behar izan zuten gero. Euskara batua oraindik ere batze bidean zenean. Zergatik hartu halako lanak? Bilboko poetak bere buruari egiten zion galdera profeta bati galdera izeneko poeman: «Zergatik metitu ote naiz/ halako enplego txar batean?/ Zergatik sartu ote nituen/ sudurrak/ hain kirats txarreko/ zer-egin honetan? /Baina zergatik? /Ez nintzen ni ederki bizi/ Bilboko hirian,/ gaztelaniaz,/ hispanidadean?/ Baina ez./ Nire leinuaren ezagugarria da./ Ur lasterraren kontra iher egiten dugu». Baina hortxe metitu zen Aresti. Eta hortxe belaunaldi hartako beste kide batzuk ere, mingain kontra ez ezik haize kontra ere idaztera.
Izan ere, hizkuntza hautaketa ez da baldintzarik gabeko hautaketa izaten. Ez da soilik idazlearen hautua. Eta hain zuzen ere baldintza horiez mintzo da Joseba Sarrionandia Moroak gara behelaino artean? saiakera liburuan. Literatura txikiak eta munduko literatura deituriko atalean. Euskal literaturaren historiaz. Hizkuntza hautatu ezinaz, eta eskutitzak hiztegiarekin idatzi beharraz ere bai, neurri batean. «XVI. mendetik XX.erainoko euskal literaturaren arazoa ez da izan idazle gutxi izan dela, baizik eta idazleek bakarrik idatzi dutela. Euskaraz idazleek bakarrik idaztea izan da ezbeharra. [...] Euskaldunak, alfabetatzeko maila sozioekonomiko eta kulturalera heltzean, erdaraz idatzi eta leitzera pasatzen ziren. Eta kulturako beste hizkuntza aukeratzen duen herriarekin, familia gutunak ere berea ez den hizkuntzan idazten dituen jendearekin, ezin da literaturarik sortu. Literatura ez baitute idazleek bakarrik egiten. Irakurleek ere egiten dute literatura. Literatura idatzia ere herri literatura izan behar da». XX. mendetik aurrera hasi zen hori aldatzen. Euskararentzako baldintzak ere aldatzen joan zirelako. Izerdiz. Idazleak ez ezik, irakurleak ere euskara hautatzen hasi zirenean.
Bada ibilbidea euskaraz egin eta gaztelerara pasa denik ere, ordea. Jon Juaristiren kasua da argiena, ziur aski. Pott bandako kideak euskaraz idatzi zituen bere lehen liburuak, eta gaztelerara pasa zen gero. Eta Eduardo Gil Berak ere gazteleraz idatzi ditu bere azken lanak. Baina bada nagusiki euskaraz idatzi arren gaztelerazko libururen bat edo beste atera duen sortzailerik ere. Compro oro poema bilduma argitaratu du esaterako Harkaitz Canok, eta Ese idioma raro y poderoso saiakera liburua eta Si Sabino viviría eleberria Iban Zalduak. Incursiones en territorio enemigo artikulu bilduma Koldo Izagirrek. Eta badira gehiago ere. Euskaraz idatzi dituzte beren lanik gehienak, baina argitaratu dute erdaraz piezarik ere. Hori hautatu, eta hori egin. Arazorik ez, gehienetan. Baina 2008an eztabaida piztu zen, halere, halako hizkuntza aldaketaren inguruan. Halako aldaketa justifikatzeko erabilitako argudioen inguruan, zehatzago. Urte hartan kaleratu zuen bere lehen liburua Xabier Silveira bertsolariak: A las ocho en el Bule eleberria. Eta orduan Mariasun Landak Fiesta en la habitación de al lado memoria liburua. Biak euskal sortzaileen lanak. Biak gazteleraz.
Errealitatearen aurka
Euskaraz idatzi zituen ordura arteko liburu guztiak Landak, eta euskaraz kaleratu ditu geroztikoak ere. Liburu hura memoria liburua izanik, ordea, gazteleraz idaztea erabaki zuen. Hartan kontatutakoak nagusiki erdaraz bizi izan zituelako. Eta Silveirak ere antzera. Bere eleberriko errealitatea erdaraz ezagutu zuela eta horregatik idatzi zuela erdaraz. Hori hedabideei esan zietena. Eta argudiaketa horrek piztu zuen Koldo Izagirre idazlearen erantzuna. Ez hizkuntza hautaketak, argudiaketak baizik. Errealismoa aipatu izanak, nolabait ere. «Donostiako eta Parisko Bulebarretan, izan ere, bai eta ez egiten da; munduko leku guztietan egiten da euskaraz ez baina euskaraz bai euskal idazle bat hartaz idazten jartzen den orduko». Alegia, konta daitekeela Castejon edo konta daitekeela Durkheim euskaraz, eta era sinesgarrian, baita Castejon eta Durkheim errealitatean euskaldun ez izan arren. Hori dela idazletza. Eta hori lortu dutela, besteak beste, Jokin Muñoz eta Ramon Saizarbitoria idazleek beren lanekin.
Erantzun sorta piztu zuen Izagirreren testuak, eta asko izan ziren sarean beren iritzia eman zuten euskal sortzaileak. Landa eta Silveirak nahi zuten hizkuntza hautatzeko eskubidea zutela aipatu zuten batzuek, Izagirreren kezkarekin bat egin zuten besteek, eta mezuaren eta hizkuntzaren arteko bat egiteaz aritu ziren besteak. Batzuk eskuin, besteak ezker. Hizkuntza aldaketaren argi eta itzalez mintzo guztiak.
Afrikan ere izan da eztabaidarik hizkuntza hautaketaren gainean. Eta interesgarria da Ngugi wa Thiong'o idazlearen kasua. Ingelesez argitaratu zituen bere lehen liburuak Kenyako idazleak, Nigeriako Chinua Achebek eta Wole Soyinka Nobel saridunak egin bezala. Baina hasieran izan zen hori. Ama hizkuntza duen kikuyu hizkuntzan idatzi zituen 1967tik aurrerakoak. Fanonen marxismoaren jarraitzaile, garai hartako agintarien kritikari sutsu, kartzelan urte asko emandakoa da idazlea. Eta espetxean zela, komuneko paperean idatzi behar izan zuen horregatik Caitaani mutharaba-Ini eleberria (Deabrua gurutzean). Kiyuyuz idatzitako lehen nobela modernoa izan zen. Izan ere, hizkuntza hautatzea baino gehiago da hizkuntza hautatzea, Thiong'o-rentzat. Eta jauzi linguistiko bat baino gehiago da horregatik hark hizkuntza batetik bestera egindako jauzia.
Esanguratsua da 1981ean Londresen eskaini eta 1986an paperez kaleratu zuten hitzaldiaren izenburua: Decolonising The Mind: The Politics of Language in African Literature (Gogoa deskolonizatzen: hizkuntza politikak afrikar literaturan). Ordura arte afrikar literatura deiturikoa «literatura afro-europarra» zela azaltzen du Thiong'ok, eta hizkuntza da klabea. Idazlearen hitzetan, afrikar literatura deiturikoak afrikar kutsua izan arren ez zeuden bertako hizkuntzan idatzita, eta horregatik dio «literatura afro-europarra» direla. «Kikuyuz idaztea, Kenyako hizkuntza batez, afrikar hizkuntza batean idaztea, afrikar eta kenyar herrien inperialismoaren aurkako borroketan parte hartzea dela uste dut nik». Aintzane Ibartzabalek euskaratu ditu testuaren pasarte batzuk Bake zibila eta beste zazpi gerra liburuan (Susa).
Latinez aritzeko aholkua
Chinua Achebek ere bere aukera defendatzen zuen, ordea, eta musika aipatzen zuen argudio gisa. Afrikako idazle ezagunenetariko bat da nigeriarra. Ingelesez idatzi zituen eleberri guztiak, eta eutsi egin zion hautuari, baita eztabaida piztu ostean ere. Maisuki uztartu zituen ingelesez Afrikako ahozko literatura eta Mendebaldeko literatur tradizioa. Eta, haren ustez, hizkuntza horretan ere bazen kolonialismoaren logikan zirrikituak eragiterik. Eta musika ere aipatu zuen argudiotzat Paris Match aldizkariari eskainitako elkarrizketan. «Eleberriarentzako egokiagoa dirudi ingelesak. Bada arazo bat igbo hizkuntzarekin. Mende hasieran misio anglikanoen ondorioz jasotako oinordekotza larri batek jota dago. Dennis izeneko misiolari bat bidali zuten. Dennis artzapezpikua. Ikerlari bat zen. Haren ustez, dialekto mordoa zeuzkan igbo hizkuntzak; nolabait ere dialekto uniforme baten beharra zuen, idatziz erabili ahal izateko eta dialekto mordo hori saihesteko. Indartsuak ziren misiolariak, eta erabakitzen zutena egiten zuten. Lege bihurtu zen. Baina bertsio estandarrak ez du musikarik. Ez dago musika izan dezan egin dezakezun ezer. Astuna da. Egurrezkoa. Ez doa inora». Eta horregatik hautatu zuen ingelesa.
Hizkuntza aldatu izanak «plazera» ekarri dio batez ere Casado da Rochari. Baina, dioenez, berea ez da azaleko hedonismo soila. «Nire ingurua eta neure burua hobeto ezagutzen eta gizarte diglosiko batean ni neu kokatzen lagundu dit. Euskal literatura bizi-bizia da. Apenas dagoen distantziarik idazle eta irakurleen artean. Eta atsegin dut bizitza hori partekatzea, literatura txiki honen zati txiki bat izatea». Ez daki euskaraz aritzeak idazle hobe bilakatu ote duen, baina argi du lagungarri izan zaiola. Piztu egin dio hizkuntzarekiko arreta. Eta Henry David Thoureau idazlearen anekdota bat aipatzen du ilustrazio gisa: «Thoreauk latinez idazteko gomendioa egin zion bere lagun poeta bati , horrek 'zerbait esatera' eta 'gramatikari erreparatzera' behartuko zuelakoan». Eta euskara izan da, kasu honetan, Casado da Rocharen latina.
Traba, pizgarri
Traba pizgarri izan zaio, gainera. Hizkuntzarekiko deserosotasuna da haren liburuaren motor nagusietariko bat. Casado da Rochak onartzen du: lagungarri egin zaio Cioranek aipatzen zuen hiztegi hura, maitasun kartak idazteko. «Nire ustez, poesiari ondo datorkio hizkuntzarekiko distantzia bat hartzea ere, hizkuntzari 'kanpotik' begiratu ahal izateko, objektu estetiko bat bihurturik. Orduan hobeto antzematen dut hitzaren musika, hitzaren fisikotasuna. Distantzia hori lortzeko ez da beharrezkoa hizkuntza aldatzea, noski, baina laguntzen du».
Mingain kontra idaztea
Hitzak dira idazle baten lan tresna nagusia, idazle baten lanaren funtsa; horregatik, handia da hizkuntza batetik bestera pasatzen diren idazleek egiten duten jauzia. Euskal Herrian ere badira halako kasuak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu