Martxel Mariskal. Musikaria eta idazlea

«Minaren esperientziak laguntzen dizu barrena era askotan lantzen»

Beti Mugan taldeko baxu jotzailea. Lisabo taldeko kantu askoren hitzen egilea. Gaixotasun neurologiko batek zizelkaturiko sortzailea. Musika aurrera egiteko tresna ezinbesteko denean...

gorka erostarbe leunda
Hondarribia
2012ko otsailaren 16a
00:00
Entzun
Ez zuen egun txarra herenegungoa, ez hain txarra, bederen. Ahotan hainbeste darabilen oinazeak ez zion hainbeste eraso. Duela zortzi urte gripe uste zuena hiperestesia bilakatu zen. Gehiegizko sentiberatasunaren ondorioz, zaratarik txikiena ere mingarri zitzaion. Bizitza aldatu zitzaion Martxel Mariskal musikari eta idazleari (Hondarribia, 1964). Beti Mugan taldeko baxu jotzaile zenak Lisabo Irungo taldearekin lankidetza oparoa izan du geroztik. Nekez irudika litezke Mariskalen hitz gordin erraietatik erauziak Lisaboren soinu mantraren eta Karlos Osinagaren eta Jabi Manterolaren kantatzeko modu biszeralarena baino babes egokiagoarekin. Gaur ezingo da egon Lisabok Animalia lotsatuen putzua diskoa —Mariskalenak dira hitz guztiak— aurkezteko Donostiako Gazteszenan (21:00) eskainiko duen kontzertuan, baina itxaropena du, azkar baino lehen, oholtzara berriro igotzeko aukera izango duela.

Zergatik ezkontzen dira hain ondo Lisaboren musika eta zure hitzak?

Batetik, irekitzen da abstrakzio espazio bat, hodei handi bat bezala, eskaintzen duena zabaltasun bat. Ez dira parametro itxiak. Hor elkartzen da esperimentatze nahia, ibilbide bat... Mundu txiki bat sortzen da, non espresa litekeen askatasunez, baina lan asko eginda. Eta gero badago kutsu katartiko bat.

Zer-nola ikusten duzu Animalia lotsatuen putzua diskoa izaten ari den oihartzun mediatikoa?

Tira, batetik, poztekoa da. Ez da kasualitatea, eta taldekideak kontent dira. Euskal Herrian eta euskaraz egindako lana da, eta Espainian balioetsia izan da. Norbaitek hartu du ardura hitzek zer dioten ikusteko ere. Bestetik, Lisabok berdin-berdin jarraituko du lanean. Ikuskizun bat da lanean jartzen direnean nola aritzen diren. Nahi dutena lortu arte ez dute etsitzen.

Hirugarren pertsonan hitz egiten duzu beraietaz, eta beraiek etengabe diote taldekide zarela zu ere.

Egia da. Nire musika taldea Beti Mugan da. Niretzat ohorea da beraiek esatea Lisaboko kide naizela. Nik nahiko nuke entseguetan egon beraiekin eta musikalki gehiago eman. Baina ezin dut. Niretzat gehiegizkoa da nik esatea Lisaboko kide naizela, nahiz eta jakin gure artean nola moldatzen garen. Baina ostegunean [gaur] ez naiz beraiekin Gazteszenako oholtzan egongo. Nahiko nuke... Urtean zehar akaso...

Zaratarik txikiena oztopo ez ezik mingarri zitzaizun garai batean. Nola eragiten du horrek zure sorkuntza prozesuan, musikarekin loturiko hitzen sorkuntzan?

Eta halako musika gainera... Esfortzu bat da, egia esan, ezin baitut edozein egunetan musika entzun. Eta entzuten dudanean ere lasaia izaten da, klasikoa, jazza, soinu bandak... Bitxia da, lan egiteko beste modu bat da. Ezin dudanean ezin dut, eta onartua dut. Ahal dudanean jartzen naiz, eta ahal dudan arte egiten dut. Eta ari ez naizenean, hau da etzanda atseden hartzen ari banaiz, jarraitzen dut mentalki lanean. Erabat oinazearekin banago ez, deskonektatu beharra daukat, baina etzanda baldin banago, neure burua sorkuntza prozesuan dago. Ariketa mental bat da. Gero lanean jartzen naizenean ez naiz hutsetik abiatzen. Bisualizazioaren bidez lan egiten dut, eta denbora probesten dut hala. Lan egiteko beste era bat da.

