«Zenbait gertaeraren aurrean isilik geratzen gara, ez zaigulako hitzik ateratzen esan nahi genukeena esateko». Amaren heriotzaren harira hasi zen Felipe Juaristi bere lan berriko lehen lerroak idazten, eta, berriz ere, poesian aurkitu zituen mina adierazteko eta hari buruz gogoeta egiteko behar zituen hitzak. Baita babesleku bat ere. 61 poema bildu ditu Harrizko gaitz hau liburuan, eta Balea Zuriarekin plazaratu du lana —bost urte bete berri ditu argitaletxe horrek—.
Amaren heriotzak, «hunkitzeaz gainera, gogoetaren gurpilari bultzada» eman ziola azaldu du idazleak, eta bere bizitzari errepasoa egiten hasi zela. «Iragana aztertzen hasi nintzen, ordura arte ez bezala». Eta jabetu zen amaren irudia beretzat «mundutik gordetzeko txuloa» zela. «Zenbat aldiz ez ote dudan pentsatu txiki-txikia egiten nintzela, eta amaren eskuan kabitzen, babes hartuta». Orain, mundua sarritan «arrotz» zaionean, bere burua «gorde eta ezkutatzeko esku-txuloa» nahiko lukeela aitortu du. Eta poesian topatu du ezkutaleku hori. «Poesia, liburu hau eta bertan bildutako poema multzo hau nire txokoa da, nire etxea, nire gordelekua; bera da, ez izutzeko keinu eginez, lasaitzen nauen eskua, neure baitara erakartzen nauen laguna».
Isiltasuna da lanaren ardatzetako bat, Juaristik adierazi duenez. «Isilik geratu nintzen, eta isiltasun horri forma berriak ematen saiatu naiz, eskultore batek burdina, zura edo marmola lantzen dituen bezala». Langintza horretan, aditz eta adjektibo gehienak kenduz joan zen, eta «biluztasuna, poemak bere biluzian» geratu zitzaizkion; «isiltasuna adierazi nahian». Izan ere, kontzeptu horri garrantzi berezia eman dio egileak bere obraren nondik norakoak azaltzerakoan. «Isiltasuna zer den ikasten dugunean hasten gara benetan bizitzari nolabaiteko arrastoa hartzen».
Poema bildumaren beste ardatzetako bat gelditasuna da, zeina isiltasunaren «bigarren izaera» den, idazlearen iritzian. «Pausoa ezin eman, hitzik ezin esan, biak antzeko ekintzak dira; gelditasuna gorputz atalen isiltasuna da». Eta bi kontzeptu horiekin azaldu du lanaren izenburua ere, haren hitzetan, «biak batera» doazelako, eta bai isiltasunak bai gelditasunak «harrizko» bihur dezakeelako norbera.
Ideia horiei tiraka, hitz gutxiko poemategi bat ondu du, eta hasieran idatzi zituen 120 poemetatik erdiak baino ez ditu jaso azkenean, bi ataletan banatuta: Biluzik da lehenengoa, eta Itzalezko izate hau du izena bigarrenak.
Minaren aldarria, orainean
Bildumak mina ardatz izan arren, Juaristik zehaztu du ez dela «liburu tristea edo pesimista», baizik eta «momentu bat adierazi nahia» islatzen duela. «Badakit minak bere prozesuak dituela, eta gaitz batek bere denbora behar duela sendatzeko. Liburu honekin ate bat ireki dut nik, eta orain kanpora noa berriro. Zer aurkituko, hori beste kontu bat da».
Soilik izenburuari erreparatuz gero, liburua «zerbait iluna, edo garai ilunetako kronika bat» dela pentsa litekeela adierazi du Juan Ramon Makuso idazle eta Balea Zuria argitaletxeko kideak. «Baina ez da horrela», ohartarazi du segituan. «Hasiera-hasieratik, lehen orrialdetik, ohar moduko bat duela esango nuke, eta ohar horretan gordeta bizipozaren aldarri bat dagoela. Badago gizaki baten ibilbide bat ere, existentzialismo bat; existentzialismoak bere uhinak izan zituen, eta poetak bereak azaltzen ditu».
Makusoren ustez, «mina erreibindikatzea» da liburuaren beste ezaugarri nagusietako bat, lerroz lerro minaren itzala hor dagoelakoan. «Paradoxa bat izan liteke, baina da zentzu presente batean dagoelako, presentziala delako».
Haren ustez, «bizi testamentu bat» ere bada liburua, zeinetan poesia «bere indar guztiarekin» agertzen den, artifiziorik batere gabe. Halaber, Juaristiren «lirika eder eta bertutetsua» goraipatu du, horren erakusgarri iruditzen zaion poemetako bat ekarrita: «Hainbeste joanez denbora espaziora,/ harri bilakatzen./ Hainbeste joanez espazioa denborara,/ aire bihurtzen».
Minaz idazteko babesleku bat
Felipe Juaristik 'Harrizko gaitz hau' poema bilduma eman du, Balea Zuria argitaletxearekin. Isiltasunak eta gelditasunak zeharkatzen dute lana, baina bada bizipozaren aldarririk ere
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu