Soinu gogorrak lantzera ohituta dago Iker Martinez; ez alferrik, Latzen, Amonal eta Potemkin taldeetan gitarra jo izan du urte luzez. Baina beti gorde izan du bere barrenean beste musika arima bat, americana deritzon genero zabal horri lotuagoa, eta orain arte azaleratu gabekoa. Orain arte esan beharko, ordea, gitarrista oñatiarra pop, rock eta country ahairez osatutako diskoarekin estreinatu baita bakarkako bidean. Itzalen mundua izenburua jarri dio, eta gaur bertan —20:00etan hasita— Donostiako Convent Gardenen aurkeztuko du, Jabi Zola lagun duela.
«Lur komun bat» bilatzearen ondorio izaten dira askotan musika taldeak, eta, horren ondorioz, bere zaletasun batzuk ezin izan ditu erakutsi orain arte Martinezek. Baina egon, hor zeuden: «Beti gustatu izan zait musika amerikarra: Neil Young, Tom Petty, The Black Crowes... beti entzun izan dut rock klasiko mota hori». Lenao taldean jotzen du egun Martinezek, eta, hor rock gogorraz bestelako doinuak jotzeko aukera izan duen arren, bazituen proiektu horretan lekurik ez zuten kantuak ere. «Nik idatzitako kantu batzuek ez zuten lekurik Lenaon, eta, gainera, azkenaldian kantatzeko gogoa ere sartu zait... Horri guztiari batzen bazaio iaz haustura pertsonaleko une bat izan nuela... horren guztiaren ondorioa da bakarka hastearena».
Melodiari garrantzi handia ematen dioten sei kantu bildu ditu Martinezek bere izenpean grabatutako lehenengo diskoan. Popari lotzen zaizkionak, baina tempo lasaiko rocka eta country-rock ukituak ere badituztenak. Baditu kantu gehiago idatziak, baina «errespetua» ematen zion disko luze batekin estreinatzea: «Ez nituen eskemak errepikatu nahi, eta susmoa daukat pertsona bakarrak idatzitako lanetan arrisku hori dagoela. Hamar-hamabi kantu biltzea, euren artean ezberdinak izatea eta diskoaren interesa mantentzea ez da erraza». Horregatik, «euren artean batasuna izanda ere», bide ezberdinetara doazen piezak bildu ditu diskoan: «Igual kontserbadore jokatu dut, baina nahiago nuen sei kantu sendo grabatu, eta ez gehiago. Baina saiatu naiz instrumentazioarekin jokatzen eta kantuen ordena ere antolatzen, entzulea batetik bestera eramateko».
Bakarkako proiektua du Martinezek orain diskora eraman duena, baina grabazioan, berriz, ondo lagunduta ageri da. Bereak dira ahotsa, gitarra, aho soinua eta pedal steel-a, baina kolaboratzaile ugari ere izan ditu: Antton Telleria (bateria eta perkusioa), Ander Etxaniz (baxua), Arantzazu Saiz (pianoa), Iraia Aizpuru (biolina), Iñigo Ugarte (gitarra), Iñigo Ibarrondo (ahotsa), Iñigo Arrazola (ahotsa) eta Lide Hernando (ahotsa). «Marko nagusia aurkeztu diet, baina, gero, bakoitzak bere moldaketak egin ditu. Kantuak ere grabatu ahala joan dira osatuz, eta alde horretatik oso pozik nago, musikariek ekarpen handia egin dutelako». Marko hori eraikitzeko orduan, disko eta sonoritate batzuk zituen buruan Martinezek, diskoa osatzeko garaian ezinbesteko erreferentziak izan direnak. Izen bat aipatu du musikariak besteen gainetik: Ryan Adams: «Eta zehazki 2005. eta 2007. urteen artean The Cardinals taldearekin jotzen zuena. Garai hartan gitarra akustikoa, bateria, baxua, pianoa eta pedal steel-a erabiltzen zituen, eta hartaz erabat maiteminduta nago». Ia-ia «obsesionatuta» ere ibili da talde hark sortu zuen soinuarekin, aitortu duenez. The Jayhawks taldea ere aipatu du Martinezek, baina Adamsengana itzuli da berehala. «Batez ere pianoen tratamenduan izan dut hura buruan».
Hitzei dagokienez, berriz, «haustura sentimental» batek eragindakoak dira neurri batean.«Mina, itxaropena, gogoeta, maitasuna, aurrera egin beharra... leku ezberdinetatik begiratuta ere, horiek dira kantuen gai nagusiak». Alde horretatik, oso disko pertsonala dela aitortu du: «Galdetu izan didate nola ausartu naizen hain gauza pertsonalak kontatzera! Baina, alde horretatik, ez neukan ardurarik».
Diskoa lantalde zabalarekin grabatu duen arren, zuzenean bakarrik ariko da. Gitarra, ahotsa eta aho soinua lagun dituela.
Minari buelta emateko melodiak
Iker Martinezek popa, country-rock ukituak eta rock leuna bildu ditu 'Itzalen mundua' diskoan, bakarka grabatu duen lehenengoan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu