Musikaria

Miren Iza 'Tulsa': «Minari buruzko pop disko bat egitea izan da nire erronka»

Madrilen bizi da aspalditik Miren Iza, Tulsa musika proiektuaren atzean dagoen euskal musikaria. Gure Ahotsak zikloaren barruan ariko da gaur, Donostian.

Miren Iza 'Tulsa', promozioko argazki batean. DONOSTIA KULTURA
Miren Iza 'Tulsa', promozioko argazki batean. DONOSTIA KULTURA
mikel lizarralde
2025eko martxoaren 9a
04:40
Entzun 00:00:0000:00:00

Minari, eta zehazki, zaintza lanak eragindako oinazeari begiratu dio Miren Iza Tulsa-k (Hondarribia, Gipuzkoa, 1979) Amadora (2023) bere zazpigarren eta azken diskoan. Musikari ez ezik, psikiatra ere bada Iza, eta bere kontsultara iristen diren emakume asko patroi berarekin iristen direla ikusi izan du: «Bizitzaren une batean agertzen den min batekin etortzen dira, eta guztiek konpartitzen dute antzeko iragan bat, inguruan izan dituztenak zaintzen eman baitute bizitza. Kasu guztietan, gorputzak hitza hartzen zuela ematen du, ez baitago mina zaintza lanak eragin dueneko diskurtso artikulatu bat».

Min hori «soziala» dela uste du Izak, belaunaldiz belaunaldi emakumeek oinordetzan jasotako «agindu ikusezin batekin» lotutakoa. «Agindu horrek zerikusia du santu edo ama sakrifikatua izatearekin. Baina, batzuetan, eta zergatik jakin gabe, hori dena erori egiten da, eta mina agertu». 

Amadora-koak ez ezik, bere aurreko diskoetako kantuak ere aurkeztuko ditu Tulsak, gaur, Donostiako Antzoki Zaharrean eta Gure Ahotsak zikloaren barruan emango duen kontzertuan (19:00).

Pertsonaia bat eraiki duzu, bidaia bat egiten duena lehen kantutik azkenera.

Bineta abestien bitartez kontatzen dut emakume honek zer harreman duen bere amarekin, bere gorputzarekin eta minarekin, bikotekide posible batekin, laguntasunarekin... baina baita suizidioarekin ere; azken batean ezinezkoa zitzaidan suizidioari izkin egitea, horrek berekin ekarriko bailuke tabua betikotzea... Horrekin guztiarekin, nola egin pop disko bat? [Barrez] Gai horiekin atera baitaiteke jasanezina izango den zerbait! Eta hori izan da erronka, minari buruzko pop disko bat egitea.

Zer da zuretzat halako lan kontzeptual bat egitea, hamar kantutan lantzeko gai bat izatea?

Niri hori oso erakargarria egin zait; oxala beti izango banu kantu guztiak azpian jartzeko moduko halako aterki kohesionatu bat. Nik hau kontatzeko beharra sentitzen nuen; uste dut kontatua egon behar duela, eta ni horren zerbitzura jarri naiz. Diskoa ez da niri buruzkoa, nahiz eta, jakina, diskoak baduen nigandik ere. 45 urte ditut, eta nik ere bizi izan ditut min batzuk. Baina disko hau oso azkar egin nuen; aurrekoak zatikatuagoak ziren, eta halakoetan ez duzu askotan ideia argi bat. Ilunpetan mugitzen zara.

Amadora-n kantu batek bestera eramaten zaitu.

Bai, hori da. Nik garbi nuen hitz egin nahi nuela suizidioaz, terapiaz, lagunaz... beraz, nolabaiteko binetak eta ibilbide bat nituen buruan. Uste dut orain dela urte batzuk ezingo nuela disko hau egin. Ni neu iluntasunetik gertu egon izan banintz, arriskua zegoen diskoa ere eremu oso laiotz batera eramatekoa, eta ez nuen hori nahi. Min honen berri eman nahi bainuen narrazio baten bitartez, baina etorkizunerako irtenbide baten aukerarekin. 024 abestiak, adibidez, suizidioari buruz hitz egiten du, baina uste dut diskoko mugarria dela, hor ikusten duelako Amadorak, pertsonaiak, baduela zer sentitu, zer bizi, zer eraiki.