Mina eta sorkuntza elikagarri direla esan izan du batek baino gehiagok. Sorkuntzaren ikuspegi traumatiko horrekin bat egiten duzu?

Bai. Aldez aurretik esan behar da sorkuntza badagoela egoera arrunt batean, egoera euforiko batean, poztasun egoera batean... Gaixotasun luze bat egoera muturreko bat da. Bizitzak jartzen zaitu halako posizio batean, zeinetan ez zaren agente aktiboa, baizik leihotik begira dagoen ikuslea. Behartuta, zuk aukeratu gabe. Ikasi behar duzu minarekin bizitzen, indarrak atera behar dituzu, eta ikasi behar duzu dena ez dela beltza eta iluna, eta gauzak egin daitezkeela... eta horren alde egin. Minaren esperientziak laguntzen dizu zure barrena era askotan lantzen; zure indarrak eta ingurunearekin dituzun harremanak kudeatzen, sormen lanari ahal diozuna ematen. Nik garbiago ikusten dut orain nora jo behar dudan, eta ez dut denbora galtzen bestelakoetan. Igual da ekonomia artistikoa edo halako zerbait.

Oinazearen intimitatea kantuan, hain zuzen ere, plazaratu egiten duzu min hori. Musikak balio du oinazea kanporatzeko?

Dudarik gabe. Niretzat musika oso instrumentu katarkikoa eta oso komunikabide indartsua da. Musika erreminta aproposa da hori guztia kaleratzeko. Gainera, beti eduki dut komunitatearen zentzu hori.

Intimitatetik komunitatera iristen zara.

Bai, nik uste dut esperientziak partekatu egin behar direla. Ordu asko pasa ditut eta pasatzen ditut bakarrik, behartuta, eta musikak intimitate hori partekatzeko aukera ematen du. Nik uste dut denok dugula gure oinazea, gure mina edo drama. Denok ditugu gure pozak eta gure minak, eta musikarekin horiek espresatzen ditugu gehienetan.

Bakardadearen gordintasuna agertzen duzu hitzetan, baina beti dago argi izpiren bat, leun izanagatik...

Niretzat oso garrantzitsua da hori. Askotan biktimismora errazegi jotzen dugu. Asko kexatzen gara. Munduko beste bazter batzuetako errealitate gogorrak ikusi eta kexatu egiten gara, hala ere. Ez ditugu gorde behar gure beldurrak eta gure ezinak, azken finean ona delako partekatzea, onuragarria delako esaten duenarentzat eta jasotzen dutenentzat, benetan esandakoak badira.

Zertan da gaur egun gaitza?

Gaixotasun neurologikoetan okerrena da neurologoek ere ezin dizutela esan noiz osatuko zaren. Pazientzia handia behar da, eta urratsez urrats joan. Kontent egon behar dut egindako ibilbidearekin. Une batean pentsatu genuelako zerbait degeneratiboa izan zitekeela. Uneoro dut molestia, baina hori gauza bat da, eta bestea da oinazea. Gaur egun minaren intentsitatea ez da garai batekoa, eta horrek ematen dit tartea, arnasaldia, gauzatxoak egiteko ahal den neurrian.

Eta bitartean proiektuak eta ilusioak badituzu. Noizbait oholtzara igotzekoa aipatu duzu lehen.

Bai, bai, eta ez soilik Lisaborekin, baita Beti Mugan-ekin ere. Gaixotu aurretik utzi nituen gauza batzuk eginak, bai musika eta baita hitzak ere, eta, orain, hortik abiatuta nahiko serio ari dira entseatzen gainerako taldekideak, eta asmoa badago lehenago edo beranduago disko bat egiteko.

Beti Mugan itzuliko dela, alegia?

Bai, bai, baietz esan liteke. Ni oso kontent nago materialarekin. Orain momentu polit batean gaude. Gaixotu aurretik utzi nituen kantu eta hitz zenbait idatzirik, eta hori dute orain oinarri diskoa lantzeko. Beraz, ikusi nahi dut neure burua bai Lisaborekin, nahiz eta hiru gauzatxo izan, eta baita Beti Mugan-ekin ere, baxua hartuta berriz, eta baxua ez bada, kantu batzuk abesten. Niretzat oso garrantzitsua da gauza txiki horietara atxikitzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.