Donostiako 60. Zinemaldia

Minak eraldatutako emakumeak

Bertha Gaztelumendiren 'Mariposas en el hierro' filmak biolentzia jasan duten emakumeen testigantzak biltzen ditu

Donostia
2012ko irailaren 23a
00:00
Entzun
Biolentziak askotariko formak har ditzake, eta horietako batzuk biltzen saiatu da Bertha Gaztelumendi (Irun, 1962) Mariposas en el hierro dokumentalean, emakumeen ikuspuntua ardatz hartuta. Besteren artean, ETAren eta GALen biktimek, biolentzia instituzionala, matxista, ekonomikoa edota arrazakeriazkoa jasan dutenek hartzen dute hitza, bakearen aldarria egiteko. Hain zuzen ere, etengabe azpimarratzen den ideia zera da: ezinbestekoa dela emakumeek gatazken konponbidean parte hartzea, haiek gabe zail izango dela inoiz bake iraunkor batean bizitzea. Horregatik ageri dira testigantza jakin batzuk, zeharo mundu desberdinetakoak, are, batzuetan kasik aurkakoetakoak izanagatik ere, badelako denak batzen dituen ezaugarri bat: jarrera.

Tamara Muruetagoiena, Asun Casasola, Izaskun Moyua, Rosa Rodero, Amparo Pimiento eta Edurne Brouard dira dokumentalean agertzen direnetako batzuk. «Aukeratu ditudan emakume guztiek sufritu dute», dio Gaztelumendik, «baina nik ez dut sufrimenduaz hitz egin nahi, sufrimenduaren aitzakian baizik». Haren irudiko, emakumeok minduak izan ziren aurrena, baina eraldatzea lortu zuten, aurrerapauso garrantzitsu bat eman eta energia positiboz nozitu zuten biolentziaren aurka egiteko. Eraldaketa horretan jarri nahi izan du azpimarra, eta hortik lanaren izenburua ere. «Tximeletak dira munduan animalia bakarrak beren DNA aldatzeko gai direnak. Emakume horiek ere aldaketa sakona egin behar izan dute aurrera segitzeko, oso eskuzabalak eta indartsuak dira». Gisa berean, idazpuruan ageri den burdinaren kontzeptuak oinazea irudikatu nahi luke, sufrimendua, infernua, tximeleta bihurtu diren horiek ezagutu behar izan dutena.

Gaztelumendik Berdintasun Politiken Nazioarteko Berrikuntza Zentroaren (CIINPI) enkarguz osatu du lana, eta bakearen inguruko gogoeta piztea izan du helburu: «Bakea ez da soilik armak isiltzea, baizik eta gure gizartean estrukturalki dauden indarkerien kontra jotzea eta horiek gainditzea». Nabarmendu du giza eskubideen kontra doan guztia dela indarkeria, eta oraindik badirela konpontzeke dauden auziak. «Tituluak irakurtzen ditugu, 16 emakume hil dituzte, hainbeste lagun langabezian gelditu dira. Horiek ez dira pozik bizi, ez daukate gizarte proiektu bat, ez dira zoriontsu. Hori ez da ongizatea».

Egiak, pertsonak adina

Testigantza hutsetatik harago, dokumentalak jasotzen ditu adituen iritziak ere. Tartean, Marcela Lagarde antropologo feministak dio egia bat bakarrik ez dagoela, eta Gaztelumendik bere egiten ditu haren hitzak. «Bestea ulertu behar dugu, ulertzen duguna baino askoz gehiago. Aurrera egiteko, gure pentsaera aldatu behar dugu, eta giza eskubideen perspektiban jarri».

Horren haritik, mezu jakin bat helarazi beharrean, askotariko mezuen pilaketa bat izan nahi du lanak, egia askotarikoen topalekua, emakumeen ahotsak adituko diren plaza. «Iritziak mahai gainean jartzeko deia da. Seguru nago noizbait akordioren batetara ailegatuko garela, baina, lehenik eta behin, elkarrekin banatu ditzagun iritzi horiek guztiak», dio Gaztelumendik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.