«Ni neu iluntasunetik gertu egon izan banintz, arriskua zegoen diskoa ere eremu oso laiotz batera eramatekoa, eta ez nuen hori nahi»

Disko osoa lehen pertsonan dago kantatua, baina esan duzu emakume askoren ahotsa bildu duzula boz horretan.

Bai, hori ez zen izan oso modu kontzientean hartutako erabakia. Baina uste dut polita dela zeure baitan onartzea gauzak, eta hirugarren pertsonan ezkutatu gabe kantatzea. Hitzetan dena nirea ez bada ere, nigandik ere bada haietan, eta uste dut polita dela gorputza jartzea, nire ahotsa jartzea eta istorio hori nire egitea.

Amadora oholtzara ere eraman duzu, Maria Velascorekin elkarlanean. Nola sortu zen aukera hori?

Bitxia da, baina ni diskoaren ideiari bueltaka hasi nintzaionean, beldurrez nintzen diskoaren formatua bera ez ote zen txiki geldituko hau dena kontatzeko; ez ote ziren kontu batzuk esan gabe geldituko. Eta erakargarria egiten zitzaidan beste norbaitek Amadora-ren ideia hartu eta berak bere kasa garatzea. Zinema munduan lagunak ditut, eta hasieran film bat egitea izan nuen buruan, baina gero iruditu zitzaidan egingarriagoa izan zitekeela oholtza gainerako lan bat. Maria Velasco ez nuen pertsonalki ezagutzen, baina irakurriak nituen haren liburuak, eta iruditzen zitzaidan bazegoela zerbait gu biok lotzen gintuena, oso ondo identifikatzen ez nuen arren. Urruneko ahizpa gisa ikusten nuen. Mariak ez du iluntasunean dagoen horretan arakatzeko beldurrik. Harekin mezuak trukatzen hasi, eta hortik sortu ziren kantu batzuk ere.

Nolakoa izan da esperientzia?

Jende asko gara oholtzan, eta ez da mugitzeko erraza, baina niretzat izugarri ederra izan da. Askotan ideia asko ditut, baina gero eroriz joaten zaizkit; baina kasu honetan ikusi dut jende asko batu zaidala proiektura, eta hori ez da beti gertatzen. Oso polita izan da. Obra udazkenean Madrilen estreinatu genuenean, niretzat izugarria izan zen, ez bainuen sinetsi ere egiten lortuko genuenik.

Emakume baten bidaia, emakume batek kontatua eta kantatua. Sentitzen duzu emakumeen istorioak ez direla kontatu nahikoa?

Gizakiaren gai handiak ez dira asko, eta hor grazia dauka nola kontatzen diren gai horiek. Gizaki bakoitzak ahots bat eta istorio bat dauka, eta istorio horietako asko, ez denak, kontatu izan dira. Baina zer gertatzen da emakumeekin? Haien istorio asko eta asko etxeko eremuan gelditu dira, eta ez dira zabaldu. Beraz, emakume guztioi dagozkigun gaiak kontatu beharko genituzke, eta, gero, emakume bakoitzak bereak kontatu beharko lituzke.

«Emakume guztioi dagozkigun gaiak kontatu beharko genituzke, eta, gero, emakume bakoitzak bereak kontatu beharko lituzke»

Musikalki, diskoak estilo ugari ukitzen ditu, batera edo bestera gehiegi lerratu gabe. Baina ematen du aurreiritziak albo batera uzteko ahalegin bat ere badagoela.

Beti dauzkazu aurreiritziak, baina saiatzen naiz haiek saihesten. Batzuetan, grabatzen ari zarenean, zeure buruari esaten diozu, «honek ez dakit zer ekartzen dit gogora!», eta zeure burua zentsuratzen duzu! [Barrez] Baina, beste alde batetik, saiatzen naiz gutxienez beste jende baten aurreiritziei kasurik ez egiten.

Santamartir kantuak krautrock oinarri bat du. Baina arreta ematen du pieza horren introan Santa Agedaren kantuaren melodia erabili izanak.

Hori nire haurtzaroari lotzen zaio erabat. Asko gustatzen zitzaidan Santa Ageda bezperako erritu hori, eta, gainera, erabat lotzen da Amadora-rekin: Santa Agedaren martirioa, bularren moztea, lurra jotzea makilarekin eta nolabait zimenduak astintzea... Hori asko gustatzen zitzaidan. Eta Santa Agedaren kantuaren eta krautrockaren arteko nahasketa nik neuk ere ez nuen ikusi etortzen! [Barrez] Baina hasten zara jolasten, eta bat-batean, dena oso argi ikusten duzu.

Esan izan duzu diskoei zure ibilbideko azkenak izango balira bezala heltzen diezula, guztia jartzen duzula haietan. Dena eman ez duzula ez sentitzeko modu bat da hori?

Niretzat erlaxatzeko eremu bat da musika, inoiz galdu nahiko ez nukeen esparru bat. Eta ez da aurrez hartutako erabaki bat, baina musika egiten hasten naizenean, dena ematen dut, ez dakidalako beste modu batean egiten. Disko bat bukatzen dudanean, beti pentsatzen dut beste norbaitek egin duela! Ni ez naizela gai hori egiteko! Harrituta gelditzen naiz benetan. Beti daukazu amildegi handi bat oin azpian, ez baitakizu gai izango zaren berriro ere kantuak sortzeko. Musikaren eta literaturaren historia une batean sortzeari uzten dion jendez beteta dago. Eta hori bera, zilegi izateaz gain, oso polita ere bada. Horrek beldurra ematen du, baina, aldi berean, ideia hori ondoan izan behar duzu beti, pentsatu beharra baitaukazu ez dela derrigorrezkoa sortzea. Nik neuk behar batengatik sortzen dut, eta behar bat dudanean egiten dut. Orain, Amadora atera zenetik urte eta erdi igaro den honetan, ari naiz behar hori sentitzen.

«Musikaren eta literaturaren historia une batean sortzeari uzten dion jendez beteta dago. Eta hori bera, zilegi izateaz gain, oso polita ere bada»

Udazkenean Espainiako Gaur Egungo Musiken Sari Nazionala jaso zenuen. Zer izan zen hori zuretzat?

Dirua eman didate, eta oso ondo etorri zait! [Barrez]. Horrek lasaitasuna eman dit, aukera ematen baitit gauza batzuk aurrera eramateko. Diskoa atera genuenean, diru kontuengatik ezin izan genuen biniloan atera, eta orain aterako dugu, adibidez. Eta, bestalde, halako sariak ondo datoz bulegoarentzat, bultzada bat baitira kontratazioetarako. Niretzat, pertsonalki, badu beste zentzu bat ere. Lehenengo disko bat egitea erraza da; zazpigarrena, berriz, oso zaila, adierazten baitu iraun duzula! Zazpigarren diskoa egiteko ideiarekin hasten zarenean, zeure buruari galdetzen diozu ea badagoen norbait beste aldean, ea norbait disko horren esperoan dagoen.

Zazpi disko grabatu dituzu. Zer eragiten dizu horrek?

Harrigarria egiten zait, eta gustatzen zait hori, bizitzak ni harritzea. Musika beti izan da jolasaren eremua niretzat, eta garai batean pentsatzen nuen urte batzuetako kontua izango zela, zer dakit nik, ezkonduko nintzela eta ez nuela kantuak egiteko beharra izango. Baina, orain, 45 urterekin, uste dut musikarekin inoiz baino gehiago hunkitzen naizela. Konturatzen naiz nire barnean, oso sakonean dudan zerbaitekin konektatzen duela musikak. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.